Hilabeteak dira EAJk eta EH Bilduk, administrazio publikoko euskara eskakizunei begira, lege proposamen bana aurkeztu zutela eta legebiltzarrean onartu zirela. EAJ eta PSE-EE negoziazioetan aritu dira, baina PSE-EEk adierazi berri du zaila izango dela akordio batera iristea. EH Bilduk, berriz, salatu du negoziaketa horietan parte hartzea eragotzi diotela. Orain, EAJk iragarri du EH Bildurekin ere negoziatzeko prest dagoela. EH Bilduk begi onez hartu du EAJren erabakia. Apirilaren 30ean amaitzen da zuzenketak aurkezteko epea. Bi alderdiek baieztatu dute zuzenketak aurkeztuko dituztela.
EAJk eta EH Bilduk aurkeztu dituzten lege ekimenak hizkuntza-eskakizunen sistemaren gainekoak dira, administrazioei, oldarraldi judizialaren aurrean, segurtasun juridikoa emateko asmoz egindakoak. EH Bilduk irizpide orokortzat proposatu du lanpostu guztiei nahitaezko hizkuntza-eskakizuna ezartzea. EAJk, berriz, derrigortasun indize orokorra kendu eta administrazio bakoitzari autonomia handiagoa ematea proposatu du.
Ondoko lerroetan bi proposamenen nondik norakoak daude azalduta. Horrez gain, Iñigo Urrutia legelariak, Txillardegi Gogoeta Guneak eskatuta, prestatu duen proposamena jaso dugu, zeina Euskalgintzaren Kontseiluak babestu duen. Legelari berak bi alderdien proposamenei buruz egindako balorazioa ere bildu dugu.
EH Bilduren lege proposamena: nahitaez bi hizkuntza ofizialak
EH Bilduk lege ekimenean 11/2022 Euskal Enplegu Publikoaren Legearen 70, 71, 79, 187 eta 188 artikuluak aldatu ditu. Euskara eta gaztelania hizkuntza ofizialak direla aitortuta, euskara berezko hizkuntza eta lan- eta zerbitzu-hizkuntza ere izango dela zehaztu du. Lege proposamenaren ideia garrantzizkoena da lanpostu guztiek nahitaezko hizkuntza-eskakizuna dutela enplegu publikoan sartzerako. Langile guztiek bi hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz jakin behar dituzte.
Oinarrizko printzipio moduan ezarri du: orain arte, gaztelania baino ez zen eskatzen lanpostu guztietan, orain bi hizkuntza ofizialak, euskara eta gaztelania, berdintasunean. EH Bilduren proposamenak Katalunia eta Galiziako ordenamendu juridikoetan jasota dagoena hartzen du oinarritzat. Josu Aztiria legebiltzarkideak adierazi duenez, ez dute ezer asmatu eta “40 urteko abala dute”, baita Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko eta Europako Batasuneko sententzia ugariren babesa ere.
Irizpide orokor hori proposatuta, administrazioei aterpe juridiko seguru bat eskaini nahi die, “beren gain zama guztia ez uzteko”, haien jarduna aurrera eramateko eta epaileen interpretazioetatik babesteko. EH Bilduk azpimarratu du bi hizkuntzak jakitea nahitaezkoa bihurtzeak euskarak gaztelaniaren estatus bera izan dezan pausoak emateko balio duela. Era berean, euskararen balio instrumental eta soziala handitzeko ere balio du: “Herritar batek ikusten badu bere administrazioan euskara jakitea ezinbestekoa dela, (euskara ez da gehigarri bat) euskararen balio instrumental eta soziala handitzen da”. 2022ko legearen arabera, lanpostu guztiek euskara-eskakizuna dute, baina ez da aurreikusten lanpostu guztietan derrigor eskatuko direnik bi hizkuntzak; gaztelania bai, baina euskara ez. Administrazio bakoitzak egiten duen plangintzaren arabera, lanpostu batzuk elebidunak dira. EH Bilduk proposatutako aldaketaren bidez, irizpide orokorra da bi hizkuntzen ezagutza nahitaezkoa izatea eta irizpide horren ondoren etorriko lirateke salbuesteak eta eskakizunen geroratzeak. Salbuesteak eta geroratzeak zergatik egingo diren justifikatu egin behar du administrazioak.
Derrigortasun indizearen ordez, geroratze indizea
Gaur egungo derrigortasun indizearen aurrean, erreferentzia indize berri bat proposatu du EH Bilduk: geroratze indizea. Orain arte derrigortasun indizea honela ezarri da, erroldako datuak oinarri hartuta: euskaldun kopurua + “ia euskaldun” kopuruaren erdia. Esaterako, herri batean “euskaldunak” herritarren %30 badira, eta “ia euskaldunak” %20, honakoa litzateke eragiketa: 30+ 10 (20/2). Hortaz, lanpostuen %40ak izan beharko luke derrigorrezko euskara-eskakizuna. EH Bilduren proposamenak derrigortasun indizea alderantzikatzen du: herri bateko derrigortasun indizea %40koa baldin bada, geroratze indizea %60koa litzateke.
