argia.eus
INPRIMATU
‘Hazi Hezi’ aldizkaria berritu dute, hamarkada ospatzeko
  • Hamarkada bete du gurasoei eta hezitzaileei zuzendutako Hazi Hezi aldizkariak, eta mugarria ospatzeko itxuraldatuta eta indarberrituta dator. Hik Hasi aldizkari pedagogikoak eskoletan egiten zuen lana familien esparrura zabaltzeko sortu zuten aldizkaria 2012an, Joxe Mari Azurmendiren bultzadarekin. Maiatzaren 29an festa egingo dute Adunan.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 11

Duela hamar urte sortu zuten Hazi Hezi aldizkaria, familiaren eremuan pedagogiaren inguruko informazio hutsuneari erantzuteko. Hik Hasi aldizkariak hamabost urte zeramatzan ordurako, eta hark eskoletan dibulgazio eta erreferentzia lanak egiten bazituen ere gurasoak erreferentzia faltan zeuden. Horri aterabidea emateko sortu zuten Hazi Hezi.

Aldi berean, baina, herri hezitzaileen sarea abiatu zuten, hezkuntza familiarena eta eskolarena baino eremu zabalagoa dela ulertuta. Egun Oinherrin bilduta dago herri hezitzaileen sare hori.

Aldizkariko kideek adierazi dutenez, gaur egun ere informazio kontrastatua, kalitatezko profesionalekin landua eta euskarazkoa eskaini nahi diete familiei. Zenbaki guztietan heziera-etapa guztiei buruzko informazioa eskaintzen dute: lehen urteak, urte gozoak eta nerabezaroa. Are, haurdunaldiari eta gurasotasunari buruzko informazioa ere biltzen dute zenbaki guztietan, baita garapenaren ezaugarriez, psikopedagogiaz, sexualitateaz, elikaduraz, hizkuntzaz eta abar ere. Euskal Herriko profesional aditu eta arituen sare zabala dute horretarako.

Diotenez, belaunaldien arteko transmisioa galdu egin da eta haziera eta heziketako oinarrizko balioak eta baliabideak ez dira ezagunak, ia-ia seme-alabak lehendabizikoz besotan hartu arte. Gaur egungo gizartean gurasoek eta hezitzaileek heldulekuak, ereduak eta aukera egingarriak behar dituztela uste dute: "Hazi Hezi sortu genuenetik eta gaur arte, oso presente daukagu gure bokazioa laguntzea dela eta ez presio eta exijentzia gehiago ezartzea, sarritan haziera aldizkariek presio eta juizio iturri izateko arriskua izaten baitute".

Hamarkada beteta, haien erronka aldizkaria familia eta hezitzaile gehiagorengana iristea izango dela adierazi dute, diseinu berriarekin baina betiko kalitateari eta informazio landuari eutsiz. Etxe gehiagotara iristeko, besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan 2022ko udazkenetik aurrera Gipuzkoan jaiotako ume guztien familiei etxera bidaliko diete aldizkariaren ale berezi bat. 

Ospatzeko, gainera, festa egingo dute maiatzaren 29an Adunan. Hamargarren urteurrena harpideekin eta familiekin ospatzeko aukera izango da. Festa irekia izango da eta Porrotx eta Marimotots ere izango dira bertan.