Hauteskunde-olatua Asia ekialdean: erabaki baino gehiago, iradoki

  • Ezohiko hauteskunde-segida suertatu da aurtengo otsaileko lehen hamabostaldian Asia ekialdean. Oso tenore desberdinetakoak dira, baina badute transzendentzia-kutsua, bazterrekoa izatetik ardatzekoa bihurtzen ari den mundu-parte batean.

Sanae Takaichi Japoniako lehen ministroa (erdian) Alderdi Liberal Demokratikoko egoitzean. Bloomberg

2026ko otsailaren 10ean - 09:43
Azken eguneraketa: 10:58
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Kanpo utzita –nekez dei baitaitezke hauteskunde– Myanmarren 2021eko estatu-kolpearen bitartez agintea beretu eta amaitzetik urrun dagoen gerra zibila sutu zuen junta militarrak legitimitatez mozorrotzeko abendu-urtarrilean egin dituenak, hauteskunde orokorrak egin dira jada Japonian eta Thailandian, eta eginbidean dira oraintxe bertan Bangladeshen.

Aurreikuspenak ere onduz, Japonian Sanae Takaichi buru duen Alderdi Liberal Demokratikoak gehiengo oso erosoa berreskuratu du otsailaren 8an Japoniako Dietan, iraganeko koalizio-premiak ere azkenduz. Bestelako kontua da, haatik, Konstituzio bakezalea aldatzeko darabilen egitasmorako beharko lukeen indar-metaketa lor ote dezakeen. Batik bat, Goi Ganberara begira, eta bera baino eskuinerago koka ditzakegun Ishin, Sanseito eta abarrekin. Hautetsontzien emaitzek iradokitzen dute gehiengo sozial batek begi onez ikusten duela berrarmatze-asmo hori. Baina ezingo da ahaztu japoniar elite politiko-ekonomikoak nolako solipsismoa balia dezakeen herrialdearen norabidea erabakitzeko orduan; eta hori bera nola islatzen den liberal-demokraten baitan. Eta XXI. mendeko lehen hereneko testuingurua ez dela XX.aren lehen herenekoa.

Askoz arreta laxoagoa eskaini zaie gure artean Thailandiako hauteskunde orokorrei, eta aldi berean egin den konstituzio-aldaketarako erreferendumari. Ez da bada izango garrantzi eskasekoak liratekeelako. Emaitza ere ezustekoa izan da: orain arte gobernu-koalizioaren barne-gorabeherez lehen ministro zen Anutin Charnvirakul-ek garaipen zabala lortu du. Kontrakoa aurreikusten bazen ere, berezko ahalmenez jarrai dezake agintean... goi-intrigek zangotrabatzen ez badute, thailandiar politikagintzan iraganean maiz gertatu den moduan. Edonola ere, emaitzek iradokitzen dute Kanbodiarekiko gatazka militarren berotasunak gogotik hauspotu duela Anutinen kemen politikoa. Eta hori bera arriskugarria izan daiteke etorkizun hurbilean.

Uztaileko Iraultzak Sheikh Hasina agintetik eraitsi zuenetik Bangladeshen lehendabizikoz eginbidean diren hauteskunde orokorren transzendentziak, haatik, luzaz gainditzen ditu arestian aipatu ditugun horienak. Iradoki ez ezik erabaki behar dutelako munduko zortzigarren (ia bikoiztu egiten du Japoniaren populazioa) potentzia demografikoaren etorkizun politikoa, behin-behinean bederen. Awami Liga legez kanpo dela, Alderdi Nazionalistaren eta Jamat-e-Islami integristaren artean, batik bat. Eta prozesu guztia errezeloz zaintzen ari den Modiren Indiaren begiradapean.

Iraganeko egonkortasunak urruntzen ari direla iradokitzen du giroak, ezta?


Asia kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.