Apustuak ohikoak dira diskoteketako atezainen artean, hainbat testigantzaren arabera

  • Arantzazu Beitia eta Roberto Villate izan dira Lasarte-Orian astearte iluntzean, Borobilean hausnarketarako espazio herrikoiak gonbidatuta. Kerman, beren semea, diskoteka bateko atezainak hil zuen ukabilkada batez Gasteizen 2025eko neguan, eta orduz geroztik justizia bila dabiltza. Hitzaldi gogor bezain harrigarrian azaldu dute gertatu zena, eta areago, nola besarkatzen diren gure gizarteko sektore ilunak eta gobernatzen gaituzten hainbat erakunde.

Arantzazu Beitia eta Roberto Villate, Kermanen gurasoak. Dos por dos

2026ko irailaren 25ean - 08:46
Azken eguneraketa: 2026-09-28 09:37
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Gertakariak ezagunak izango dituzue gehienek. Hala idatzi zituen Miel Anjel Elustondo kazetariak joan den martxoan ARGIAn: “2025eko otsailaren 23ko 04:50ean, hiriaren bihotzean zen Mitika diskotekako D.C. atezainak kolpe gogorra eman zion aurpegian Kerman Villate Beitiari. Bertan hil zuen. Azpikeriaz egindako hilketa izan zela ebatzi zuen Instrukzio Epaitegiak. Prozesuan, epaile horrek kargua utzi, eta Probintzia Auzitegiak, aldiz, zuhurtziagabekeriaz gertatu zela ebatzi zuen”. Epaile hark, beraz, delituaren izaera apaldu zuen, eta egun, diligentziak agortuta, botere judizialaren bidetik ia ezinezkoa egin diote justizia Kermani. Goragoko instantzietara jotzea besterik ez dute gurasoek: Espainiako Auzitegi Gorena, Auzitegi Konstituzionala, edo Europako Giza Eskubideen Auzitegia.

Aurpegietan irribarre bana dutela daude Arantzazu Beitia eta Roberto Villate hitzaldia emateko zain. Poztu dira ikustean badagoela jendea beraien egia entzuteko prest. Baina mina eta enpatia tona bat sentitu daitezke aretoko airean. Ez da gutxiagorako, semea ukabilkada batez erail zieten, eta hilketaren arduradun edo estaltzaileek –atezainek, diskotekak, segurtasun enpresak, Gasteizko Udalak…—, aitak gogorarazten duen bezala, “inpunitate osoaz gozatu dute”. Eta hor daude biak, 2025eko otsaileko gau hartan gertatutakoa zehatz-mehatz azaltzen, irudi, auto eta txosten forentseak eskuan dituztela.

Entzule guztiak gure aulkietan izoztuta gaude, ahoa eta begiak zabal-zabal eginda, kontatu digutena ezin sinetsita, hasiera batean uste genuena baino sakonagoa eta ilunagoa baita. Hilketak, eta gurasoen kontakizunak, erakusten baitu gaueko aisialdiaren kasu honetan ari diren hainbat eragileren atzean dagoen negozioaren ustelkeria, segurtasun enpresa pribatuen ustelkeria, enpresako atezainen jardun ustela, polizia eta guardia zibilaren jarrera zalantzagarriak, negozioa babesteko zenbait erakunde publikoren jarrera, eta noski, justiziaren gabezia esanguratsuak. “Botere banaketaren izenean astakeriak egiten dira, eta hori ez da sekretua”, adierazi du Roberto Villatek.

Kontua da ez dagoela zalantza egiterik heriotzaren kausaren inguruan. Hala ziurtatzen du irakurri diguten informa forentseak. Atezainek segurtasun kontrola dantzalekutik hamaika metrora zuten, bideokameratik babesten dien zutabe baten atzean. Gainera, bideokamerek erakusten dute krimenaren eszenan dagoen jende ugarik dakiela zer gertatuko den: aurrez ukabilkada eszenifikatzen duten atezainak daude; kolpea ikustera atera diren lau pertsona, tartean guardia zibilak, legionario ohi bat eta aurpegia estaltzen duen beste bat (horietako batek ondoren ospakizun keinuak egiten ditu); ukabilkadaren momentuan kameraren aurretik pasatzen diren bi pertsona pantaila egiten; gorpua lurrean uztea eta inongo protokolorik ez aktibatzea… Ama-aitaren aburuz, zantzu guztiek erakusten dute aurretik prestatu zutela hilketa.

Arantzazu Beitia azalpenak ematen eta ezkerrean Roberto Villate. (Argazkia: Txintxarri / CC BY-SA)

Areago, Kermanek jaso zuen kolpearen dimentsioaren ideia bat egitearren: erasotzailea 140 kilogramo inguruko gizon indartsua da, hainbat kirol marka hautsi dituena, besteak beste, zilindro altxaketan Espainiako txapelduna izana, 165 kilogramoko markarekin, eta 330 kilogramoko marka pisu hila jasotzen. Cesar San Juan EHUko katedradun eta kriminologian adituak dio ez duela inoiz hain indar handiko ukabilkadarik aztertu, eta kotxe istripu bateko lesioa dirudiela, ukabilkada batena baino. Noski, inpaktu harekin momentuan hil zuen Kerman, eta hala baieztatu zuen hasierako instrukzio epailearen autoak: homizidioa.

