Larruskainek urteak daramatza Jaizkibel konpainiarekin desfilatzen Hondarribiko Alardean. Gogotsu dago datorren irailaren 8rako, urtemuga "garrantzitsua" baita, aurten 30 urte beteko direlako lehen emakumeek alardean parte hartu zutela. Alardeak "pribatua" eta "baztertzailea" izaten jarraitzen badu ere, hondarribiarrak adierazi du herritarren artean iritziak aldatzen ari direla, eta gehiengoak "alarde herrikoia eta baketsua" nahi duela.
Hilabete eskas falta da Hondarribiko (Gipuzkoa) egun handirako. Irailaren 8an alardeak herriko kaleak beteko ditu. Aurten, gainera, urteurren garrantzitsua da Jaizkibel konpainiarentzat, 30 urte direlako lehen emakumeek alardean parte hartu zutenetik. Urtemugaren harira, konpainiak omenaldia egingo die lehen 26 emakume horiei, eta beste konpainietako koloreekin desfilatuko dute.
Izaskun Larruskainek (Hondarribia, 1966) hamarkadak daramatza Jaizkibel konpainiarekin desfilatzen. “Hasieran alardea ikustearekin nahikoa nuen, baina behin desfilatzen probatu nuen eta akabo, ordutik beti hartu dut parte”, gogoratu du irribarretsu hondarribiarrak. Gogotsu dago egun handirako, “urtemuga oso garrantzitsua” baita aurtengoa: “1996an 26 emakume alardean parte hartzera ausartu ziren eta denok ezagutzen dugun iskanbila sortu zen. Haiei esker gaude gu hemen, orduko hartan 26 ziren eta orain mila baino gehiago gara”.
26 emakumeei omenaldia egiteaz gain, Jaizkibelgo kideak nahi duten kolorez jantziko dira aurten. Azaldu duenez, konpainiak herriko auzoekin, familiekin edo bestelako arrazoiekin lotuta daude, eta hondarribiar bakoitzak atxikipen berezia dio bati eta ohorez janzten du konpainiaren jantzia. “Guztiok hori egitea ezinezkoa denez, Jaizkibel konpainia sortu zen, desfilatu nahi zuenak desfila zedin, baina konturatu gara gutako batzuek atxikimendu handiagoa diotela beste konpainiaren bati”. Horregatik, aurten aukera eman dute Jaizkibelen gustuko jantziarekin ateratzeko. “Helburua da ikusaraztea familia oso bat jantzi daitekeela jantziarekin eta aniztasuna horretan guztiok berdinak garela”.
Udalarekin harremana
Urteetan gatazka eta tentsio eguna izan da irailaren 8a Hondarribian, zenbaitzuk ez baitaude ados emakumeen parte hartzearekin. Duela bi urte arte, Jaizkibelek manifestazio gisa desfilatu du herriko kaleetan zehar, konpainia gisa aitortua izan den arte, hain zuzen. Aurten Berdintasun Planaren auziarengatik izan da ika-mika. Martxoan udalbatzan Udal II. Berdintasun Plana bozkatu zuten. Bertan jasotzen diren puntuetatik bi alardearen ingurukoak dira. “Bi puntuak aintzat hartzeak ekarriko luke aitortzea alardean berdintasuna ez dela betetzen eta neurriak hartu behar direla hori aldatzeko”, azaldu du Larruskainek. EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten, baina azkenean onartu egin zen.
"Orain arteko ustezko iritzi nagusitua [emakumeen parte hartzearen aurkakoa] jada ez da nagusi. Gu aspalditik geunden deseroso, baina orain beste batzuk ere ausartzen ari dira desadostasun hori plazaratzera”
Dena den, Jaizkibelgo kideak adierazi du azken urteetan aldatu egin dela udalarekin duten harremana, eta “egon badagoela”, gaur-gaurkoz: “Bilerak egiten ditugu alarde parekidea lortzeko. Agian gehiago ere egin litezke, baina berdintasuna ez dago udalaren esku bakarrik, gainerako erakundeek ere papera dute auzian”.
Iritzi aldaketa herritarren artean
Udalean ez ezik, herritarren artean ere tentsioa nabaritu du Larruskainek. Apirilean Guztion Alardeak sinadura bilketa egin zuen jakiteko zenbat emakumek parte hartu nahi duen alardean. 365 emakumeren sinadurak bildu zituzten; horietatik 101ek Jaizkibelen desfilatzen jarraitu nahi dute eta gainerakoek emakumeak onartzen ez dituzten konpainietan egin nahi dute. Sinadurak udalean aurkeztu zituzten eta ofizialki alardean parte hartzeko eskakizuna egin zuten. “Emaitzen arabera, batean izan ezik, gainerako konpainia guztietan emakumeek parte hartu nahi dute. Horrek asko mugitu du herrian, erakusten duelako, parte hartzeaz gain, bakoitzak bere konpainian egin nahi duela”. Nabarmentzekoa da ere, udalaren inkesta baten arabera, herritarren gehiengoa alarde parekide bakarraren alde dagoela.
Jaizkibelgo kidearen hitzetan, sinadura bilketak zeresana eman du, besteak beste, alarde baztertzailearen artean, iritzi kontrajarriak agertu direlako. Azken urteetan alardeak herriko sinbolo diren zenbait ikur aldatu ditu, hala nola bandera, eta Gernikako Arbolako ekitaldira joateari utzi dio, konpainia parekidearekin ez elkartzeko. Bada, alarde horretako kide batzuk aurka azaldu dira, sinboloak eta ibilbideak aldatzearen eta, laburrean, alarde baztertzailea hartzen ari den norabidearen aurka. “Orain arteko ustezko iritzi nagusitua [emakumeen parte hartzearen aurkakoa] jada ez da nagusi. Gu aspalditik geunden deseroso, baina orain beste batzuk ere ausartzen ari dira desadostasun hori plazaratzera”, esan du Larruskainek.
30 urte daramatzate “deseroso” Larruskainek eta Jaizkibelgo konpainiako kideek, 1996tik egoera aldatu bada ere, oraindik ere emakumeek ezin dutelako berdintasunez parte hartu. “Egun mila kide izatera iritsi gara Jaizkibelen, baina jakin badakigu gehiago direla emakumeen parte hartzearen aldekoak. Ez dute gurekin desfilatzen, euren konpainietan egin nahi dutelako, guztiz zilegi dena”, esan du. Argi du Larruskainek: “Herriaren gehiengoak alardea bakarra, herrikoia eta baketsua izatea nahi du. Denbora behar da horretarako, ez dakigu noiz gertatuko den, baina gertatuko da”.