Herriko bozetarako 51 hautagaitzek izenpetu dute Bizi!-ren ‘Klima eta Euskal Herriko biztanleen aldeko ituna’

  • Bizi! elkarteak landutako 'barometro ekologikoa'-n ikusi daiteke zehazki zeinek duen itunarekin bat egin –martxoaren 12ra arte irekita dago izenpetzeko epea–. Horrez gain, 56 herriko etxek bideraturiko politiken bilan ekologikoa ere jarri dute publiko.


2026ko martxoaren 5ean - 07:00
Klimaren aldeko politika sendo eta ausarta galdetzen die Herriko Etxeei Bizi talde ekologistak. Bizi
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

"+3°C-ko berotze globalaren ibilbidean gara eta ekintzarako tartea ziztu bizian murrizten ari zaigu. Zinez beharrezkoa da indarrez eta determinazioz jokatzea gizadiaren etorkizun bizigarria bermatzeko", dio Bizi! talde ekologistak. Hori horrela, erronka ekologiko eta sozialei buru egiteko neurri multzo bat osatuta, horren aldeko konpromisoa hartzea galdetu die Ipar Euskal Herriko herriko bozetan aurkezten diren zerrendei. Hitzetatik harago, engaiatuz gero, beraien programetan txertatzea da hautagaitzei eskatzen zaiena.

Itunarekin bat egin duten lehen 51 zerrenden berri eman du Bizi!k asteazken honetan egindako agerraldian eta ikusgai jarri bere webgunean. Itunaren kontra agertu denik ere bada: Urketako (Lapurdi) auzapez Raymond Darricarrèren zerrenda; Miarritzeko (Lapurdi) Jean-Baptiste Dussaussois-Larralderena eta Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Manuel de Lararena. Zehazki, 51 zerrenda horiek Ipar Euskal Herriko 34 herritan dira presente –31 dira hirietan, hamabi herri ertainetan eta zortzi herri tipietan–.

Hainbat helburu izan dituzte barometroa lantzerakoan: hautagai-zerrenden programen anbizio ekologikoaren maila goratzea; hautetsi bilakatuko direnak tresnez hornitzea kargualdi osoan zehar; herritarrak tokiko kolektibitateen boterearen neurriaz jabetzen laguntzea eta herriko bozetan kontzienteki bozkatzera bultzatzea. Datu horiek esku artean, "erronka ekologikoei buru egiteko gai diren hautetsien alde kontzientziaz bozkatzeko" deia luzatu die talde ekologistak herritarrei.

Sei sailetan banatu dituzte zerrendaturiko hemeretzi engaiamenduak: Bizilekua egokitu; Elikatu; Mugitu; Ekonomia birtokiratu; Energiari menpekotasuna ttipitu eta Ekiteko baliabideak hartu. Horra hemen puntuz puntu:

Bizilekua egokitu

1. Etxebizitza berriak sortu, denentzat eskuragarriak, lur eremu berririk kontsumitu gabe.

2. Muturreko egoera klimatikoei egokituriko etxebizitza erosoak eraiki eta berritu.

3. Bizi ingurune berdeagoa eta atseginagoa sortu.

Elikatu

4. Elikadura ekoizteko lurrak babestu, tokiko laborantza herrikoi, biologiko eta dibertsifikatuaren faboretan.

5. Elikadura sanoa, tokikoa eta eskuragarria bermatu eskola jantokietan.

6. Biztanle bakoitzak kalitate oneko ur edangarri aski eskura dezakeela segurtatu.

Mugitu

7. Garraio publiko praktikoagoak eta egokiagoak garatu denentzat.

8. Bizi eta jarduera eremu nagusiak elkarri lotu, oinez eta bizikletaz segurtasunez mugitzeko aukera ematen duten instalazioen bidez.

9. Espazio publikoaren partekatze orekatuagoa antolatu eta oinezkoak, txirrindulariak zein garraio publikoak lehenetsi.

Ekonomia birtokiratu

10. Tokiko monetaren erabilera orotara hedatu.

11. Ekonomia zirkularra garatu –konponketaren, berrerabilpenaren eta hondakinen murrizketaren bidez– tokiko enpleguaren faboretan.

12. Biztanleria kanpoko publizitatetik babestu.

Energiari menpekotasuna ttipitu 

13. Kolektibitatearen energia-kontsumoa murriztu gastuak ttipitzeko.

14. Tokikoa, herritarra eta berriztagarria den energia ekoiztu burujabetza energetikorantz aitzinatzeko.

Ekiteko baliabideak hartu

15. Politika ekologikoen koordinazioa bermatzeko aski jende eman (auzapezorde bat gutienez).

16. Biztanleei beren bizi ingurunean eragina duten erabakietan zinezko lekua eman.

17. Aitzinkontu berdea plantan ezarri kargualdiaren lehen urtetik beretik.

18. Hautetsiak eta herriko langileak erronka ekologiko eta sozialei buruz formatu kargualdiaren lehen urtetik beretik.

19. Erronka ekologiko eta sozialak bete behar dituen lurraldearentzat ekintzak planifikatu.

 

Horrez gain, Ipar Euskal Herriko 56 herriko etxek 2020-2026 agintaldian bideratu ekintza ekologikoen bilan-txostena kausitu daiteke barometroan. Euskal Hirigune Elkargoaren Klima Plana ere izan dute aztergai eta balorapen gazi-gozoa egiten dute: "2019 eta 2023 artean lurraldeko berotegi-efektuko gasen isuriak %10 jaitsi ziren, eta horrek betetzen du Klima Planean Euskal Hirigune Elkargoak ezarri helburua. Hala ere, Hexagono mailako beherakada %13koa izan zen aldi berean, eta gure lurraldea ez da +1,5 °C-ko beroketa-mugan egoteko bidean, %16ko jaitsiera beharko zuelako horretarako. Gainera, zenbaki horiek ez dituzte kontuan hartzen Ipar Euskal Herrira inportaturiko isuriak –inportazioek eragindakoak–, egungo Klima Planak ez baitu horiek neurtzeko asmorik (Frantziako karbono-aztarnaren % 56a inportazioekin lotua bada ere". 


Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.