Herri sahararra Espainiar Gobernuak egindako erregularizazio legetik at utzi dutela salatu du Coordinadora Estatal de Asociaciones Solidarias con el Sáhara-k (CEAS-Sahara). Lakuako Politika Sozialen kontseilari Nerea Melgosak ere kezka adierazi du "herrigabeekiko" bazterketarekin.
Espainiako Gobernuak ostegunetik aurrera abian den migratzaileen erregularizaziorako ezohiko prozesua onartu du, ekainaren 30a arte ireki dutena. Hego Euskal Herrian orotara 30.000 eta Espainiar Estatuan 500.000 migratzaileri eragiten die legeak. Hala ere, herri sahararra kanpoan utzi dute. Prozesuak urtebetean, Espainian bizitzeko, lan egiteko, Gizarte Segurantzako zenbakia izateko eta osasun-sistema publikoak sarbidea edukitzeko aukera ematen du.
CEAS-Saharak adierazi du Espainiako Gobernuak legearen bitartez "herrigabe" diren pertsonak baztertu dituela, kaltetutako gehiengoa sahararra izanik, Naizek jaso duenez. "Herrigabe" diren pertsonen baztertze “esplizitua” izan dela salatu dute, zeinak “berriro ere herri sahararraren eskubideak ukatu dituen, modu ulertezinean”. Hain zuzen ere, "herrigabe" direnek erregularizazioak eskatzen dituzten ziurtagiriak eskuratzeko zailtasunak izan ditzakete, hala nola; erresidentzia baimena edo lan ziurtagiria.
CEAS-Saharak "herrigabeei" ere erregularizazioa aplikatzea eskatu du, “koherentzia, eskubide eta konpromisoagatik”. Horrekin batera, giza eskubideen, migrazioen eta babes internazionalaren entitate, kolektibo eta antolakundeei "herrigabe" direnen zaurgarritasun egoera salatzen duen manifestuarekin bat egitea eskatu diete.
Politikarien artean ere ezinegona sortu du herrigabeen bazterketak
Ostegunean Lakuako Politika Sozialen kontseilari Nerea Melgosak "herrigabeekiko" egin den bazterketarekiko duen ardura adierazi du. Herri sahararrari egin zioen erreferentzia, baita ukraniarrei ere.
IUko koordinatzaile federal Antonio Maíllok eta Por Andalucía alderdiaren izenean Batzarretako hautagai denak, neurria diskriminatzailea dela ukatu du. "Herrigabeen" erregularizazioa, bide “erabat desberdinetik” egitea posible dela esan du. Hala ere, onartu du berak bi erregularizazio bideak “une berean” egingo lituzkeela, “Estatu Kontseiluko txostenak bi bide ezberdin zehazten baditu ere”.