argia.eus
INPRIMATU
Hego Euskal Herriko unibertsitateek matrikulazioak merketu beharko dituzte
  • Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoetako ordezkariekin egindako bileran gehieneko prezioa jarri die unibertsitateko kredituei, hain zuzen 18,46 eurokoa. Nafarroak %7,14 merketu beharko du eta EAEk %4,71. Euskaldun askok bertan ikasten duten Katalunia da matrikulen prezioa gehien txikitu beharko duena, %43,2 jaitsi beharko ditu prezioak. Hurrengo ikasturtetik aplikatu beharko da jaitsiera, baina 2022-2023 ikasturtera artekoa dute jaitsiera osora egokitzeko epea.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 28a

Kredituen prezioa zehazteko, 2011-2012 ikasturtea hartu dute erreferentzia modura. Horren arabera, graduetako kredituen erreferentziazko prezioa 16,05 eurokoa da eta %15 garestiago jarri dute gehieneko prezio moduan. Graduek bataz beste urtean 60 kreditu izaten dituztenez, 1.107,6 euroan egongo da prezioa.

Nafarroako Gobernuak adierazi du erabaki honen alde dagoela, eta urtez urte aplikatuko duela jaitsiera, milioi erdi euroko gastua eskatzen baitio. Eusko Jaurlaritza aurka agertu da, PP eta Ciudadanosek gobernatzen duten autonomiekin batera.

Manuel Castells Espainiako Unibertsitateko ministroak adierazi du beharrezkoa dela unibertsitate publikoen finantzazioa handitzea, baina hori ez dela "baliabide gutxien dituzten familia eta ikasleen bizkar" egin behar.