Agifes elkarteak ‘Buru osasuna eta komunikabideak: nola informatu estigmatizatu gabe’ solasaldia antolatu du matxoaren 3an, 18:30ean Okendo kultur etxean. Jon Larrañaga, Aloña Velasco eta Ion M. Taus kazetariak izanen dira hizlariak.
Berrogei urte daramatza Agifes elkarteak buruko osasun arazoak dituzten pertsonen eta haien senideen ondoan. Pertsona ardatz duten esku-hartzen bidez, besteak beste, buruko osasun arazoak normalizatzea, pertsonak gizarteratzea eta kolektiboarentzako kalitatezko zerbitzuak aldarrikatzea dute helburu. Bide horretan, bigarren urtez, mahai-inguru bat antolatu dute komunikabideek buru osasuna nola jorratzen duten aztertzeko. Aitor Ubarretxena kazetariak eta Agifeseko komunikazioa eramaten duen bulegoko arduradunak hogei urte baino gehiago daramatza elkartean lanean: “Elkarrengandik ikasi nahi dugu, elkarrekin bideak eraikitzeko”. Hizlariak Jon Larrañaga, Aloña Velasco eta Ion M. Taus kazetariak izanen dira, EITBko, Cadena Ser irratiko, eta El Diario Vasco egunkariko kazetariak, hurrenez hurren.
Ubarretxenak nabarmendu du buru osasuna “geroz eta gehiago” lantzen dela komunikabideetan eta sare sozialetan, baina arduraz jokatu behar dela: “Aurrerapauso handia da. Halere, elkarrizketa eraikitzaileak sortu nahi ditugu eta aztertu nola informatu dezakegun arduraz. Horretarako, osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak errespetatu, euren egoeren osotasuna kontatu, eskubideak eta beharrak azpimarratu eta eskuragarri dauden laguntzak nabarmendu behar ditugu”.
Agifesen 2025eko Kazetaritza eta Buru Osasuna Sarien irabazleak dira solasaldiko hizlariak. Sarien helburua da osasun mentalari loturako kazetaritza lanak sustatzea eta saritzea. Ubarretxenak nabarmendu du urtez urte urrats “handiak” eman direla, eta “oso pozik” daudela, iruditzen zaielako, komunikabideak oro har, laguntzeko prest daudela: “Helburua da estigma gainditzeko kazetariek egiten duten lana aintzat hartzea”.
Positibo mintzo den arren, uste du zenbait kontu landu beharra direla. Esate baterako, nabarmendu du hedabideetako lan erritmo “azkarrek” eta espezializazio faltak zaildu egiten duela egoki informatzea: “Oso zaila edo ia ezinezkoa da kazetari bat edukitzea soilik buru osasunari buruz hitz egiteko. Idealena litzateke, baina ez da erraza. Hedabide batzuetan erreferentziazko pertsona bat dago eduki horiek lantzeko, eta luxu bat da”. Gaineratu du lagungarriak izan daitezkeen gidak daudela, esate baterako, Espainiako Osasun Mentaleko Konfederazioak sortutako gida: Hitzek badute zer esan. “Hitz egiteko oinarrizko formakuntza izan behar duzu edo gutxienez ondo ulertu nondik norakoak. Batzuetan sakontasuna falta da”, dio.
"Beti agertzen dira krisi edo gertakari dramatikoei lotutako edukiak. Askoz positiboagoa litzateke, adibidez, errekuperazio prozesuez hitz egitea"
Gaiak jorratzeko ikuspegiari dagokionez, narratibak aldatzeko beharra dagoela ere badio, estereotipoei “oso” lotuta daudelako: “Beti agertzen dira krisi edo gertakari dramatikoei lotutako edukiak. Askoz positiboagoa litzateke, adibidez, errekuperazio prozesuez hitz egitea. Hau da, ikustea nola pertsona bat egon den demagun Agifeseko errekurtso batean, zein ibilbide egin duen eta behin krisia pasata nola dagoen”.
Antsietate eta depresiotik harago
Osasun mentalaz hitz egiterako orduan, antsietatea eta depresioa maizago agertzen direla sentitzen du, eta gustatuko litzaioke beste batzuek ere lekua izatea; adibidez, eskizofreniak edota nahasmendu bipolarrak: “Nabarmentzeko modukoa da nola depresioarekin eta antsietatearekin ikusi dugun ez direla besteen arazoak, denon arazoak baizik, eta erronka kolektibo bat dela. Horretan, komunikabideek izugarrizko lana egin dezakete, eta mezu hori beste osasun mentaleko arazoetara zabaldu beharko litzateke”.
Irudien bidez bestelako errelatoak eraiki daitezkeela uste du. Nabarmendu du erreportajeetan maiz argazkietan agertzen diren pertsonak iluntasunean, bakardadean, sufrimendu aurpegiarekin edota aurpegia eskuekin tapatuta daudela: “Igual kazetariak karpeta bat dauka jartzen duena ‘Argazkiak depresioa’ edo horrelako zerbait, eta astirik ez duenez, onena ez izan arren, horietako bat hartzen du. Horrela estereotipo horiek indartzen ditugu”. Horregatik, gomendatu du pertsonak euren egunerokoan irudikatu behar direla; hala nola komunitatean eta jendearekin harremanetan: “Jende pila bat dago pare bat krisi gogor izan dituena eta medikazioarekin bizitza normalizatua egiten dutenak”. Horrekin batera, esan du informazioa lantzen denean kontuan hartu behar dela buruko osasun arazoen jatorrian faktore asko daudela, eta indibidualismoak, bakardadeak, prekarietateak eta beste faktore sozial eta ekonomikoek eragin handia dutela.
Sare sozialen garrantzia ere aztertuko dute solasaldian. Izan ere, gaur egun informazio asko sare sozialetatik dator, eta beste gai batzuekin bezala iturri fidagarriak identifikatzen ikasi behar dela dio, informazio “nahasmen handia” dagoelako: “Autodiagnostikorako joera handia dago. Hiruzpalau daturekin autodiagnostikoa egin, eta Tik Tok batean ikusitako lau konturekin uste dute badakitela zer egin behar duten gainditzeko”. Horregatik, uste du garrantzitsua dela identifikatzea zein elkartetara jo dezaketen laguntza eske. Alabaina, alde onak ere baditu: “Buru osasunaren tabua hausten lagundu dezakete eta pertsona askok komunitatea eta babesa aurkitzen dute. Guri adibidez, pertsona askok idazten digute laguntza eskatzeko eta zalantzak partekatzeko”.