Hazparneko Xuriatea ostatuak diru bilketa abiatu du, apartamendu sozialak eta espazio kolektiboak eraikitzeko xedez

  • Diru bilketa kanpaina abiatu du egitasmoaren oinarrian den herritar taldeak eta 120.000 euroko laguntza behar dute proiektua gauzatu ahal izateko. Kolektiboki aitzinatzen segitzeko, kooperatiba modura egituratu ziren iaz, Lekukoa izeneko kooperatiba sortuta.

Xuriatea

2026ko ekainaren 4an - 16:15
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

26 urte betetzen dituen honetan, geroari begira dituen xedeak aurkeztu ditu Xuriatea Hazparneko (Lapurdi) ostatu herrikoiaz arduratzen den kolektiboak: eraikina berritu eta zortzi apartamendu sozial eraikiko dituzte, baita kultur gune bat eta elkarteentzako espazio bat ere. Xuriatea ostatuak segituko luke bere aktibitatea. Azken hiru urteetan eramandako hausnarketa prozesuaren berri eman dute asteartean egindako prentsaurrekoan.

Baina egitasmoak kostu alimalea suposatzen die –1,93 milioi euro– eta beharrezkoak dituzten diru laguntzak eta maileguak jaso ahal izateko, diru bilketa kanpaina abiatu dute. Orotara, 120.000 euro behar dituzte aitzina egin ahal izateko.

Leku ezaguna eta estimatua da Xuriatea eta prentsaurrekoan zera adierazi dute: "Azken hogei urteetan jende anitz ibili da Xuriatean, eta beste hogei urtez proiektuak segi dezan, Hazparneko lurraldeko, eta oro har Iparraldeko eta Euskal Herriko herritar guziei dei egiten diegu. Xuriatea ostatua toki herrikoia, euskalduna, denei irekia eta goxoa geldi dadin, denen beharra dugu”.

26 urtez, herritarrei esker

Herritarren laguntzari esker bizi da Xuriatea hastapenetik. 2000. urtean ostatu euskaldun eta euskaltzale bat ukateko gogoari segi, ehun bat herritarrek egindako diru eskaintzei esker erosi ahal izan zuten komertzio fondoa. Baina 2003an, eraikina salgai jarrita zela jakin zuten eta horrek ostatuaren geroa zalantzan jartzen zuenez, berriz ere mobilizatu ziren herritarrak eta 128 lagunek SCI edo Etxebizitzarako Sozietate Zibila deitu egitura osatu zuten, guztien artean erosi ahal izateko eraikin osoa.

Hortik hogei urtera, mailegua ordainduta zutela, hausnarketa fase berri bati lotu ziren 2023an, batetik, arraberritze-lanak beharrezkoak zirelako, eta bestetik, espazio handi bat erabili gabea zutelako. Egituraketa sinplifikatzeko eta prozesua errazteko asmoz, 128 bazkideak kontaktatu zituzten, eta gehienek onartu zuten beraien parteak kitorik uztea, hau da, oinarrian jarritako dirua berreskuratu gabe. Hori horrela, 33 partaideko talde txikiak segitu zuen gogoeta. 2024ko biltzar nagusian aho batez onartu zuten apartamendu sozialak, kultur gunea eta elkarteentzako espazioa sortzeko proiektua. Gainera, urte berean ostatuaren kudeatzaileak komertzio fondoa salgai jartzekoa zuela jakin zen.

Hori horrela, kooperatiba gisa osatzeko erabakia hartu zuten eta 2025eko abenduaren 8an sortu zuten ofizialki Lekukoa izeneko kooperatiba –zehazkiago Interes Orokorreko Kooperatiba Sozietatea estatutudun entitatea– 11 kooperatzaileren artean. Bi astez 98 kooperatzaile izatera pasa ziren.


Kooperatibagintza kanalean gehiago
2025eko uztailaren 2
Lurraldea eta arkitektura
Kooperatibak

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...