Zalantza gehiegi

Beraz, zergatik esan zuen Josu Izaguirre fiskalak ezetz, Kerman ez zuela kolpe hark hil, eta “masaileko bat besterik ez” zela izan? Zergatik gezurtatu zuten lehen instrukzio epailearen autoa? Zergatik erabaki zuten Arabako Lurralde Auzitegian, modu kolegiatuan eta Carmen Cotelo Arabako Fiskal Nagusiaren –eta polizia buru izandakoaren– onespenarekin, zuhurtziagabekeriaz hil zutela Kerman? Funtsean, zergatik lokaztu zuten justiziaren bidea aipatutako kargu altuek? Zergatik babestu zuten hiltzailea? Eta zergatik, Kerman udaleko langilea izanik, ez zioten doluminik aurkeztu? Enigma horiek guztiak argitzen joan dira pixkana Villate eta Beitia.

Kermanen aitak hartu du hitza, eta azaldu du, gaueko aisialdiak diru dezente mugitzen duela, aktore askori eragiten diela, eta jokabide narras ugari daudela giro horretan. Gasteizko Udaltzaingoak aurretik hainbatetan esku hartu behar izan zuen Mitika dantzalekuan, eta udalak bazuen gertatzen ari zenaren berri, udaltzain batek idatziz hala adierazi zuelako. Gainera, Mitika diskotekaren segurtasunaz arduratzen zen Le Basque segurtasun enpresa ez zegoen halako zerbitzuak emateko gaitua, eta atezainak ere ez zuen horretarako akreditaziorik. Eta enpresa horrek, besteak beste, Alavés, Baskonia eta Gasteizko Udalarekin kolaboratzen du. Gurasoen ustez, segurtasun indarrak ere ez dira oso aktibo aritu auziaren ikerketan.

Horregatik, “Kerman hil zuen atezainaren gisakoak zigorgabe sentitzen dira!”, adierazi zuen amak. Gurasoen esanetan, badakite enpresak babestuko dituela, Poliziak ez duela aparteko ikerketarik egingo eta, beraz, ez dutela zigor esanguratsurik izango. Erasoaren ondoren, bederatzi hilabete egin zituen espetxean D.C. atezainak, eta 6.000 euro ordainduta aske utzi zuten behin behinean.

Gaueko atezainen apustuak

Baina, zergatik hil zuten Kerman? Zenbait aditu eta atezainekin hitz egin du familiak, eta azaldu diete ohikoak direla diskoteketako atezainen artean “apustuak” egitea. Euren indarra harro erakusteko apustuak egiten omen dituzte, ea nork hil dezakeen esku hutsez pertsona handiena. Ez da kasualitatea Mitikako atezainen erasoak salatu dituen bat bera ere ez dela “kolektibo zaurgarrietan sailkatzen”, amaren arabera. Kermanek metro eta laurogeita hamar neurtzen zuen, eta kirolaria zen. Trofeo ederra atezainentzat. Gainera, ezein talde politikorekin bat egiten ez bazuen ere, gaztetan gaztetxe inguran ibilitakoa zen, eta euskalduna.

Amaieran, hitza zabaldu eta gogoeta partekatua egin da. Eta zer nabarmendu da? Ez ote den kasualitate handiegia krimenaren eszena poliziaz, legionario ohiez eta segurata-z josita egotea; halako pertsonak otsailaren 23an (23-F) horren harro agertzea; eta indarkeria horrek guztiak duen inpunitatea. Egun, Kermanen kasuaren diligentziak agortuta daude, eta gurasoak bestelako lekuetan ari dira esperantza bila. Arlo judiziala erabat lokaztuta dagoela ikusi dute, beraz, arlo soziala jorratzen dabiltza: hitzaldiak eman, pankartak jarri, ahotsa altxatu… esklusiba bat ere eman digute: ekoiztetxe katalan batek beraien atea jo du, dokumental bat grabatzeko asmoarekin.

Oharra: Kronika honen lehen bertsioak zioen Kermanen gurasoek esan zutela diskoteketako atezainen artean "heriotza apustuak" egitea ohikoa zela esan zietela. Zuzenketa bat sartu diogu eta zuzendu, gurasoek diotela diskoteketako atezainen artean "apustuak" egitea ohikoa dela.


Justizia kanalean gehiago
2026ko martxoaren 25
Arantzazu Beitia - Roberto Villate. “Egia eta Justizia Kermanentzat”
"Diskotekako atezainak azpikeriaz hil zuen Kerman"

Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.