Geroratze indizea proportzionaltasun mekanismo bat da, eta aplikazio “malgu, tasatu eta progresibo bat” proposatzen du alderdi abertzaleak, hainbat aplikazio irizpideren arabera: besteak beste, UEMAko udalerriak salbuetsita egongo dira (derrigortasun indizea %70etik gorakoa dute), eta indize berria gehienezkoa izango da, hau da, ezin da indizeak ezartzen duena baino ehuneko handiagoan atzeratu edo diferitu. Bestalde, nahitaezko hizkuntza-eskakizuna atzeratuta duten lanpostuetara sartzen diren pertsonek, baldin eta lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna ez badute, daukaten euskara maila egiaztatu beharko dute edo euskara ikasten ari direla egiaztatu. Horretarako, EH Bilduk legean jaso du administrazioak langileari liberazioa emateko eta trebakuntza plan pertsonalizatua eskaintzeko betebeharra izango duela.
Alderdi politikoaren ustez, moldaketa horiek “malgutasunez eta enpatiaz” egin behar dira. “Printzipioetan sendo eta kudeaketan malgu” jokatu nahi dutela azpimarratu dute. Gehitu dute jakitun direla “testuinguru soziolinguistiko, instituzional eta pertsonal desberdinak daudela”, eta beraien aburuz, egokitzapenak egiteko dispositiboak daude legean.
Ekimen legegilearen bost oinarri eta estrategiak hauek dira: lehenik, oinarri juridiko sendoak izatea eta atzera egiteko zirrikiturik ez uztea, hau da, segurtasun juridikoa erakundeek hizkuntza politika berme guztiekin egin ahal izateko. Bigarrenik, euskarak gaztelaniarekiko berdintasunezko estatusa lortu dezan urrats orekatzaileak ematea eta euskararen balio instrumentala eta soziala areagotzea. Hirugarrenik, euskaraz lan egingo duen eta zerbitzua euskaraz emango duen administrazio publikoa lortzea. Laugarrenik, euskara ikasteko edo gaitasunak hobetzeko aukera gehiago eskaintzea. Eta bosgarrenik, hizkuntza-politika legebiltzarrean diseinatzea; ez epaitegietan.
EAJren proposamena: derrigortasun indizea ezabatu eta administrazioei autonomia gehiago eman
Bere lege erreforma epaitegietan egon diren kontrako epaien testuinguruan jarri du alderdi politikoak. Haren ustez, “ziurgabetasun handia” sortu da administrazioetan, eta lege ekimenaren asmoa eskaintza publiko prozesu guztiei “segurtasun juridikoa” eskaintzea da. Aldi berean, administrazio bakoitza “ahalduntzea” da asmoa.
Bi ideia nagusi ditu EAJren erreformak. Batetik, administrazio publiko bakoitzari eskatuko dio Lan Eskaintza Publikoak ateratzerakoan “azterketa zorrotz eta justifikatua” egitea hizkuntza eskakizunak eta derrigortasun datak finkatzeko, beti ere proportzionaltasun irizpideetan eta erakundean hizkuntza ofizialak erabiltzeko beharretan oinarrituta. Bestetik, derrigortasun indizea kentzea proposatzen du, hau da, nahitaez bete beharreko indizeen zehaztapen orokorrak aplikatu beharrik ez da egongo.
Derrigortasun indizea kentzea honela azaldu zuen Markel Olano legebiltzarkideak proposamena legebiltzarrean aurkeztu zuen egunean: “Derrigortasun indizeak, berez, prozesuetan lagungarri izan nahi zuen, baina problematiko bihurtu da. Eta, batez ere, epaitegietan interpretazio, gure ustez behintzat, desegoki bat egin izan zaio”. EAJren ustez, derrigortasun indizea kalkulatzeko irizpide bakarrak ez du izan behar hiritarren hizkuntza ofizialen ezagutza mailak, izan beharko luke irizpide baita ere hizkuntza eskubideak bermatzeak eta horretarako administrazio bakoitzak eman behar dituen pausoak. Alderdiak adierazi du, batetik, epaitegi batzuetan hiritarren hizkuntza ofizialen ezagutzaren irizpidea baino ez dutela kontuan hartu, eta, bestetik, epaitegi askotan irakurketa oso murriztuak egin dituztela, eta ez dituztela kontuan hartu hiritarren hizkuntza eskubideak. Ondorioz, derrigortasun indize orokorra kentzea proposatu dute, eta aldiz, erakunde bakoitzak ezarriko du bere derrigortasun indizea.
