Euskalgintzaren Kontseiluko helduen euskalduntzearen sektorea osatzen duten elkarteetako ordezkariek agerraldia egin dute, eta dei egin die herritarrei euskara eskuratzeko, ikasturte berriko matrikulazio kanpainaren harira.
Euskalgintzaren Kontseiluak Pizkunderako Erronka 2036 txostena aurkeztu zuen maiatzaren bukaeran. Bertan zehaztu zuten hurrengo hamar urteetarako erronka nagusia euskalduntze erritmoa bizkortzea dela, 2036rako 300.000 euskaldun berri lortzeko. Hain zuzen, zeregin horretan duten garrantzia aldarrikatzeko, helduen euskalduntze-alfabetatze sektoreko eragileek agerraldia egin dute astearte honetan Bilboko Kafe Antzokian.
Agerraldiaren deitzaileen esanetan, sektoreko ordezkaritza zabalak bat egin du eragileen aldarrikapenarekin, eta ikasturte berriko matrikulazio kanpaina zabaltzen laguntzea eskatu die sindikatuei, ikastetxeei, enpresei, erakunde publikoei, gizarte eragileei eta komunikabideei. Agerraldian hitz egin dute Aize Otaño AEKko Nazio Kontseiluko kideak eta Laida Begiristain Maizpideko kideak.
Euskara ezagutzeko beharra helduengan sustatzeko proposamena dokumentua defendatu dute erakunde eta alderdi politikoen aurrean: dokumentu horrek euskara ikasteko doakotasuna bermatzea eta Euskal Herri osorako agentzia bakar bat sortzea proposatzen du. 2022an aurkeztu zuten Euskalgintzaren Kontseiluko helduen euskalduntzearen sektorea osatzen duten elkarteek
Erronka berriak
Euskararen normalizazio prozesuak "erronka berriei" aurre egin behar diela esan dute agerraldian, zehazki, milaka euskal herritar berri ditugula. Ondorioz, haiei euskara eskuratzeko aukerak eta baliabideak bermatzeko, eragileek aldarrikatu dute "ezinbestekoa" dela sektorearen garrantzia azpimarratzea.