argia.eus
INPRIMATU
Herri lurrak eta bertako basoa berreskuratzeko proiektua Bergaran
  • Pandemia dela eta ez dela, gero eta jende gehiago ari da hurbileko mendietara jotzeko ohitura hartzen, eta dirudienez, gure basoen egoeraren inguruan hausnartzeko aukera ere ematen ari da. “Pinuaren gaitzak zuhaitzok hondatu edo egoera oso kaxkarrean utzi ditu, eta horietako asko kendu egin dira, hemen ohikoa den arrasa mozketaren bidez”, azaldu du Ainhoa Agirrebeña Zabala Bergarako Kukubaso elkarteko kideak. Hain zuzen, inguruko basoen egoeraz kezkaturik zegoen herritar talde batek elkartzea erabaki zuen 2021ean, bestelako baso kudeaketaren alde egiteko eta herri lurrak berreskuratzeko asmoz.

Garazi Zabaleta 2022ko apirilaren 19a

Harreman estua du lurraren jabetzak basoaren kudeaketa ereduarekin, eta Bergararen kasuan ere argia da lotura hori. “Partzela txiki asko ditugu gurean, baina guztira, lur publikoak herriko lurren %2 baino gutxiago dira”, dio Agirrebeñak. Horregatik, bertako basoaren alde egiteko, beharrezko jotzen dute herri lurrak berreskuratzea. Baina, zertaz ari gara bertako basoa berreskuratzeaz ari garenean? Gauza bat argitu du Kukubasoko kideak: “Askotan, landaketekin lotzen dugu automatikoki, baina ez du zertan horrela izan, batzuetan naturari bere lana egiten uztetik hasten baita prozesua”.

Urtebeteko ibilbidean, lagapenen bidez hainbat lursailen kudeaketa bere gain hartu du Kukubaso elkarteak, tartean, Agirretxeberri baserriko kideek utzitako 2,1 hektarea. Zenbait sailetan landaketak egin dituzte, auzolanean: astigarra eta haritza jarri dituzte batez ere, baina baita gorostiak, lizarrak, urkiak eta hagin bat ere. “Aurrera begira, lursail horretan artea sartu nahi dugu, duela urte asko artadia baitzegoen hor”, gehitu du kideak. Bergarako Udalarekin elkarlanean ari da taldea hastapenetik, eta azken asteotan herri lurrak erosteko deialdia egin berri du udalak.

Pedagogiaren garrantzia

“Pedagogiaren alorrari ere garrantzia handia ematen diogu elkartetik, bai umeei eta baita helduei begira”, azaldu du Agirrebeñak. Aurkezpenen, hitzaldien eta antzekoen bidez lantzen dute alor hori, baina alderdi praktikotik ere bai. “Gure lehen landaketa egin genuen ingurua oso laua da eta herritik oinez joateko moduan dago, eta beraz, umeekin joateko deialdia egin genuen. Sekulako arrakasta izan zuen”. Lanketa interesgarria, kontuan izanda haiei egokituko zaiela gaur egun berreskuratzeko bidean diren baso horiek etorkizunean zaintzea eta mantentzea.

Pixkanaka eta pauso txikiak emanez, beste pentsatzeko eta ekiteko modu bat hedatzen ari da Kukubaso elkartea Bergaran, Euskal Herriko beste hainbat tokitan sortu diren antzeko proiektuekin batera. “Lurjabeengana hurbiltzea zailagoa izaten da, bizi oso bat baitaramagu kudeaketa eta lan egiteko modu jakin batekin, baina sumatzen dugu, orokorrean, jendearen aldetik harrera oso ona izaten ari garela eta kezka badagoela”, amaitu du.