Ulertzen hasteko, komenigarria ez ezik beharrezkoa da kartografia txukun bat eskueran izatea. Iruzkintxo hau gailu digitalen batean, Internet bidez, arituko zarenez irakurtzen, bat baino gehiago dituzu mapa-baliabideak hortxe bertan.
Hego Txinako itsasoa aurkitzea ez da batere zaila, baina egin kontu hango irla, uharri eta hareatza bakoitzak, antzematen zailak direnean ere, hiruzpalau izen izaten dituela usu: “nazioartekoa”, hots, europar kolonialistek eman zietena; txinerazkoa; vietnamerazkoa; eta filipinerazkoa. Malaiera eta abar ez hizpideratzearren.
Hala, Paracel uhartedia, Xisha Qundao da txineraz, eta Hoang Sa vietnameraz. Spratly uharteak, aldiz, Nansha Qundao dira txineraz, Truong Sa vietnameraz, Kapuluan ng Kalayaan filipineraz… Hala ere, nahasmen-iturri nagusia, gero eta maizago handik heltzen zaizkigun berri gorabeheratsuen inguruan gure artean ereiten den “informazioan” datza. Eredugarria izan daiteke oraintxe bertako adibide bat.
Agidanez, Txinak pasa den udazkenean ekin dio Xisha Qundao / Paracel uhartediko uharri mendebaldarrenetako batean, gure artean Antelope deituan, duela hamarkada bat askoz hegoalderago, Spratly aldean egin zuenaren gisako “irlagintza” bati. Dragak eta itsas-lanetako ontziteria andana medio, haitz-kasko edo uharri kaskarra zena, hemendik hilabete batzuetara irla oso, bere portu eta aireportuarekin seguruenera, ikusiko dugula, alegia.
Enegarren kasua litzateke, beraz. Baina kasu honetan, gainera, bati otutzen zaio Hainan irla handiaren ingurumari guztia nazioarteko merkataritza libreko gune ez ezik turismo-leku tropikal, “Asiako Karibe”, bihurtzeko delibero ezagunarekin ez ote duen zerikusia izango. Uhartedi bereko irla handienetan jada aurreratuta dagoen zerbait.
Ez da hori, ordea, Mendebaldeko hedabideek, burutsuenek nahiz ahoberoenek, hobetsi duten interpretazio-ildoa. Zuhurretakoa izango litzatekeen New York Times-ek landutako erreportajea behatu besterik ez dago. Baina daukan akatsetako bat da egun horietan bertan zela Pekinen To Lam, Vietnamgo buruzagi nagusia... eta ika-mika ez zela inondik sumatu. Izan ere, Paracel uhartedi horren erabateko kontrola aspalditik du de facto Txinak; eta de jure, kolonizatzaile frantsesen oinordetza ia beste oinarririk ez dute Vietnamen erreklamazioek.
Kartografia deabruak, haatik, besterik ere iradokitzen du: duela hamarkada bat Spratley uhartedian Txinak Fiery Crossen eraiki zuen irlatik Antelopera zuzenkia botatzen badugu, eta jarraian Hainaneraino luzatzen… Wenchangen amaituko dugu. Orduan Mischief uharrian eraiki zen beste irla handitik Paraceletan handitu zuten Woodyra botatako zuzenkiaren luzapena amaitzen den leku berberean. Wenchangeko espazio-gunean.
Dagoeneko hala den, baina etorkizunean are gehiago izango den Txinaren espaziontzien jaurtiketa-instalazio erraldoian.
Itsasora ala zerura begiratu behar ote da gehiago jolas horretan?