Canon Français edo Frantses Kanonak azaroaren 28an Biarritzen egin nahi duen oturuntzaren kontrako manifestua izenpetu dute ehun lagunek. Salatu dute eskuin muturra ez dela ideia-kontu hutsa, indarkeria dela Frantses Kanonak transmititzen duena, pertsonen aurkako erasoak, jatorriagatik, azalaren koloreagatik, erlijioagatik edo sexu orientazioagatik eta ez dutela horrelakorik nahi Euskal Herrian.
Frantses Oturuntza bi aristokratek sortua da: Pierre-Alexandre Mortemard de Boisse eta Géraud du Fayet de la Tour, Pierre-Edouard Stérinen laguntzarekin. Irudi goxo baten gibelean gordeta, beren besta eredu baztertzailearen eta frantseszalearen ikuspegia ekarri nahi dutela hona diote haien kontrakoek, eta Herri Harresia izanen dutela parean, Frantses Kanonari modu herrikoian eta jendetsuan erantzuteko.
Dei egin diete herri honek dituen dantzari, koral, txaranga, musikari, joaldun, batukada eta karrikako antzerkilari guztiei, azaroaren 28ko ekimenean parte hartzera. 11.00etan emana da hitzordua eta bakoitzak jateko eta edateko zerbait eraman dezala eskatu dute, besteekin partekatzeko. Bakoitzak eraman dezala bere musika tresna, kantu liburuxka edo bururatzen zaiona.
Azaroaren 28ko mobilizazioa aitzin, beste hitzordu batzuk ere aipatu dituzte herri harresiaren aldekoek: azaroaren 3an, bilkura irekia eginen dute Baionan, Santa Ursula plazako lan burtsan arratseko 19.00etan, mobilizazio kanpainan parte hartu nahi duten guztiei irekia. Eta bezperan, azaroaren 2an, Miarritzeko herriko etxe aitzinean 18.00etan egingo den elkarretaratzean parte hartzera deitu dute.
Frantses Kanonaren kontrako herri harresiak kanal eta sare sozialak ditu mobilizazioaren berri izateko eta diru bilketa kanpaina ere abiatu du gastuei aurre egiteko.