Euskararen geroa eraikitzera deitu dute aurtengo Herri Urratsen

  • Aurtengo Herri Urrats maiatzaren 10ean ospatuko dute Senperen (Lapurdi) Geroa eraikiz lelopean. Baxo azterketa osorik euskaraz egiteko debekuaren aurrean “nork bere hizkuntzaz egiteko eskubide unibertsala” aldarrikatuko dute arratsaldean, elkarretaratze batekin.

‘Geroa eraikiz’ lelopean maiatzaren 10ean izango da Herri Urrats Senperen. Iñaki Lopez de Luzuriaga (CC BY-SA 4.0)

2026ko apirilaren 21ean - 16:03
Azken eguneraketa: 2026-04-25 17:10
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak antolatutako jaialdiaren irabaziak Donapelauen (Nafarroa Behera) lizeo berria eraikitzera bideratuko dituzte.

Parisek baxoko azterketen zati bat euskaraz egitea ukatu duenez, euskaraz jarduteko eskubidea aldarrikatzeko elkarretaratzea antolatu dute. 17:00etan da hitzordua, Araba gunean. Bertan, argazki erraldoi bat ateratzeko asmoa dute, Koldo Rodríguez Herri Urratseko antolatzaileak adierazi duenez, “munduko eta Frantziako agintariei erakusteko zein den gure hautua”. Erik Etxerart Seaskako lehendakariordearen esanetan, “nork bere hizkuntza egitea eskubide unibertsala da. Borroka hau ez da bakarrik Seaskarena, euskaraz ikasten duten guziena da”. Horregatik Rodriguezek Herri Urrats euskararen aldeko festa nazionala izatera deitu du, Berria-k jaso duenez.

Antolatutako zazpi guneetan hainbat ekintza eta jarduera antolatu dituzte: pailazoak; janari eskaintza anitza; haur txokoak puzgarri eta animazioekin; bertso saioa; txarangak; eta kontzertuak. Kontzertuen artean, Anje Duhalde, Olaia Inziarte, Janus Lester, Lin ton taun, Xiberoots, Auhen, Mirua, Niña Coyote eta Chico Tornado eta La Txama egongo dira. Horiekin batera, Herri Urratsen hirugarren maketa lehiaketako irabazlea: Gar. 

Aurten txartelen prezioak erdira jaistea erabaki dute, 0,65 eurotara, eta edalontziak etxetik eramateko eskatu dute, hondakin gutxiago sortze aldera. Bertara iristeko autobusak antolatu dituzte zenbait herrietatik. 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Herri Urrats kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 13
Eric Etxart (Seaskako lehendakaria)
"Azken urteetako Herri Urratsik jendetsuena izan da igandekoa"

2023ko maiatzaren 17
Herri kirats

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.