Zenbat txango, irteera edota lagunarteko paseotan entzun izan dugu bide guztiek Erromara eramaten dutela? Nik sarri, eta inoiz, neuk sentitu dut esan behar izana. Egia esan, uste dut beti txarto ulertu izan dudala esaera hori. Izan ere, beti imajinatu izan dut bide zuzen bat, non Erromatik gero eta hurbilago bide ederrago bat zabaltzen den. Gero, urteak joan ahala eta bideak ezagutuz, ohartu naiz bideak elkar lotuta daudela eta gurutzatu egiten direla, eta horregatik, azken finean Erromara iristeko aukerak handiagoak dira.
Hortaz ohartu naizen moduan, edertasunaren inguruan asko hausnartu dut; “Erromatik gero eta hurbilago bide ederrago bat”. Ederra ez bakarrik erosotasunari dagokionez, segurua eta erabilgarria garraio posible guztietan.
Urrutira joan gabe, hemen gauza bera gertatzen dela pentsatzen dut. Bilbo ingurua, beste toki batzuekin konparatuz, edertsu dago. Ez dut ukatzen horrela izan behar duenik, baina ezin dugu ahaztu Bilboz gain toki zoragarri gehiago daudela bide ederrak behar dituztenak.
Kasu honetan, herri txiki zehatz baten arazoaren berri ematera nator. Joan den asteetan Aulestiko herri txiki eta zoragarrian bide baten inguruko eztabaida eta manifestazioak zabaldu dira. Hain zuzen ere, BI-3448 bidearen ingurukoak, Aulestiko herria Markina-Xemeinekin lotzen duena. Esan beharra dago ez dela soilik beste herri batekin lotzen duen bidea, hori gabe, Lea-Artibaiko eskualdetik deslotua geratzen delako. Hori gezurra dela esango duen norbait egongo da. Noski. Gizaburura joan, ostean Amoroto herritik igaro eta Lekeitiora heldu orduko orduan Markinarantz hartzea baizik ez da beste aukera. Txikikeriak. Dena-dela, horrez gain, bide horrek Durangaldearekin lotura egiten du.
Beraz, Aulestiarrentzat berebiziko beharrizana da bide hori egoera onean egotea, bai lanera joateko zein jarduera sozio-ekonomikoak gauzatzeko. Asko eta asko dira ondoko herrira joatea derrigorrezkoa dutenak. Horretarako guztirako, jakina, auto pertsonalak erabili behar dira ez dagoelako garraio publikorik, eta hortaz, esaterako, ikasle askoren kasuan edonola moldatu behar dira beharrezko exijitzen zaien gauza bat egiteko: eskolara joatea.
Bilbo ingurua, beste toki batzuekin konparatuz, edertsu dago. Ez dut ukatzen horrela izan behar duenik, baina ezin dugu ahaztu Bilboz gain toki zoragarri gehiago daudela bide ederrak behar dituztenak
Askotan grazia handia egiten dit pentsatzeak nola eraiki den gure gizarte hau. Beharrezkoak diren gauzak egin edota lortzeko gure onetik gehiago egin behar dugu estamentu politikokoek egingo dutena baino. Ez dut pentsatzen Aulestiko Udalaren kasua denik, oraindik goragoko estraktuetan dauden trajedun pertsonena baizik. Hala ere, ulertzen ditut. Nik ere beldurra izango nuke nire kontzientzia zikinduta izateagatik ezer gertatuz gero. Demagun. Soilik, imajinatu bide horretatik garraio publikoa jartzen dutela, ezer aldatu gabe. Aurrerapauso bat izango litzateke, eta ez txikia, baina bide horrek gehiago behar du, konponketak, garbiketak eta beste hainbat eraldaketa oraindik jabetu ez ditudanak. Garraioa jarriz gero ezer aldatu gabe eta ezer gertatuz gero, noren errua izango litzateke? Publizitate txarra, ez dute hori behar. Horregatik, ulertzen ditut beraien beldurrak. Aitzakiak baitira. Beraien aitzakien bidean helmuga berdina izaten da askotan, dirua. Ez dago dirurik. Edozein arazok beti ematen du amaiera berdinera kondenatua dagoela, ezikusiaren bidera.
Gertaera eta problematika honek hausnarketarako bidea eman dit eta herri txikien etorkizunaz pentsatzen jarri naiz. Zertarako biziko dira aulestiarrak beraien herrian? Lanera joateko orduak eman behar badituzte errepidean bide kaskar baten ondorioz segurtasuna gainjartzen dutelako, eta gainera, diru dezente utzi atzean, bakarrik lanera joateko eta irabazten duten diru hori bidean galtzeko. Ez al da hobe izango Bilbon bizitzea? Gutxienez Bilbotik garraio publikoa izango dute segurtasun gehiagorekin bidean eta joan-etorria ez dakit zenbat luzeagoa izango litzatekeen.
Uler dezaket Bilbo munduari begira erakusleiho paregabea izatea. Baina gero, euskal kultura, tradizioak eta landa eremu zoragarriak nahi ditugu. Tamalez, ematen du guztia ezin dela kudeatu eta gehienetan fokua herri handietan jartzen da. Herri txikietako lagun hauek gutxi dira, ondorioz, beraien kexek ez dute oihu handirik egiten. Zoritxarrez ohartzen ez diren oihu baten isiltasunak izutuko gaitu. Herri txikiak hiltzen direnean, orduan, gustatuko litzaidake jakitea Euskal Herriko jendeak zein hizkuntzatan hitz egingo duen.
Euskal Herriaren bihotzak herri txikietan aurkitzen dira, entzun ditzagun taupadak. Herri txikiak bizirik!
Iñaki Moriones Madariaga