Nor naizen baneki
Konpainiak: Axut eta Artedrama.
Dramaturgia: Harkaitz Cano eta Ximun Fuchs.
Zuzendaritza: Ximun Fuchs.
Aktoreak: Ramon Agirre, Garoa Bugallo, Maialen Diaz, Aline Etxeberri, Manex Fuchs, Idoia Tapia eta Oier Zuñiga.
Noiz eta non: urriaren 26an, Donostiako Gasteszenan.
-----------------------------------------------------------
Hemen ginen eta pixkanaka hau lapurtzera, hondatzera eta eraldatzera etorri dira boteredunak: izan erromatarrak, inkisidoreak, jauntxoak, kapitalistak, estatu frantsesa eta espainiarra, monarkia... Ia bi mendetan bizirik iraun izan bagenu, zer kontatuko genuke?
Axut eta Artedrama konpainiek bi urtean behin elkarlanean egindako lanek ikusmira handia sortzen dute. Gai politiko eta sozialak landu ohi dituzte eta publikoa hausnarketara bideratzea dute helburu. Irulegiko Eskuaren gertakaria izan dute abiapuntutzat azken antzezlanean eta hor topatu dute gaia jorratzeko aitzakia: antzoki baten indusketa egiten ari diren arkeologo zein gonbidatuak aurkikuntza txiki bakoitzaren gainean hipotesiak egiten hasten dira. Argien aldatzeak eta jantzi osagarri bat kendu edo jartzeak garai eta testuinguru desberdin batera garraiatzen du publikoa. Bi mende pasatxoko historia batean familia bat izango da protagonista, aldaketa guztiak biziko dituena: inposizioak, kolpeak, lurren desjabetzeak, suntsiketak, seme-alaben lapurretak, bortxaketak, zigorrak, engainuak…
Aktoreek lan handia egin dute pertsonaia batetik bestera hain azkar igarotzeko gaitasuna trebatzen. Iraganeko pertsonaiak dezente pisutsuagoak dira, egoera bortitzak antzezten baitituzte zapaltzaile zein zapalduaren roletan. Orainaldiak, berriz, badakartza umorezko puntuak, belaunaldi desberdinetako pertsonen desberdintasunek ekarriak gehienbat: lan serioa egin nahi duena, influencer-a, laguna, antzokiko teknikaria… Horiei ere, ordea, konplexutasuna bilatu diete, baita zeharkako beste hainbat gai jorratzeko aukera eman ere: amaren zaintza, soldatapeko lana eta beharrezkotasuna, laguntasuna eta bakardadea, besteak beste.
Aldiz, nire iritziz, obra honen indarretako bat eszenaratzea da. Erabaki ezinhobea iruditu zait trama, hau da, protagonistek egin beharreko lana antzoki batean kokatzea: gortina guztiak jasota, oholtza biluzik ikusiko dugu, aktoreak handik eta hona, eszenatokiko marra zuzenak gainditzen eta baita kalera egindako irtenaldietan ere. Ez dute laugarren pareta hausten, hau da, ez dute publikoa ikusten, bazterreko lana irudikatu eta ahanzturaren edo historiaren oihartzuna handitzea lortzeko; baina indusketa egiten ari diren antzokian bertan dago, era berean. Argiztapenak erabat janzten du iluntasuna. Kolore askotako laserrak darabiltzate, helburua oraindik eta zehatzago ikus dadin.
Historia edateko iturri berri bat zabaltzen duten honetan, atzera begirako ariketa bat proposatzen dute, antzezlana bukatu ostean lehortutako ahoa bustitzekoa, bide batez. Nor garen galderari iraganak eta jakintzak erantzun diezaiokela proposatzen dute, izenburuaren erantzuna baita antzezlana bera. 100 urte barru, baina, zer kontatuko genuke orainaz?