“Hedabideen lanik gabe ez zen aterako akusatuak eskuin muturrekoak direla”

  • Irailaren 7an abiatu ostean, ostiral honetan bukatuko da Federico Aramburu Miarritzeko errugbilari zenaren hilketari buruzko epaiketa Parisen. 27 eta 20 urteko kartzela zigorrak galdetu ditu fiskalak hilketaz akusaturiko Loik Le Priol-en eta Romain Bouvier-en kontra, hurrenez hurren. Bertatik segitu du epaiketa Oihana Teyseyre Berria-ko kazetariak eta ARGIA berekin mintzatu da aipamen handia ukan duen epaiketa horretaz. Akusatuak neofaxistak izanda, Frantziako Estatuan gora doan eskuin muturraz ere aritu da ARGIA kazetari lapurtarrarekin. Ostiral honetako espero da epaia.


2026ko irailaren 25ean - 07:00
Oihana Teyseyre Berria-ko kazetaria.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Kasik hiru aste iraun ondoren, gaur jakin beharko genuke epaia. Parisen egon zara epaiketaren segipena egiten. Zer nabarmenduko zenuke?

Zaila da gauza bakarra nabarmentzea, baina epaiketa laburbiltzeko gisan interesgarria atzematen dut azpimarratzea parte zibilen eta akusatuen abokatuen arteko joan-jina. Azken egunetan defentsak, hau da, akusatuek eta beraien aldeko lekukoek toki anitz izan dute eta haien istorioa kontatu digute, erranez arduradunak direla baina ez zutela hil nahi ukan; biktima lekutik mintzatuz arrunt. Azkenean haien abokatuak dioena sinesten hasten zara pixka bat, pentsatzen duzu premeditazioa agian ez dela hain argia... Hori komentatzen egon gara beste kazetari batzuekin. Lau oreneko laburpen bat egin zuen fiskalak atzo [asteazkena], bere azken mintzaldia izan da erretretara doalako. Izugarri dentsoa izan da, abokatuen arteko joko hori laburbildu du eta iruditu zait berriz dena bere lekuan ezarrita bukaeran argi geratu dela: bai, errugbilarien atzetik joan ziren haiek hiltzeko, armatuak ziren eta ez da dudarik horretan.

GUD Groupe Union Défense [Batasuna Defentsa Taldea] ikasle talde neofaxistarekiko loturak ere agerian gelditu dira. Fiskalak ere erran du hilketaren zergatiak ezer politikorik edo xenofoborik ez badu ere, akusatuak GUDen barnean elkar ezagutu izana badela kontuan hartzeko osagai bat. Eskuin muturrari egindako auzia izan dela erran zenezake?

"Bazuten [akusatuek] inpunitate sentimendu ikaragarria: kontrol judizialpean ziren, Le Priolek ez zuen Parisen izateko eskubiderik, ez zuten elkarrekin izateko eskubiderik, are gutxiago ez zuten armatuak izateko eskubiderik"

Ez nuke erranen eskuin muturraren auzia izan denik, zeren uste dut nolabait erranda parte zibilei ere ez zitzaiela komeni epaiketa gehiegi politizatzea. Haiek nahi dute gertatu dena ikertu, nahi dute jende horiek gertatu denagatik kondenatuak izatea eta uste dut diskurtso politikoegiak ere saihestu nahi izan dituztela, haiei kalterik ez egiteko. Hori erranik, parte zibilen abokatuek argi eta garbi utzi dute nor ziren akusatuak. Loik Le Priol-en eta Romain Bouvier-en [bi akusatuak] artxiboetako, mugikorretako eta ordenagailuetako hainbat elementu erakutsi dituzte, eta ez da dudarik, faxistak dira. Ez da dudarik. Behin eta berriz saiatu dira erraten GUD ikasle sindikatu bat dela, denbora guztian minimizatu dute beraien militantzia politikoa, deus ez balitz bezala... Baina ez: parte zibilen abokatuek argi utzi dute hori ez zela horrela. Adibidez erakutsiz Hitlerrekiko iruditxoak dituztela etxean, Wehrmachten musikaren gainean itzulika dantzan ari den Hitler bat dute adibidez...

Fiskalak berak adierazi du nahiago ukanen zuela Hitlerren Mein Kampf liburua beharrean Printze Txikia atzeman izan balute beren etxean.

Bai, zeren Bouvierrek behin eta berriz aurkeztu izan du bere burua intelektual handi baten modura, biziki jantzia dela erranda, anitz irakurtzen duena... Dio Mein Kampf baduela, baina aldi berean Leninen eta Maoren liburuak ere dituela. Nazi bat bezala aurkeztua izanik, konplot baten biktima bezala agertu da hastetik buru. Barkatu, baina bakarrik faxistek dute Hitlerren pertsonaiatxoa etxean. Zentzu horretan bai fiskalak bai parte zibilen abokatuek beraien lana egin dute militante faxistak direla erakutsita, eta erakutsita preseski, horrek dituela eraman krimen hori egitera. Uste dut Federico Arambururen alargunak duela erran Federico izan ez balitz, bi edo hiru egun berantago beste bat izanen zela.

