Hauteskundeak deitzeko eskatu dio Zelenskiri Defentsa ministro ohiak

  • Fedoroven kargugabetzeak protestak piztu zituen uztailean Kieven, eta horrek ohartarazi du herrialdea “gobernantza krisi bat” pairatzen ari dela. Zazpi urte igaro dira Ukrainan hauteskunde orokorrak egin zituzten azken alditik, eta Ukrainako gerra gero eta lazgarriagoa da zibilentzat. Asteazkenetik ostegunerako gauean Errusiako gutxienez hamahiru lagun hil ditu Kieven.

Ukrainako Defentsa ministro ohi Mijailo Fedorovek YouTube plataforman argitaratutako bideoaren argazkia.

2026ko abuztuaren 20an - 13:45
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Mijailo Fedorov Ukrainako Defentsa ministro izan da sei hilabetez, Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik uztailaren 15ean kargutik kentzea erabaki arte. Kargugabetzeak protestak piztu zituen Kieven, eta 35 urteko politikari eta enpresaburuak gobernuarekin duen tirabirari eustea erabaki du: bederatzi minutu baino gehiagoko adierazpen bat eskegi du asteartean YouTube plataforman, eta Zelenskiri eskatu dio hauteskunde orokorrak deitzeko: “Putinek ezin du gure demokrazia bahitu”. 

Fedorovek gaineratu du herrialdea “gobernantza krisi bat” ari dela pairatzen: “Pertsonek ezin dute mugarik gabe bizi erabaki jakin batzuk zergatik hartzen diren ulertzen ez duten estatu batean”. Zelenskiren kabinetearen aurka jotzeko ere aprobetxatu du Federovek.

Presidentearen eskuin eskua zen Andrii Yermaken argazkia proiektatu bitartean, gobernuaren ustelkeria salatu du Fedorov ministro ohiak. Zelenskiren kabineteko kide zen Yermak; joan den azaroan baztertu zuten ustelkeria eskandalu handi batean parte hartzeagatik. “Gerra garaian, lapurtutako diruak erran nahi du drone bat gehiago eros zitekeela, frontera munizio gutxiago iristen dela, sistema elektronikoa ez dela instalatzen, ibilgailu gutxiago daudela zaurituak ebakuatzeko”, kritikatu du Defentsa ministro ohiak.

Fedorov: "Gerra garaian, lapurtutako diruak erran nahi du drone bat gehiago eros zitekeela, frontera munizio gutxiago iristen dela, sistema elektronikoa ez dela instalatzen, ibilgailu gutxiago daudela zaurituak ebakuatzeko"

Ukrainako gobernua ustelkeriak astintzen jarraitzen du. Asteazkenean bertan, Ustelkeriaren Aurkako Agentzia Nazionaleko eta Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzako agenteek ustelkeriaren aurkako bertze operazio bat abiarazi dute, eta Vadym Stolar diputatua eta Iryna Mudra Presidentearen Bulegoko alboko burua daude ikertuen tartean, Suspilne kate ukrainarrak jakinarazi duenez.

Defentsa ministro berria du Ukrainak

Fedorovek bideoa argitaratu eta ordu gutxira, Zelenskik Ukrainako inteligentzia zerbitzuetako goi kargu ohi Yevhen Khmara izendatu du Defentsa Ministerioko buru. Gerra hasi zenetik, Zelenskik duen bortzgarren Defentsa ministroa da Khmara.

Federov uztailean alboratu zuen, ezustean, eta ordutik milaka pertsona atera dira kalera erabakiaren ados ez daudela adierazteko. Izan ere, herritar anitzen babesa du Fedorovek, droneen erabilera masiboarekin lotuta egin zuen apustu teknologikoagatik. Hala, ospea irabazten joan da presidentearen aurkari gisa, nahiz eta oraindik ez duen argitu hauteskundeetara aurkeztuko ote litzatekeen.

Mikhailo Fedorov ministro ohiaren irudi bat, hura kargutik kentzearen aurkako manifestazio batean, uztaila amaieran. / RTVE.es
7 urte bozkatu gabe

2019an, Zelenskik irabazi zituen hauteskundeak, eta ordutik ez da hauteskunde orokorrik egon. Ukrainako Konstituzioaren arabera, 2024an ziren egitekoak, azken hauteskundeetatik bortz urtera. Hala ere, Errusiak Ukrainaren kontrako inbasioa hasi zuenean, 2022ko otsailean, Ukrainako Gobernuak gerra legea ezarri zuen, eta, beraz, egoera horretan ezin dute hauteskundeetara deitu. 

Zelenskik, hala, behin eta berriro baztertu du Ukrainan hauteskunde orokorrak egitea, “segurtasun arriskuak” argudiatuta. Azkenekoz otsailean esan zuen hori; argi nabarmendu zuen “segurtasunik” ez dagoen bitartean ez duela hauteskundeetarako deirik eginen. Fedorovek, ordea, gogor kritikatu du jarrera hori, eta gogorarazi du demokrazia babestea “ezinbertzekoa” dela “Europako herrialde bat” izateko.

12 pertsona hil dira Kieven ortzegunean, Erruasiako misil balistikoekin egindako eraso baten ondorioz. RTVE.es
Erasoek jarraitzen dute

Ostegun goizaldean ere elkarri egin diote eraso Ukrainak eta Errusiak. Ukrainak emandako informazioen arabera, gutxienez hamahiru pertsona hil dira Kieven, misil balistikoekin egindako eraso batean. 30 pertsona baino gehiago ere zauritu dituzte erasoaldi horietan. Bonbardaketak eraikinak kaltetu ditu, eta hornidura elektrikoa eten du Ukrainako hiriburuko zenbait lekutan. 

Ukrainak ere Errusiaren aurkako erasoak areagotu ditu, petrolio instalazioen eta azpiegitura logistikoaren aurka zuzenduta, Moskuk gerra libratzeko duen gaitasuna ahultzen saiatzeko. Ukrainak azken asteetan Errusiako findegien aurka egindako erasoen ondorioz, Mosku erregai eskasia pairatzen ari da. Izvesta Errusiako egunkariak kaleratu duenez, herrialdeko gasolindegien herenek soilik dituzte erregai erreserbak.

Errusiako armadak, bestalde, esan du azken orduetan Ukrainatik zetozen 700 drone baino gehiago eraitsi dituela.

Zibilak, jomugan

Duela lau urte eta erdi Ukrainiako gerra hasi zenetik 16.874 zibil hil direla baieztatu du NBEk. Bi aldeek ukatu egiten dute zibilak izatea euren erasoen jomuga, baina biktimen zifrek erakusten dute herritar horiek gero eta harrapatuago daudela indarkerian. 

Gatazken Inteligentzia Taldeak 2025ean 2.650 ukrainar eta 275 errusiar hil zirela zenbatu zuen. Gerra hasi zenetik zibilentzat urterik hilgarriena izan zen iazkoa. Eta 2026an joera horrek jarraitu du; are, iazko zifra gainditzea espero da, uztailera bitarte 2.183 zibil hil baitira Ukrainan eta 327 Errusian. Gainera, Moskuren eta Kieven arteko negoziazioak geldituta, gerraren amaiera urrun dagoela dirudi.


Ukrainako gerra kanalean gehiago
2026ko maiatzaren 29
Errusiak eraso handiak iragarri ditu Kieven eta Europari mehatxu egin dio
Madrilgo drone enpresak ere oreshnik errusiar misil supersonikoen jo puntuan daude

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...