Hendaia eta Bidasoko suhiltzaileek elkarrekin lan egiteko akordioa ofizialdu dute

  • Bidasoko suhiltzaile-etxean egindako simulakro ariketa batekin, eta ondoko sinadura ekitaldian, sute eta hondamendien aurrean Bidasoaren bi aldeetan suhiltzaile egoitza bakar bat bezala erantzun ahal izateko hitzarmena ofizialdu dute.

Artikulu hau egilearen baimenari esker ekarri dugu.

2026ko maiatzaren 26an - 07:00
Hendaiako eta Bidasoko suhiltzaileak elkarlanean gaur egindako trebakuntza partekatuko simulakroan. Antxeta Irratia
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Hendaiako eta Bidasoko suhiltzaileen kasernen arteko elkarlana 2018an hasi zen. Europako POCTEFA dirulaguntzen eskutik ALERT proiektua abian jarri zuten orduan, sustantzia kimikoekin izandako istripuen, hiri eta baso suteen, erreskate eta larrialdien aurrean prestakuntza elkarrekin egiteko helburuarekin. Eta azken urteetan mugaz gaindiko lankidetzan urratsak egin ondoren, orain bi suhiltzaile-etxeak elkarlanean aritu ahalko dira sute eta hondamendien aurrean. Irungo suhiltzaileen etxean egindako ekitaldian, ostegunean bi zerbitzuen arteko senidetzea ofizialdu dute agintari politikoek, eta ALERT-PYR izeneko europar proiektuaren bigarren fasea 2027an amaituko bada ere, lankidetzak ez du etenik izango. 

Nahia badagoelako batetik, baina beharretik ere azkartu da suhiltzaileen gaitasunak batzeko ekimena. Erakunde publikoek zein suhiltzaileek elkarlanari begira garatutako proiektuen mugarri izan baitzen 2021eko Larhungo sutea. Beran hasi eta Lesakara ez ezik, Irungo Bidasoa eta Meaka auzoetako Aiako Harriak natur parkera, baita Urruña eta Azkainera ere hedatu zen suteak mugaz ez zekien deus, eta hala aurre egin zioten suhiltzaileek ere, larrialdiak behartuta elkarlanean, ordu arte teoria zena praktikara eramanez.

Izan ere, eskualde berean Bidasoaz bi aldeetan arriskuak partekatzen ditugun bezala, "suhiltzaileen baliabideak optimizatu, lanak koordinatu eta elkarlana bultzatzea naturala ez ezik, lurralde kohesioaren aldeko apustua" dela nabarmendu dute ekitaldian parte hartu duten Gipuzkoako zein Pirinio Atlantikoetako agintariek. Josu Idigoras, Gipuzkoako Foru Aldundiko Su Itzalketa eta Salbamenduko zuzendariak argitu duenez, "mugaz gaindiko harremanetan, batera lan egiteak, gehitu baino biderkatu egiten du, eta senidetzea abiapuntua besterik ez da".

Pirinio Atlantikoetako eta Gipuzkoako agintariak, Hendaia eta Bidasoko suhiltzaile buruekin senidetze ekitaldian. Antxeta Irratia

Azken batean, iaz Hendaiako kasernan egindako simulakro eta antzeko ekitaldiaren ondotik, beste zenbait ariketa burutu dituzte urtean zehar. Eta ostegunean Irungo suhiltzaile-etxean senidetze hitzarmena izenpetzeko ekitaldia aprobetxatuz ere, simulakroa egin dute. Zehazki, produktu toxikoen isuria zuen balizko trafiko istripu bat kontrolatu dute.

Arkaitz Orbegozo Bidasoko suhiltzaileen ofizialak argitu digunez, "elkarlana larrialdi edo hondamendi baten aurrean aktibatu behar baldin bada, elkarrekin entrenatzea ezinbestekoa da". Hartara, halako ariketak egiten dituzte, eta muga eta oztopo guztien gainetik, suhiltzaileek euskara komunikazio tresna komuna dutela aitortu digu. "Estatuen zorroztasunaren gainetik, administrazio ezberdinen esku dauden bi zerbitzuak bateratzeko, gauza asko jarri behar dira komunean, eta elkar ezagutu", dio Irungo suhiltzaileak. 

Nolanahi ere, erronka handia dute aurretik. Izan ere, eremu berean partekatutako arriskuak ugariak dira. Hondarribiko aireportua, trenbide eremua, produktu toxikoak dituzten lantegiak edota mendietan gerta daitezkeen suteei aurre egiteko protokolo amankomunak garatu dituzte. 

Alde horretatik, azken urteetan Europako POCTEFA proiektuen baitan garatutako ALERT elkarlanerako proiektuak urrats bat gehiago egin du ostegunean Bidasoaldean. Izenpetu berri duten akordioari esker, hemendik aurrera, sute eta hondamendien aurrean Bidasoaren bi aldeetan erantzun eta lan egin ahal izango baitute, suhiltzaile egoitza bakar bat bezala.

Hendaiako eta Bidasoko suhiltzaileak elkarlanean ostegunean egindako trebakuntza partekatuko simulakroan. Antxeta Irratia

Bidasoko kasernan, adibidez, 48 suhiltzaile dira, eta lau kabo. Eta 24 orduz lan egiten dutenez, txanda bakoitzean zortzi suhiltzaile egon ohi dira urtero jasotzen dituzten 800ndik gora larrialdi eta interbentzioei erantzuteko prest. Baina erantzun beharreko esparrua zabala dela dio Orbegozok. "Irungo eta Hondarribiko abisuak izan ohi dira gehienak, baina Oarsoaldea ere hartzen dugu, eta Lezo, Pasaia, Oiartzun eta Oreretan ere erantzun behar dugu", argitu du suhiltzaileak, "baina gure eskualde honetan naturalena litzake Hendaiara jotzea".

Logika horretan, Europaren eraikuntzan urrats bat gehiago egin dutelakoan dago Irune Berasaluze, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza diputatua. Argitu duenez, senidetze akordioa ez baita keinu sinboliko hutsa. "Aspalditik lantzen ari den elkarlanaren emaitza da, Gipuzkoak mugaz gaindiko harremanetan sakontzeko borondatea berresten du horrela, eta Euroeskualdeari edukia ematen dio, herritarren ongizatea eta segurtasuna hobetu eta Europaren eraikuntzan laguntzen duen urratsa eman baita ostegunean", azpimarratu du foru diputatuak.


Gizartea kanalean gehiago
2026ko uztailaren 22
Anselm Japperekin bere liburuaz mintzo
Biziaren jarraipena planetan edo kapitalismoa, hautatu behar da

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...