AEK

Helduen euskalduntze-alfabetatzea Pizkunderako “estrategikoa” dela nabarmendu du AEKk

  • Euskara ikasteko dirulaguntzetan dauden berrikuntzak eta Euskaltzaleon Martxan harturiko erronkak azpimarratu ditu AEKk, ikasturte hasierako kanpainan. Matrikulazioa zabalik da jada, Euskal Herrian AEKk dituen ehundik gora euskaltegietan.

"Euskara eroso ikasi eta bizi" kanpaina aurkeztu dute. AEK

2026ko irailaren 2an - 12:46
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Euskara eroso ikasi eta bizi leloa errepikatuko du AEKk aurten, baina iazko karteleko besaulkia alfonbra batek ordezkatuta: “Alfonbra gonbidapena da, euskara ikasteko ustezko zailtasunen beldur den horrentzat”, azaldu du AEKko Nazio Kontseiluko kide Aize Otañok. Euskara kalera atera nahi dutela berretsi du: horretarako, “lehenik eta behin euskaltegiak bete behar ditugu, ez dakienak ikasteko, dakienak hobetzeko, praktikatzeko…”.

Pizkundea erronka

Aurkezpenean, ekainaren 13ko Euskaltzaleon Martxa hartu dute gogoan: euskarak eta euskaldunon komunitateak bizi dugun “larrialdi linguistikoaren” aurrean, pizkunde berria aldarrikatu zuten, erronka nagusi bat helmuga: 2036. urterako 300.000 euskaldun gehiago izatea, alegia, urtez urte 30.000 euskaldun oso irabaztea hamar urtetan. Bide horretan, helduen euskalduntze-alfabetatzea gako estrategikoa dela argi du AEKk: “Horixe da euskaltegion egitekoa”.

Dirulaguntza berriak

Euskara Bonua estreinatuko dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleek: A1, A2 eta B1 mailetan matrikulatzen direnek, 120 euro ordainduta, lau urtez ikasi ahal izango dute, eta ez dute gehiago ordaindu beharko. Nafarroan, berriz, A1 mailako ikasleei A2 mailakoak batuko zaizkie eta %100ean berreskuratu ahal izango dute matrikula. Ipar Euskal Herrian, enpresek eskaintzen dituzten formaziorako aukerak baliatu ditzake langileak, euskara doan ikasteko. Doakotasunaren bidean bereziki EAEn eman diren urratsak txalotu ditu AEKk: “Ez da nahikoa, baina horixe da bidea”.

Baliabide ekonomikoez gain, funtsezko jo dituzten beste batzuk dira helduen euskalduntze-alfabetatzearen inguruan agentzia berri bat sortzea erakunde eta gizarte-eragileen jarduna koordinatzeko, pertsona migratuen harrera linguistikorako baliabide eta erraztasunak handitzea, eta lan munduan euskararen presentzia areagotzeko araudi, baliabide eta plangintzak sustatzea.

1976-77 ikasturtean ikasle kopurua %300 handitu zen, “eta ikasle-uholde horrek beste dimentsio bat eman zion helduen alfabetatze-euskalduntzeari”. Mugarri hark 50 urte bete dituela ere gogoratu nahi izan dute aurkezpenean.


AEK kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...