Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioarekin egindako bilerak ez du aurrerapausorik ekarri. Mónica García ministroak, bere aldetik, adierazi du baldintzak hobetzea autonomiei dagokiela.
Espainiako Gobernua osasun langile guztien estatutua negoziatzen ari da, baina medikuek estatutu propioa behar dutela aldarrikatzen jarraitzen dute. Espainiako Medikuen Sindikatuen Konfederazioak komunikatu bidez iragarri du ekainerako aurreikusitako lanuzteari eutsiko diotela, urteko bosgarrena. Hortaz, Osakidetzako eta Osasunbideko medikuek ekainaren 15etik 19ra bitarte eginen dute greba.
Greba batzordeak komunikatuan deitoratu du Osasun Ministerioak gatazka desblokeatzeko “gaitasun eta borondate eza” dela eta, aitzin egitea ahalbidetuko duen proposamenik aurkeztu gabe jarraitzen duela. Astelehen honetan Ministerioko ordezkariekin bildu ostean eman du batzordeak grebaren luzapenaren berri. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Sendagileen Sindikatuak bat egin du komunikatuarekin.
Batzordea bilerara “nolabaiteko itxaropenarekin” joan bada ere, ministerio-taldeak negoziatzeko “jarrera eskasa” duela adierazi du. Batzordeak azaldu duenez, “nobedade bakarra” izan da ministerioak adierazi diela datozen egunetan Estatuko Osasun Sistemako Lurralde arteko Kontseiluarekin bilduko direla.
Bertan autonomia erkidegoak daude ordezkatuta, eta bileraren helburua izanen da “formula posibleei” heltzea, “negoziazio eremu propioa sortzeko, eta argitzeko zer eskumen dagozkien Osasun Ministerioari eta autonomia-erkidegoei”.
Batzordearen aldarrikapenek estatutu propioa eta lanbidearentzako negoziazio eremu propioa izaten jarraitzen dute, sailkapen profesional bereizia eta lanaldi "justua". Ziurtatu du "behar bertze aldiz" bilduko direla Osasun Ministerioarekin, betiere “negoziatzeko borondatea” baldin badu.
Espainiako Osasun ministro Mónica Garcíak, bere aldetik, eskaera horien zati handi bat “autonomien teilatupean” dagoela azpimarratu du, eta azaldu du ministerioari “gehiago egiteko eskumenik” ez zaiola geratzen. Garcíak azaldu duenez, negoziazio eremu propioa erkidegoen “eskumen esklusiboa” da, enplegatu publikoaren oinarrizko estatutuaren arabera.
Beraz, autonomiek ministerioaren atzean «ezkutatzeari» utzi behar diotela erran du. Joan den astean, Imanol Pradales lehendakariak, berriz, «arduragabekeriaz» jokatzen ari dela aurpegiratu zion ministroari.