Iñigo Urrutia: “EH Bilduren proposamenak aurreikusgarritasun handia emango lioke sistemari”
Iñigo Urrutia EHUko Administrazio Zuzenbideko irakaslearen aburuz, EAJren proposamenak sektore publikoko entitate bakoitzaren hizkuntza erantzukizuna handitzen du. Positibotzat jo du administrazio bakoitzak “bere proposamenaren proportzionaltasuna aztertzeko” autonomia izatea. Dena den, askatasun horren ondorioz, lanpostuetako derrigortasunak gora bezala behera egin dezakeela dio. Arrisku bat ikusten dio proposamenari: administrazio bakoitzak egiten duen proportzionaltasun-neurketa epaitegiek berrikus dezaketela. Urrutiak zalantzak ditu proposamena gaur egungo ziurgabetasun juridikoa konpontzeko baliagarria izango den. Udalerrien gain “karga handiegia” jartzeko arriskua ere azpimarratu du.
Bestalde, emendakinaren planteamendua ez zaio iruditu erabat berritzailea. Horren arabera, administrazio bakoitzari dagokio derrigortasunak zehaztea, eta zehaztapen hori administrazio bakoitzeko erabilera irizpideen araberakoa izan behar da. Gogorarazi du derrigortasunak zehazteko parametro hori gaur egungo araubidean badagoela eta, Urrutiaren esanetan, ez da nahikoa izan jurisprudentzia mugatzaileari aurre egiteko.
EH Bilduren lege ekimenari dagokionez, segurtasun juridikoaren ikuspegitik “proposamen sendoa” dela adierazi du Urrutiak. Hala dio: “Legeak berak ezartzen du araua, hau da, bi hizkuntza ofizialak ezagutu behar direla, eta justifikatu behar dena salbuespena da. Legeak arau nagusia ezartzen duenez, administrazioek hura aplikatu besterik ez dute egin behar. Deialdientzat segurtasun juridikoa handituko litzateke”.
Konstituzionaltasunari dagokionez, Urrutiak gogorarazi du EH Bilduren proposamena Kataluniakoaren eta Galiziakoaren norabidean doala eta Auzitegi Konstituzionalak adierazia duela bi hizkuntza ofizialen ezagutza eskatzeak ez duela Konstituzioa urratzen. Bestalde, lege ekimenean lantzen diren salbuespen eta geroratze kontzeptuak gehiago garatzea proposatu du Urrutiak.
Bi lege erreforma proposamenak kontuan hartuta, legelariak uste du EH Bilduren proposamenak “aurreikusgarritasun handia” emango liokeela sistemari, arau nagusia legeak berak finkatzea proposatzen duelako, alegia, bi hizkuntzak jakitea.
Iñigo Urrutiaren proposamena: “Administrazioek justifikatu egin beharko lukete euskararen ezagutza ez eskatzeko arrazoia”
Iñigo Urrutiak, Txillardegi Gogoeta Guneak eskatuta, Enplegatu publikoen hizkuntza planifikazioan jauzia egiteko unea izeneko proposamena aurkeztu zuen 2024ko martxoan Gogoeta Guneak eta Euskalgintzaren Kontseiluak antolatutako mintegian. Gogoeta Guneak bezala, Kontseiluak era legelariaren proposamenari babesa eman dio. Kontseiluak ez du bi alderdi politikoen proposamenen baloraziorik egin. EH Bilduren lege erreformak proposamen honetan ditu oinarriak.
Urrutiak eredu berri baterantz jotzea proposatzen du, bi bide erabilita. Batetik, lege-ekimen puntual bat proposatu du, funtzio publikoan sartzeko hizkuntza-eskakizunen “legezkotasuna bermatzeko”, eta euskararen erabilerarako sarbide-prozedurei eta normalizazioari “segurtasun juridikoa” emateko. Lege-ekimenari dagokionez, bi parametrotan oinarritutako eredu baterantz jotzea proposatu du: batetik, funtzio publikorako sarbidean bi hizkuntza ofizialen ezagutza orokortzea, lanpostuaren funtzioetarako maila egokian; eta, bestetik, administrazio publikoek arau orokor horri salbuespenak jartzeko aukera edukitzea, lanpostu edo deialdi zehatzetan euskararen ezagutza salbuetsita. Urrutiak dioenez, praktikan, proposamen horren emaitza “ez litzateke gaur egun indarrean dagoenaren desberdina izango”. Gaur egun, hizkuntza-eskakizunak plaza jakin batzuetarako aurreikusten dira. Proposamen berri honekin, sistemaren oinarria alderantzizkoa izango litzateke, eta, beraz, administrazioek justifikatu egin beharko lukete euskararen ezagutza ez eskatzeko arrazoia. Neurri horri esker, galga jarriko litzaioke auzitegiak erabiltzen ari diren argudioari, sarbide-deialdiak baliogabeak direla dekretatzeko.
Bestetik, eredu berri baterantz jotzeko proposatu duen bigarren bidea, euskararen araudia eguneratzeari buruzko eztabaida bat hastea litzateke.