argia.eus
INPRIMATU
Hasier Arraiz epaiaren zain, fiskaltzak eta defentsak akordioa lortu eta gero
  • EAEko Auzitegi Gorenak Hasier Arraizi buruzko epaia ematea besterik ez da falta 04/08 sumarioa burutzeko; bestela esanda, Segurako sarekadan atxilotutakoen kontrakoa auzia, burutzeko. Urtarrilean Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitutako 35 pertsonekin gertatu bezala, akordioa erdietsi dute fiskaltzak eta defentsak Sortuko presidente eta EH Bilduko legebiltzarkideari dagokionez ere, Berria egunkariak dioenez. Hain zuzen ere, hautetsia izateagatik epaitu dute Arraiz EAEn eta ez Madrilen.

ARGIA @argia 2016ko maiatzaren 10
Hasier Arraiz epai-aretoan.

Hitzartutakoa betez, egin zaizkion akusazio guztiak onartu ditu Arraizek –egotzi dizkioten ekintzetako batzuk egitea ezinezkoa dela azpimarratu arren, garai hartan preso baitzegoen–, eta ordainetan fiskaltzak hasierako zigor eskaerak murriztu ditu. Horrenbestez, eta beti ere epaitegiak akordioa ontzat ematen badu, Arraiz ez da espetxera joango.

AVT eta Dignidad y Justicia, akordioaren  aurka

Urtarrileko akordioarekin bat egin bazuten ere, oraingoan aurka azaldu dira AVT eta Dignidad y Justiciaren herri akusazioak, eta hasierako zigor eskaerei eutsi diete. Lehenbizikoek argudiatu dute Arraizek ardura handiko kargua izan zuela Batasunan –Arabako arduraduna– eta gainera luzez aritu zela karguan; horregatik, hamar urteko espetxealdia eskatu dute harentzat. Dignidad y Justiciak, berriz, urtarrileko eta oraingo egoerak desberdinak direla adierazi du.

Defentsaren abokatu Iñigo Iruinek gogorarazi du Hasier Arraiz urtarrilean Auzitegi Nazionalean hartutako akordioaren barnean egin zatekeela 04/08 sumarioko gainerako auzipetuak bezala han epaitu izan balute. Hortaz, inkoherentetzat jo du herri akusazioen jarrera.   

Epaiketa amaieran egindako adierazpenean, Arraizek esan du bizikidetzaren aldeko urrats bat egitearren onartu dituela bere gaineko salaketak, eta espero duela bere urratsaren ondotik beste batzuenak etortzea eta, besteak beste, espetxeetako ateak zabaltzea. Bizikidetza sustatzea denen zeregina dela gaineratu du.