Aldarrikapena eta ospakizuna uztartuta abiatu da 23. Korrika, ‘Harro Herri’ lelopean

  • ARGIA.eus webgunean ikusgai egongo da 24 orduko zuzeneko jarraipena. Unean uneko kronika eta elkarrizketak ere eskainiko ditugu, euskararen aldeko ekimen herrikoiak iraungo dituen 11 egunetan, Irundik Baionaraino. Azterketak Euskaraz ikasle, irakasle eta gurasoen kolektiboa omendu dute 23. Korrikan, baxoa eta brebeta euskaraz egiteko eskubidea izateko egiten ari diren borrokagatik.

AEK-ko eta furgonetako Korrikaren antolatzaileak prest, Irundik abiatzeko. / Argazkia: AEK.

2024ko martxoaren 14an - 09:57
Azken eguneraketa: 17:03
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ostegunean hartuko dute lekukoa Bidasoko AEK-ko irakasleek, 16:00etan, Irungo San Juan plazatik abiatuta, eta martxoaren 24 arte etenik gabe eskuz esku eta herriz herri ibiliko da euskara bultzatzeko kilometroak eginez. Baionan amaituko da Korrika, eta bertan irakurriko dute lekukoak daraman mezu ezkutua. Milaka euskaltzalek era batera edo bestera parte hartuko dute, eta ARGIAn jarraipena egingo diogu 11 egunez. Eduki guztia argia.eus-en egongo da ikusgai: 24 orduko zuzeneko jarraipena Hamaika Telebistaren bidez, AEKren argazkiak, elkarrizketak, eta Leire Artola kazetariaren zuzeneko kronikak ere bai.

Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak gogorarazi duenez, Harro Herri leloak adierazten du Korrika festarako ez ezik aldarrikapenerako ere badela, eta herritarrak animatu ditu parte hartzera. Martxoaren 14arako egun osoko egitaraua antolatu dute Irunen, Korrikaren hasieraren harira. Goizetik berotuko dute herria, 11:00etan hasiko da Korrika Gaztea eta 12:30ean bertso trikipoteoa. Artisau azoka ere jarriko dute, egun osoan. 15:30ean egingo dute hasiera ekitaldia, eta 16:00etan abiatuko dira korrikalariak. Korrikak aurrerantz jarraituko du, baina Irunen musikaz gozatzeko aukera eskainiko dute: Burrunba elektrotxaranga, Esne Beltza eta Bad Sound eta lagunak egongo dira.

Nondik igaroko da Korrika?

Euskal Herria igaroko du Korrikak, euskararen aldeko kontzientzia suspertzeko asmoz, eta milaka herritar boluntarioren bultzadaz. Mursegoren Harro Herri kantuaren doinuak iritsiko dira hamaika herri eta txokotara; egun hauetan pasako da hiriburuetatik: 15ean Maule eta Donibane Garazitik, 16an Iruñetik, 18an Gasteiztik, 21ean Bilbotik, 23an Donostiatik, eta 24an Baionan amaituko da, 12:00ak aldera. Korrikaren webgunean edo aplikazioan kontsultatu daiteke nondik igaroko den une bakoitzean. 2.700 kilometro egingo ditu, eta AEK-k oroitarazi du oraindik ere ezinbestekoa dela kilometro horiekin herritar zein eragile eta erakundeengandik jasotako ekarpen ekonomikoa, AEK-k bizirauteko eta herritarrak euskalduntzen jarraitzeko, besteak beste.

Azterketak Euskaraz egiteko aldarrikapena

23. Korrikak Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko du. Ipar Euskal Herriko ikasle, irakasle eta gurasoen kolektiboak baxoa eta brebeta euskaraz egitea eskatzen diete Frantziako Estatuari. Ane Elordi Korrikaren koordinatzaile nagusiak gazte horiek egindako hautua azpimarratu du: “Beren ikasketen une oso erabakigarrian, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egin dute, beren notak eta etorkizun akademikoa kaltetuak izango direla jakitun”. Azterketak Euskaraz kolektiboari urteko kanpainarik onenaren 2023ko Argia Saria eman genion. Borroka hori jaso du Lander Garrok Oihaletxea dokumentalean.


Irakurri gehiago: Korrika Euskara Euskalgintza
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.