Euskal preso politikoen aldeko Hendaiako futbol zazpi txapelketa antolatu dute ekainaren 13an. Aurtengo 21. edizio berezi honek Hendaiako Sagardo Egunarekin bat egingo du eta egun osoko plangintza antolatu dute. Lehiaketan eskuratutako dirua presoei laguntzen dien Harrera elkarteari bideratuko diote.
Ekainaren 13an egingo dute Euskal preso politikoen aldeko Hendaiako futbol zazpi txapelketa, Kazetak jaso duenez. Aurreko urteko 20. edizio bereziari jarraiki, aurtengoa ez da atzean geldituko. 21. edizioa ospatzeko, Sagardo Egunarekin batera uztartutako ondorengo egun osoko egitaraua antolatu dute: 12:30ean ekitaldia; 13:00etan bazkaria; arratsaldean bertsolariak, trikitilariak eta txaranga; eta 22:30ean Punttu Kakotx eta DJ Aiakatek Enbata gaztetxean.
Urtero lez, futbol partidak izango dira egunaren ardatz, eta goizean eta arratsaldean jokatuko dira Ondarraitz zelaian. Parte hartzeko izen-ematea irekita dago eta kide bakoitzak 20 euroren truke jokatzeko aukera izango du. Irabazleentzat hainbat sari banatuko dira: asteburu pasa Lizarrako kanpinean, sagardotegi afaria Oialume zarren eta Errigoraren eta Kaneta garagardoen kutxak.
Aitzol Gil de San Vicente Plak txapelketaren antolatzaileetako baten esanetan, “egun polita da pertsona ororentzat”, lagunartean eta lehia sanoan “elkartasuna” uztartzeko ekimena baita. Gainera, Hendaiara bertaratzen direnek Hendaiako Sagardo Eguna ezagutzeko aukera izango dutela azpimarratu du, baita bertako “festa gozatzekoa” ere.
Horretaz gain, euskal presio politikoei “elkartasuna” adierazteko eguna izango da. Gil de San Vicenteren esanetan, Euskal Herriko preso kopuruak behera egin badu ere, dauzkaten behar berriei “duintasunez” erantzuteko laguntzak lortzea da ekimenaren asmoa. Hain zuzen ere, antolatzailearen esanetan, “preso ohiena bada adinez nagusia den kolektibo bat, behar ekonomiko handiak dituena, bai laguntza medikoari lotutakoa, abokatu gastuei lotutakoa, erretreta osagarriei lotutakoa...”. Horregatik txapelketarekin eskuratutako dirua Harrera elkarteari bideratuko diote, Ipar Euskal Herrian 50 pertsonatik gora laguntzen dituena.