Bazuten inpunitate sentimendu ikaragarria: kontrol judizialpean ziren, Le Priolek ez zuen Parisen izateko eskubiderik, ez zuten elkarrekin izateko eskubiderik, are gutxiago ez zuten armatuak izateko eskubiderik. Beraien etxean baziren armak trumilka, eta armaturik promenatzen ziren Pariseko karriketan, omen mehatxatuak sentitzen zirelako. Mehatxatuak zergatik? 2015ean torturatu zutelako GUDeko beste kide bat. Horrek argi erakusten digu eskuin muturreko militanteek beraiena arras zilegitzat jotzen dutela eta ez dutela neholako legerik, ez judizialik, ezta moralik ere. Horrez gain, bada gizonkeriaren gailentasun ikaragarria. Gizonak dira, armak badituzte eta horrek ere eragina du diren horretan: armatuak dira Paris erdian, tirokatu dute, batek lau aldiz, arma hustu arte, besteak sei aldiz; ez dakit zenbat bideotan ageri diren tiroketa guneetan militarrez bezti, ez dakit non balira bezala... Beldurgarriak dira zeren dituzten ideiak dituzte eta lepora arte armatuak dira. Bai, beldurgarriak dira.

"Bai fiskalak bai parte zibilen abokatuek beraien lana egin dute militante faxistak direla erakutsita, eta erakutsita preseski, horrek dituela eraman krimen hori egitera"

Balio izan dizu hurbiletik begiratzeko Frantziako Estatuan eskuin muturrak duen lekuari? Nolakoa da eskuin muturraren espektroa?

Karia horretara Street Press hedabideko erredaktoreburu Mathieu Molard elkarrizketatu dut eta zera dio berak: afera honek argi uzten digu eskuin muturra bat eta bakarra dela, eta taktika desberdinak izanik ere, batzuk instituzionalak eta besteak militarragoak edo indarkeriaren aldekoak, finean etengabeko joan-etorriak badirela bien artean, eta elkarrekin funtzionatzen dutela. GUD da adibide argiena. Gaur egun RN Batasun Nazionalean den jende anitz dabil GUDaren inguruan. Le Priol eta Bouvier kondenatuak izan dira 2022an, 2015ean GUDeko kide bat torturatzeagatik. Bietariko bat atera zen fidantza pagatuz, eta fidantza Fronte Nazionaleko eta GUDeko koadro batek pagatu zion. Hori azaleratu zuen Mediapart komunikabideak. Argi uzten du eskuin mutur instituzionalak ez duela eskuin mutur bortitza gabe funtzionatzen eta alderantziz. Eskutik helduta egiten dute beraien bidea.

Eskuin muturrari lotzen den deabruaren irudia arintzeko lan handia egin du alderdiak, komunikabide handiak ere badakigu noren interesentzat ari diren, Vincent Bolloré hor dugu. Lortu dute eskuin muturra normalizatzen. Guk ere RN alderdiaz entzun eta ez dugu lehen bezainbat erreakzionatzen. Baina afera horrekin argi geratzen da: loturak badituzte eta telebistan ongi jantzita eta ongi hitz egiten dabiltzanak Parisen armaturik dabiltzanen lagunak dira.

Federico Arambururen ehorzketak 2022ko martxoan. Argazkia: L´équipe.

Hain justu, nolakoa izan da Frantziako komunikabideen jarraipena?

Auzi mediatikoa da. Alde batetik kirol-kazetari anitz egon da, Aramburu eta Shaun Hegarty errugbilariak zirelako eta famatuak. Bestalde hor egon dira ere mainstream komunikabideetako kazetariak, jarraipen nahiko txukuna egin dutenak. Ezagutu ditudan kazetariak gazteak dira, kazetaritza eskolatik atera berriak, BFM telebistan [eskuin muturreko ideiak zabaltzeagatik ezaguna] postu bat dutenak baina ez dutenak baitezpada bat egiten ildo editorialarekin. Eta badira ere ezkerretik kazetaritza engaiatua egiten dabiltzanak. Iruditzen zait hilketa gertatu zenean arras oihartzun guti ukan zuela gertakizunak, baina epaiketaren kari, parte zibilen abokatuek komunikazio lan handia eraman dutela. Uste dut Mediapart-ek sekulako lana egin duela afera horren zirrikituak azaleratzeko eta asaldagarriak diren gauzak publikatzeko. Hedabideen lan hori gabe ez zen aterako eskuin muturrekoak direla. Horretan ere rol bat dugu kazetariok, ikerketak bideratzeko eta halako gauzak agerian sartzeko betebeharra dugu. Akusatuek eta haien abokatuek behin eta berriz erran dute haien kontrako konplot bat zela, iritzi publikoa prentsak manipulatuta zuela... Preseski, dagoen hori karrakatzen hasten garenean, orduan hedabideak kritikatzen gaituzte eta beti ateratzen dute konplotaren argudioa.

Berria ere egon da bertatik auziaren segipena egiten. Zergatik hautu hori?

Uste dut inportantea dela, hasteko, eskuin muturreko militante bortitzen biktimak euskal herritarrak zirelako eta beraz, geografikoki kokatzen gintuelako. Egon dira Euskal Herrian omenaldiak eta Arambururen memoria biziarazteko ekimenak. Horrez gain, 2027an Frantziako lehendakaritzako hauteskundeak izanen dira eta eskuin muturraren mehatxua biziki larria eta beldurgarria da. Uste dut testuinguru honetan garrantzitsua dela oroitaraztea eskuin muturrak hiltzen duela, eskuin muturra armatua dela, formakuntza militarra jasotzen duela eta ez duela inolako arazorik karrikara armaturik ateratzeko. Gure irakurleei auzi horren berri eman nahi genien horretarako. Euskaraz gabiltzan komunikabideok beti badugu konplexu gisako zerbait, gurea gutxiesteko joera. Hori gainditzeko balio izan digu: euskarazko komunikabide bat gara eta Parisera kazetari bat eramango dugu auzi horren jarraipena egitera.

 


Eskuin muturra kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.