Gailu elektronikoen erabilera goiztiarrak eta okerrak lo falta, sedentarismoa edota miopia eragiten du umeen eta nerabeengan. Horrela dio Hego Euskal Herriko pediatren elkarteek aurkeztu duten Gailu digitalak, osasuna eta garapena haurrengan eta nerabeengan agiriak. Hezkuntza komunitateari eta erakunde publikoei eskatu diete pantailen erabilera mugatzen dituzten arauak egiteko.
Jakina zena frogatu dute. Hego Euskal Herriko pediatren elkarteek ohartarazi dute gailu digitalen erabilera goiztiarrak eta gainbegiratu gabeak ondorio larriak dituela haurrengan eta nerabeengan. "Ebidentzia zientifikoetan" oinarrituta, berretsi dute pantailek arazoak sortzen dituztela umeen osasun fisikoan zein emozionalean eta garapenean; hala nola, lo falta, obesitatea, sedentarismoa edota ikusmen-arazoak.
Horregatik, paperaren erabilera eta ikasketa aktiboa lehenesten dituzten hezkuntza espazioak defendatu dituzte, zeinetarako plan digitalak "ebidentziarekin koherenteak" izango diren.
Gailu digitalak, osasuna eta garapena haurrengan eta nerabeengan deitzen da Hego Euskal Herriko pediatren elkarteek aurkeztu duten agiria. Bilbon aurkeztu dute, asteazkenean, Bizkaiko Sendagileen Elkarteak Altxa Burua elkarteek antolaturiko Pantailak eta Osasuna Haurtzaroan eta Nerabezaroan jardunaldietan.
"Ebidentzia zientifikoak daude [gailu elektronikoen erabilera okerrak] umeen eta nerabeen osasun fisikoan, emozionalean, sozializazioan eta garapenean kalte handiak ekartzen dituela", ohartarazi du Nerea Trebolazabalak, Lehen mailako Arretako Euskal Pediatren Elkarteko presidenteak. Gailuek batik bat umeen mugikortasunean, elikaduran, loan, obesitatean eta ikusmenean eragiten dute, nekea, sedentarismoa edota miopia sorraraziz.
Umeen eta nerabeen garapenean ere eragiten dute: arreta mantentzeko gaitasunean, hizkuntzan eta hiztegian edota memorian. Datuak ere argitaratu dituzte, esate baterako, nerabeen %31k egunero bost ordu baino gehiago igarotzen ditu astean bitartean Internetera konektatuta, eta hamarretik seik mugikorra logelan dutela egiten dute lo.
Erabilera mugatu
Gailuen erabilera mugatzea da aurkeztu duten irtenbideetako bat: 0 eta 6 urte artean, ordu bat bera ere ez; 7 eta 12 urte bitartean, gailuak logelatik kanpo; eta 13 eta 16 urte bitartean, eguneko gehienez bi ordu, ikasgeletako erabilera barne.
Azaldu dutenaren arabera, lehenengo adin tartean "jolas librea, loa eta giza harremanak" dira garrantzitsuenak, eta bigarren adin tartean, berriz, besteak beste, "jarduera fisikoa eta naturarekiko harremanak". Hau da, gakoa lehen mugikorra izateko ordua atzeratzea eta, edukitzekotan mugak adostea da.
Hezkuntza komunitatearen eta erakunde publikoen papera
Pediatrek esku hartu dezakete prebentzioan, baina, puntu bateraino; hala onartu dute jardunaldian. Osasun azterketak dira horretarako lekua. Adibidez, arreta berezia ipini behar dute ekonomikoki arazoak dituzten familietan, etxe horietan gehiago erabiltzen baitira gailu elektronikoak.
Gurasoek jokatzen duten papera ere azpimarratu dute, umeek gurasoengandik hartzen dituztelako jokabide gehienak. "Itxarongelan ikusi izan ditut jaioberriak hutsera begira, ama, bularra eman bitartean, mugikorrari begira zegoelako", gogoratu du Trebozabalak.
Itxarongeletatik haratago, gizartea "kontzientziatzea" falta dela esan du Ainhoa Izeta Euskal Herriko Pediatren Elkarteko presidenteak, "neurriak hartu eta mugak jartzeko". Horregatik, lehenik eta behin, informazioa gizartearen eskura jarri nahi dute, gurasoen, hezkuntza komunitatearen zein instituzio publikoen eskura.
Izan ere, hezkuntza komunitatea da giltzetako bat. "Frogatuta dago, ordenagailuaren ordez papera erabiliz gero, ikasketa efizienteagoa dela". Halere, erakunde publikoei ere eskatu die esku hartzeko eta erabilera mugatzeko arauak egiteko.