Herrerako pabiloietako bat hustu dute eta zazpi pertsonari eman diete aterpe Donostian

  • Kale egoeran dauden pertsonekin lan egiten duten eragileek azaldu dutenez, 31 lagun bizi ziren eraikin horretan eta udalak zazpiri eman die aterpe astelehenean kaleratu ostean. Elkarretaratzera egin dute dute arratsaldean, udaletxearen aurrean.


2026ko urtarrilaren 27an - 07:00
Goizean goizetik, Ertzaintzak itxita zuen Herrerako pabiloien gunea. Beñat Parra / Irutxuloko Hitza
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Aurreikusita zegoen moduan, Ertzaintzak Herrerako Zardoya Otis eremuko pabiloietako bat hustu du astelehen goizean, Jolastokieta kaleko 4. zenbakikoa, hain zuzen ere. Hainbat gizarte eragiletako kideak bertaratu dira eta, azaldu dutenez, pabiloi horretan 31 pertsona bizi ziren eta Donostiako Udalak horietako zazpiri eman die aterpe, La Sirena aterpetxean; gainontzekoak “kalean” gelditu direla salatu dute. Donostiako Udaleko iturriek adierazi dute, bestalde, “hogei bat pertsonekin” harremanetan egon direla eta “gizarteratze eta laneratze ibilbidea onartu dutenei” baliabideak eskaini dizkietela udaleko Gizarte Zerbitzuek. Gogoratu behar da, ordea, iragan industrialeko eremu horretako pabiloietan 100-200 lagun inguru bizi direla guztira.

Goizean goizetik, Ertzaintzak itxita zuen Herrerako pabiloien gunea. Beñat Parra / Irutxuloko Hitza

Pabiloi horretako jabeek eskatuta eta Donostiako epaitegi batek aginduta, 09:30erako zegoen aurreikusita kaleratzea, baina 08:00etarako Ertzaintza bertan zegoen. Ez dute inor indarrez atera, eraikin horretan bizi ziren azkenak goizean goiz joan baitira. Hala ere, ertzain ugari, udaltzain batzuk eta Espainiako Poliziako agente batzuk bertaratu dira. Ordezkari judizialak iritsi ostean, ertzain batzuek gunea miatu dute, baita polizia txakurrak erabiliz ere, barruan inor ez zegoela egiaztatzeko.

Harrera Sareko, Etxebizitza Sindikatu Sozialistako eta Saretxe Etxebizitza Sindikatuko kideek salatu dutenez, zazpiri aterpe eman badiete ere, “hori ez da irtenbide bat”, La Sirena aterpetxea ez baita etxe bat, ezta epe luzerako aterpe bat ere. Horrez gain, Loiolan ere etxerik gabeko pertsonak bizi ziren gune bat hustu dutela salatu dute, eta, bi kaleratzeak salatzeko, elkarretaratzera deitu dute astelehen arratsalderako: 18:30ean, udaletxearen aurrean. Eragile hauek egin dute bat mobilizazioarekin: Donostiako Harrera Sarea, Kaleko Afari Solidarioak, Herripe Auzo Elkartea, Altza XXI Herri Ekimena, Saretxe Etxebizitza Sindikatua, Guztiontzako Egia Auzotar Sarea, Jardun Koordinadora, Ehgam Gipuzkoa, Donostialdeko Asanblada Antiarrazista, CNT, Steilas, LAB, Amara Berri Ehuntzen, Donostiko Bilgune Feminista, Martuteneko Harrera Taldea, Donostiako Etxebizitza Sindikatu Sozialista, Basajaun Elkartea eta Bizilagunekin plataforma.

Udalaren ardura eta etxebizitza eskubidea

Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kide Leire Andinok Herreran bertan egin ditu adierazpenak kazetarien aurrean, eta Donostiako Udalaren arduran jarri du fokua:

“Badakigu zazpi pertsonari eskaini dietela La Sirenan lo egitea, baina gutxienez 30 lagun bizi ziren hemen. Bestalde, logela bat ez da etxebizitza alternatiba bat, eta La Sirenak mugak ditu, goizeko 7:00etan atera behar dira, besteak beste. Donostiako Udala aprobetxatzen ari da Altzak dituen zerbitzu faltak eta bestelako beharrak ezkutatzen, eremu honetan gertatu daitezkeen gatazkak fokuan jartzen eta sektore zaurgarri honen kriminalizazioa bultzatzen”.

Ildo beretik, salatu du udala ez dela bere gain hartzen ari kale egoeran dauden pertsonekiko duen “ardura”, ezta Altzan eta bestelako auzo periferikoetan dauden aldarrikapenak kontuan hartzen ari ere, “fokua etengabe segurtasunaren auzian jarriz eta bere ardura guztiz albo batera utziz”. Era berean, udalak “errealitatea ezkutatzen” duela esan du, urte amaieran Donostian kale egoeran zeuden bi pertsona hil zirela gogoraraztearekin batera. “Alternatiba posible bakarra pertsona hauei etxebizitza bat eskaintzea da”, gaineratu du.

Saretxe Etxebizitza Sindikatuko Nerea Azkonak ere hartu du hitza, eta salatu du “etxebizitza negozioa den heinean, ez dela denontzako eskubide bat”, eta asteleheneko kaleratzea horren erakusgarri dela. Era berean, gogorarazi du eremu horretako pabiloi guztiak hustuko dituztela “laster”, bertan etxebizitza proiektu bat baitago aurreikusita. Horrez gain, sisteman bertan ere jarri du fokua: “Sistema honetan, zeinetan etxebizitza negozioa den, jende asko kalean gelditzen da. Bereziki, migratzaileak, baldintza prekarioetan datozenak eta Atzerritarren legearen ondorioz muga ugari dituztenak lana eta etxebizitza bat eskuratzeko”.

Hustu duten pabiloia miatzeko Herrerara bertaratutako Ertzaintzaren agenteak. Beñat Parra / Irutxuloko Hitza
400 etxebizitza inguru

Iragan industrialeko Herrerako eremu horretan 400 etxebizitza inguruko hirigintza proiektu bat dauka aurreikusita udalak, eta, hain zuzen ere, Jon Insausti alkateak egungo bost pabiloietako hiru eraisteko agindua eman du berriki; gaur hustu dutena, aldiz, beste bietako bat da. Eremua degradatzen utzi dute urteotan guztiotan eraikinetako jabe diren enpresek eta udalak, egungo egoerara iritsi arte.

Hirigintza proiektuak auzotar eta auzoko eragile ugariren kontrakotasuna jaso du urteotan, besteak beste, legez dagozkion eremu libreak Erregeneara (Igeldo) eramango dituztelako eta auzoak etxebizitzetatik harago doazen beharrak dituelako. Horrela, berriki, 40 alegaziotik gora aurkeztu dituzte.


Pobrezia kanalean gehiago
2026ko otsailaren 18
Pribilegioa

2025eko apirilaren 2
Teknologia
Burokraziaz

Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.