argia.eus
INPRIMATU
Hendaia eta Baionaren arteko AHTren proiektua porrot bidean
  • Bordele eta Hendaiaren arteko AHTren proiektuak 25 urte bete ditu. “Ondo bidean”, Iparralderako proiektuak bat egin behar zukeen Hegoalderako AHTrekin. Alta bada, proiektua baztertua omen dago. SNCFk bere ibilbidean etxeak egiteko baimena eman izanak baieztatu du uste hori.

Mikel Asurmendi @masurmendi 2018ko otsailaren 16a
AHT proiektuaren aurkako manifestazioa Hendaian.

Joanes Etxebarriak Ipar Euskal Herriko Hitza-n erreportajea-k bermatzen dute sarrerako lerro horiek. Etxeak egiteko ehun baimen baino gehiago eman dira, alta, Frantziako SNCF tren konpainiaren harremanetarako Genevieve Latxagek dioenez, baimen horiek ez dute baieztatzen AHTren proiektua bertan behera geratu denik.

Dena den, ibilbide honetan AHTren “porrota” bermatuko luketen bi baiezpen daude. Bat, Hiriburuko higiezin agentzia bateko Isabelle Guinant-ek adierazi duenez, “AHT eraikitzeko ziren lurrak  saltzen ari dira, SNCF-k eskaera guztiak onartu ditu”.

Hala ere, erreportajean ageri denez, “AHTaren proiektua bertan behera utz dezakeen hitz fidagarri bakarra ‘politikoa’ da” .

Kari horretara, ingurumen defentsarako ari den CADEko eledun Victor Pachonek dioenez, “AHT zinez ahulduta dago”. Elkarrizketan hauxe adierazi du Pachonek, besteak beste:

“SNCFko buruak ulertarazi du bere lehentasuna eguneroko trenetan dagoela, baina aspalditik dio hori”. Espainia aldetik etor daitezkeen presioei buruz, hauxe: “Valladolidetik hona AHTa luzatzean ez da merkantzia garraiatzeko tren bakarra izanen. Euskal Y-aren kasuan ere ez dakigu, zinez zaila delako bidaiari eta merkantzia trenak abiadura handian bateratzea”.

CADEko eledunaren hitzetan “Espainiarrek porrot egin dute AHTaren ibilbide horri dagokionez”.