Euskarazko liburuekin janzteko bederatzi ekimen izango ditugu 2026an, Doinuele sarearen barruan. Euskal Herrian zehar eta urtarriletik abendura baditugu plaza hartuko duten bederatzi arnasgune: gure hizkuntzan gozo sentitzeko, euskarazko sormen lanak erosteko eta sortzaileekin aurrez aurre topo egiteko.
Makilarekin lurra joz eta pastoral doinuan "Euskal kulturak badaki... euskaldun oroko baleki!..." pregoia joz eman diote hasiera Doinuele sareko kideek prentsaurrekoari, urtarrilaren 21ean Iruñeko Laban. 2023an sortu zen Doinuele, euskara hutsezko liburuak plazara ateratzen dituzten ekimenen sarea, eta hain justu horretarako sortu zen, elkarrekin euskal kulturaren ekimen hauei oihartzun handiagoa emateko, eta euskal herritarrei urte osoan zehar euskara hutsezko liburuak ezagutzeko eta eskuratzeko tokian toki dituzten aukeren berri komunikatzeko.
Gaur egun, bederatzi ekimenek osatzen dute Doinuele sarea, eta nazio mailako sare hau bere horretan arnasgune bat dela nabarmendu dute prentsaurrekoan: "Azoken martxak etenik ez du, urte guztian, han ez bada hemen, izango da azokaren bat. Zazpi Euskal Herriek bat egin dezagun… eta euskarak hain baitezpadakoak dituen arnas(g)uneak kolorez, doinuz eta elez jantzi eta apaindu ditzaten euskara hutsezko literaturak, musikak eta sorkuntzek, bertan bizitzea goxo eta atsegingarri gerta dakion euskalduna den orori".
"Azokak janzten gaitu", oroitarazi dute prentsaurrekoan, alegia: "Jantzi, barru eta kanpo egin beharra dagoelako, arropa ez da nahikoa, janzteko". Janzterakoan bakoitzak ditu bere joerak, eta Doinuele sareko ekimenetan ere aurkituko du kulturzaleak bere gustuko saltsarik. Izan ere, sareko kide den ekimen bakoitza da besteekiko berezia. Badira euskarazko liburugintza bere zabalean hartzen duten ekimenak, bada baita ere literatura beltzari eskainia, bada emakumeen egiletzakoak diren liburuetan zentratua, bada haur eta gazteei zuzendutakorik...
Prentsaurrekoan, elkarrekin aurkeztu dituzte ekimen bakoitzaren aurtengo data zehatzak. Ekimen bakoitza herri batean sustraitua da, bertako eragileek antolatua. Horregatik, ekimen bakoitzak bere 2026ko data zehatzaren berri emateko, bandoa jo dute adar hots eta guzti, bakoitzak bere erara: "Bando, bando! Doinuelek esan do... Lazkaoko azoka abenduaren 11tik 13ra izango dela"; edo "Kasu, kasu! Doinuelek esan du..."; baita ere "Entzun, entzun! Zuei erantzun..."; eta "Bandua, bandua!...".
Irakurzale, hauek dira aurten gozatzeko aukera emango dizuten hitzorduak:
(H)ilbeltza, nobela beltzari buruzko astea abian da, Baztanen (Nafarroa): urtarrilaren 25era arte badira gozatzeko adina ekimen.
Literatura Plazara, Oiartzunen (Gipuzkoa). Martxoaren 9tik 21era. Haur eta gazte literaturako altxorrak.
Geure Gelatik, emakumeek idatzitako lanak Azkoitian (Gipuzkoa). Martxoaren 26tik 28ra.
Literaturia, Zarautzen (Gipuzkoa). Maiatzaren 29tik 31ra.
Ziburuko azoka (Lapurdi). Ekainaren 6an.
Hernaniko azoka (Gipuzkoa). Urriaren 3an.
Ikusi Mikusi, haur eta gazte literatura Saran (Lapurdi). Urriaren 9tik 10era.
Hitzen Lihoa, gai bat ardatz hartutako sormen lanak Oiartzunen (Gipuzkoa). Azaroaren 9tik 15era.
Lazkaoko azoka (Gipuzkoa). Abenduaren 11tik 13ra.
Horiek dira 2026ko Doinuele sareko ekimenak eta data zehatzak. Kideek adierazi dute Doinuele zabalik dagoela, beste ekimenen batek kide izan nahi badu: "Bidea elkarrekin egiteko, beso-zabalik hartuko zaituztegu".