Herritarrek Gazteluko plaza bete dute sanferminetan izan diren sexu erasoak salatzeko

  • Iruñerriko Mugimendu Feministak deituta, milaka lagun elkartu dira igande iluntzeko elkarretaratzean, tartean, Iruñeko peñak eta erakundeetako ordezkariak. Jakinarazi dute 27 sexu eraso izan direla sanferminak hasi direnetik, horien artean bortxaketa bat. Epaileak behin-behinean espetxeratu du bortxaketarekin lotuta atxilotu zuten gizona.

Sanferminetan izandako sexu erasoak salatzeko manifestazioa, igande honetan. Ahotsa.info

2026ko uztailaren 13an - 10:34
Azken eguneraketa: 12:02
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Iruñeko sanferminetan besta da nagusi, baina igande honetan eten bat egin dute jaietan izan diren sexu erasoak salatzeko. Iruñerriko Mugimendu Feministak deituta, milaka sanferminzale elkartu dira Gazteluko plazan igande honetan, 21:00etan, Emakumeon kontrako indarkeriarik ez lelopean. Salatu dute 27 eraso izan direla aurtengo sanferminak hasi direnetik, horien artean ukituak, irainak, jazarpena eta bortxaketa bat.

Epaileak igande honetan behin-behinean eta baldintzarik gabe espetxeratu du emakume bat bortxatzea leporatuta atxilotu zuten gizona. Erasoa larunbatean gertatu zen, goizaldeko 04:45ean, Gaztelugibelean. 

Mugimendu feministako bi ordezkarik ohar bat irakurri dute, eta “maitasuna eta babesa” adierazi diete biktimei. Herritarrak animatu dituzte “kaleak eta plazak okupatzera, isilik ez geratzera”. Erran dute “nazkatuta eta nekatuta” daudela, baina gogorarazi dute “antolatuta” ere badaudela. Horren isla izan da Gazteluko plazako irudia; Ahotsa.info hedabideak bideoz jaso du elkarretaratzea.

Etxean geratu behar dutenak sexu erasoak egiten dituztenak direla azpimarratu dute, emakumeek “dantza egiteko, ateratzeko eta beldurrik gabe ligatzeko” eskubidea dutelako. Gizonezkoen laguntza eta kolaborazioa ere eskatu dute: “Jarrera hartu behar duzue, gurekin egin borroka”. Bilkuran parte hartu duten guztiei eskerrak eman dizkiete azkenik, “beste behin, beste alde batera ez begiratzeagatik”. 

Ordezkari ugari

Iruñeko peñetako hamasei emakume jarri dira pankarta nagusiaren ondoan, eta peñetako ordezkariek buelta emanda eutsi dituzte euren pankartak. Erakundeetako hainbat ordezkarik ere hartu dute parte; hala nola, Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Chivitek, Nafarroako Gobernuko kontseilari Ana Ollok eta UPN; PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin talde parlamentarioetako ordezkariek.

Iruñeko Udalak ere bat egin du protestarekin, eta jakinarazi du lehen sei jai egunetan hamabortz salaketa izan direla eta hamabi gizon atxilotu dituztela. Nafarroako Gobernuak, berriz, hamazazpi salaketaren berri eman du, eta horren arabera, hamahiru dira atxilotutako gizonak.

Igande honetan jakitera eman dute, halaber, 9.768 pertsona igaro direla eraso sexistei buruzko Gazteluko plazako gunetik; 2025ean baino %23,4 gutxiago.


Sexu Erasoak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...