Euskal Herrian segurtasun pertzepzioa "sendoa" dela ondorioztatu du Telesforo Monzon Laborategiak eta EHUko Parte Hartuz Ikerketa taldeak egiten duten Naziometroa inkestak. Herritarren gehiengoaren ustez, segurtasuna eta ongizatea arriskuan jartzen duten faktoreen artean zerbitzu-publikoen kalitatearen galera dago.
Euskal Herriko biztanleriaren gehiengoak (%80 inguru) uste du bera bizi den ingurune hurbila, herria eta Euskal Herria "seguruak" direla. Hori da Telesforo Monzon Laborategiak eta EHUko Parte Hartuz ikerketa taldeak egin ohi duten Naziometroa: Euskal Burujabetzaren Barometroa-ren zortzigarren neurketaren izenburu nagusietako bat.
"Segurtasun pertzepzioa sendoa da, baina arrisku sozioekonomikoek kezka handiagoa sortzen dute", ondorioztatu dute neurketa horretan. Segurtasun-pertzepzioa, poliziarekiko konfiantza, kontrol eta gardentasun mekanismoak zein euskal estatuaren inguruko iritziak izan ditu aztergai, eta astelehenean aurkezatu dituzte emaitzak.
Zerbitzu publikoetarako sarbide-falta (%78,4) eta erretiro-pentsioekin etorkizunean dagoen ziurgabetasuna (%74,2) dira kezka gehien sortzen dutenak
Horren arabera, herritarren ustez euren segurtasuna eta ongizatea zalantzan edo arriskuan jartzen dituzten faktoreak sozioekonomikoak dira batez ere: zerbitzu publikoetarako sarbide-falta (%78,4) eta erretiro-pentsioekin etorkizunean dagoen ziurgabetasuna (%74,2) dira kezka gehien sortzen dutenak.
Herritarrek Poliziarekiko duten iritziari dagokionez, aldiz, polizia-kidegoek konfiantza "moderatua" jasotzen dute, kasurik onenean ere. Hala, Ertzaintza eta Foruzaingoa dira balorazio onena jasotzen dutenak, baina ez dira erdira ere iristen (%43,3); Frantziako eta Espainiako Poliziek %32,2ko konfiantza-maila eragiten dute, eta Udaltzaingoak %26koa soilik. Gainera, inkestan parte hartu duen gehiengoak uste du agenteek ez dutela beti berdin jokatzen herritar guztien aurrean.
Neurketak utzitako beste datu batzuen artean, ika-mika asko sortu izan duten indarra erabiltzeko materialen inguruko iritzia dago. Hala, foam balen eta gomazko piloten erabilerarekin ados soilik herritarren %35,1 dago, eta eremu publikoan arma luzeak erabiltzearen alde %27,6 besterik ez. Paradoxikoki, pistolak eta laser pistolak eramatea ontzat ikusten du herritarren %60 inguruk.
Inkestan parte hartu duen herritarren gehiengoak uste du polizia agenteek ez dutela beti berdin jokatzen herritar guztien aurrean
Egileek argitu dutenez, inkesta urtarrilean hasi ziren lantzen, "segurtasunaren inguruko eztabaidak" herritarren-bizi kalitateari nola eragiten dion ikusita, euren esanetan. Galdeketa 2026ko apirilean egin zien 1.446 herritarri.
Euskal estatua eta burujabetza
Burujabetzari buruzko iritzia ere jaso du Naziometroa-k, beste neurketetan egin bezala. Euskal herritarren %23,3 independentziaren alde agertu da eta %46,4 kontra; beraz, duela urtebete egindako azken neurketatik puntu bat igo da independentismoak jasotako babesa.
Erabakitzeko eskubidearen alde, berriz, %69,9 agertu da, 2020tik izandako baliorik altuena, eta %65,5 erreferendum bat egitearekin ados dago.