G7

Hasi besterik ez da egin lur arraroen gatazka

  • Mineral kritikoetako gehienekin lantzen diren gailu eta baliabide asko erabilera bikoitzekoak, eginkizun zibil nahiz militarrekoak dira. Eta, dirudienez, egungo Txinak ez du saldu nahi, are gutxiago merke-zurrean, bera urkatzeko erabiliko litzatekeen soka.

Indiako Kanpo Harremanetarako Ministerioa

2026ko ekainaren 23an - 11:15
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Eviango (Frantzia) G7 goi-bilera gogoan izango omen da Trumpek bertan sinatu zuelako akordioa, hain zuzen, berak sututako gerra amatatu behar omen duen memorandum of understanding gorabeheratsua. Bada, goi-bilera horretan, Japoniako lehen ministroak, Takaichi andreak, asmo handi samarreko proposamena mahairatu zuen hitzetik hortzera dabiltzan lur arraroen inguruan. Estreinaldia zuen Takaichik G7an eta ez zen atzenduta geratu. Baina gainerako mahaikideek egin bide dioten jaramon epel samarra ikusita, susma dezakegu ez duela oso etorkizun arrakastatsua izango asmoak.

Funtsean, Takaichiren proposamena litzateke G7ko kide bakoitzak –eta “ikuskera bera duten herrialdeek”– mineral kritikoak deitzen dituen horien gordekinak metatuta eduki ditzatela, gutxienez hiruna hilabeteko kontsumoa ziurtatzeko. Betiere alor horretan Txinak duen nagusitasun erabatekoa (erauzketaren %60 eta prozesamenduaren %90 dago haren eskuetan) ituan dela; eta, ulertzen da, beharrean direnean, asmo-kideen artean partekatzeko.

Horrela esanda, zentzuzkoa lirudike: lankidetza, presio bidegabeei aurre egin ahal izateko. Gainera, Japoniak jada egina izango luke bidearen zati bat.

Baina horren agerian ez dagoena aztarrikatzen hasten bagara, bestelako bisaia du egitasmoak. Ez baita inondik ere alferrikakoa “ikuskera bera duten herrialdeei” egiten zaien diosala. Izan ere, herrialde bakarra da G7ko kideen artean mineral kritikoen ekoizle gailen samarra: Kanada. AEBek, ahala bai baina nahirik ez dute izan hartarako oraintsu arte, kanpoko ekoizpenetik –Kanadakotik, baina batez ere, Txinakotik– aise elikatu direlako. Gainerakoak, ez dira nor ezin dutelako.

Horregatik, Txina ez beste ekoizle guztiek (Australiak, Indonesiak, Txilek, Kongok, Hegoafrikak) egin beharko lituzkete “ekarpenak”, G7ko “anaia nagusiek” haien gordekinak kudea ditzaten. Edo, agian, Txinari berari ere eginarazi beharko litzaizkioke...

Asmoaren sustraian datzan aurreiritzia baita Txinak ez duela eskubiderik berak ezar ditzakeen salmenta-mugapenak ezartzeko. Txinari zenbait ahalbide-teknologiko ukatzeko balekoa den “segurtasunaren” arrazoibideak, antza, ez du alderantziz funtzionatu behar halako baliabideak gauzatzeko ezinbestekoak diren lehengaiak saltzerakoan. Ez da Pekineko agintarien iritzia, noski.

Mineral kritiko horietako gehienekin lantzen diren gailu eta baliabide asko erabilera bikoitzekoak, eginkizun zibil nahiz militarrekoak direlako. Eta, dirudienez, egungo Txinak ez du saldu nahi, are gutxiago merke-zurrean, bera urkatzeko erabiliko litzatekeen soka. Oraintxe bertako adibidea: hainbat enpresa estatubatuarri lehengai horiek saltzea debekatu du Pekinek. Eta oraindik ez dira hasi Iranen aurkako gerran xahutu diren armak ordezkatzeko beharko den wolframio/tungsteno piloa aintzat hartzen.

Japoniak badu eskarmentua joko horretan 2010eko hornidura-etenaz geroztik. Aholku lagunkoiak ere ez zaizkio falta, bestalde. Baina Takaichik egin duen militarizazio-apustua (argi dago nori begira) ari da jada espero zitekeen erantzuna jasotzen.

Ez da Eviango urarekin konponduko.


Irakurri gehiago: G7 Nazioartea Txina Asia Japonia
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...