Espainiako Estatuko dinamikaren barruan, otsailetik ekainera bitartean Osakidetza eta Osasunbideako medikuek hilero astebeteko grebak egingo dituztela iragarri zuten urtarrilean, aste honetan hasita. Espainiako Osasun Ministerioak bultzatutako estatutu markoaren aurka, medikuek euren berezitasunak eta erantzukizunak aitortuko dituen estatutu propioa izatea bilatzen dute. Zerbitzu minimoak bermatuko dituztela adierazi dute.
Astelehenean hasi dute Hego Euskal Herriko sistema publikoetako medikuek hirugarren greba aldia, eta aurreikusten dute ostiralera arte luzatzea. Horrela arituko dira ekainera bitartean. Hilero-hilero astebeteko geldialdiak egingo dituzte, printzipioz, martxoaren 16tik 20ra, apirilaren 27tik 30era, maiatzaren 18tik 22ra eta ekainaren 15etik 19ra. Gurean, SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak eta SMN Nafarroako Sindikatu Medikoak egin dute bat greba deialdiarekin. Espainiako Estatuko beste hainbat txokotan ere atxikipen zabala izan du protestak: CESM Medikuen Sindikatuen Espainiako Konfederazioa, MC Kataluniako Medikuak, O'Mega Galiziako Mediku Independenteen Sindikatua, SMA Andaluziako Medikuen Sindikatua eta Amyts Madrilgo Medikuen eta Goi Mailako Tituludunen elkartea.
LABek ez du greba babesten
Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioa osasun langile guztientzat negoziatzen ari den estatutu markoaren aurka egitea, eta medikuentzako erregulazio espezifikoa eskatzea da protestaren helburua. Izan ere, medikuek uste dute estatutu propio bat merezi dutela, euren lanaren berezitasunak eta erantzukizunak aitortuko dituena. Mónica García Espainiako Osasun ministroak behin baino gehiagotan errefusatu du medikuentzako arau esklusibo bat egitea, Osasun Sistema Nazionalean "kohesioa hautsi eta desberdintasunak sortuko lituzkeela" argudiatuta. Gurean, LAB sindikatuak adierazi du sektoreko langileen “nekea eta haserrea ulertzen” duela, baina ez du greba deialdiarekin bat egin. Alde batetik, greba deialdiak ez dituelako osasun sektoreko “langile guztien beharrizanak” defendatzen; eta bestetik, euskal erakundeetan borrokatu eta lortzearen alde agertu delako. LABen ustez, eskari horiek Euskal Herriko erakundeetan egin behar dira, hemen badagoelako horretarako eskumena.
Orain.eus atariaren arabera, zerbitzu minimoak bermatuko dituzte Hego Euskal Herriko osasun zentroetan. Nafarroako Gobernuak adierazi du Osasunbideak zerbitzu minimoak bermatuko dituela. Osakidetzan lehen arretako mediku bat egongo da gutxienez zentro bakoitzean, eta bi egongo dira 15.000 herritarretik gora artatzen dituzten zentroetan. Hori horrela, baliteke premiazkoak ez diren ebakuntzak bertan behera geratzea.
Lehen greba egun honetan, manifestazioa deitu du Euskadiko Sendagileen Sindikatuak goizeko 11:00etan Donostian, Bulebarretik abiatuta.