argia.eus
INPRIMATU
Herri Sanferminak: “Haserre gaude, baina haserre hori Herri Sanferminen aldeko indar bilakatuko dugu”
  • Iruñeko Udalak jarritako baldintzekin desadostasunean, prestatutako egitaraua bertan behera utzi eta txosna jartzeari uko egin diote Herri Sanferminen bultzatzaileek. Alabaina, beren balioak erdigunera eraman eta aldarrikatzeko moduak aurkituko dituztela jakinarazi dute.

ARGIA @argia 2022ko ekainaren 01a
Argazkia: Ahotsa.info

Herri Sanferminen antolatzaileek prentsaurrekoa egin dute asteazkenean Iruñeko O plazan, 11:00etan. Agerraldiaren bitartez iragarri dute aurtengo Herri Sanferminetarako prestatu duten egitaraua bertan behera utzi dutela, eta txosna jartzeari ere uko egin diotela. Arrazoia: Iruñeko Udalak jarritako baldintzak.

Salatu dutenez, udalak erdigunetik bazterrera itzularazi nahi ditu Herri Sanferminak. Izan ere, 2016az geroztik eta lau urtez hiriaren erdigunean ospatu dituzte jaiak, baina aurten Errotazar ingurura joatea beste aukerarik ez diete eman, La Runa parkera. "Iruñeko Udalak Alde Zaharretik bota gaitu", adierazi dute.

Udalaren jaiekiko jarreraren salaketa

Jaien antolakuntzari begira Enrique Mayaren udalak izandako hainbat jarrera salatu dituzte. Batetik, kudeaketa traketsa izan dela azpimarratu dute, adieraziz udazkenean proposamenak egiteko epea ireki zutenean helarazi zutela O eta Errekoletas plazetan egitaraua burutzeko proposamena, eta apirilera arte udala ez zela beraiekin harremanetan jarri. Behin harremanetan jartzerakoan, egindako proposamena kontutan hartu gabe egin zuela kritikatu dute. Horretaz guztiaz gain, adierazi dute San Ferminen mahaiko bi bilera soilik deitu direla, eta horietan parte hartzerako eta eztabaidarako tarterik ez dietela utzi.

Udalaren jarrera zurruna ere izan dute jo puntuan. Azaldu dutenez, eskatutako espazioak erabiltzeko baimena ukatu ondotik, alternatibez hitz egiteko bilera galdegin zioten udalari, eta bertan jarrera zurrunarekin topo egin zuten, "proposatzen genizkien alternatiba posible guztiak baztertuz". Udal ordezkarien argudio nagusia bizilagunen balizko molestiak izanik, herritarren deskantsua kontutan hartuko zuten ordutegiak negoziatzen saiatu zirela azaldu dute, adostasunik lortu gabe. Gaztelu plazan barra kalera ateratzen duten tabernei bestelako tratua eman zaiela eman dute jakitera, 02:00ak arte zerbitzatzeko baimena eman baitie udalak.

Aurrekoez gain, udalari leporatu diote kontutan hartu ez izana Herri Sanferminetako jai gunea gune segurua izan dela eraso sexista, LGTBIfobo eta arrazisten aurrean. "Jaiak guztientzako gozagarri izatea haien agendan ez dagoela" argi utzi dute, Herri Sanferminetako antolatzaileen arabera.

Herri Sanferminak ikusezin bilakatzeko asmoa

Udalarekin izandako harremana eta hark jarritako baldintzak zein diren kontutan hartuta, Herri Sanferminen antolatzaileek ondorioztatu dute udal gobernuarentzat oztopo dela Herri Sanferminen jai eredua, eta ikusezin bilakatu nahi dutela horregatik . "Sanfermin herrikoi, parte hartzaile, feminista, ekologista, euskaldun, antikapitalista eta askotarikoak traba dira haientzat, eta guk proposatzen dugun eredua errespetatzetik urrun, festatik baztertzen saiatzen dira".

Bazterketa saiakera horren aurrean, baina, Herri Sanferminen aldeko apustuan berretsi dira. Prestatutako egitaraua bertan behera uztea erabaki badute ere, Herri Sanferminen balioak erdigunean jarri eta aldarrikatuko dituzten festak ospatzeko beste modu batzuk bilatuko dituztela azpimarratu dute. "Haserre gaude, bai. Baina haserre hori Herri Sanferminen aldeko indar bilakatuko dugu. Lanean jarraitzen dugu, datozen Sanfermin berezi hauek benetako loraldi herrikoi bat izateko".