Mediterraneo itsasoaren inguruan antzinatik datoz zezenei lotutako mitoak eta errituak. Gure artean ere, oso zaharrak dira animalia horrekiko lotura sinbolikoa erakusten duten elementuak ere. Azken urteetan ikerketa arkeologikoak izan duen garapenari esker, adibide gero eta gehiago ezagutzen ditugu. Ikus ditzagun batzuk.
San Ferminetan gauden honetan, zezenak (eta idiak) Euskal Herriko festa eta herri-kiroletan duen presentzia handiaz pentsatzen jarri naiz. Entzierro, errekorte, sokamutur, idi-proba eta halakoak nonahi ospatzen dira eta, benetako animaliei trago hori ez pasaraztea erabakitzen den tokietan ere, bizi-bizirik diraute zezen suzkoek, besteak beste. Baina nondik ote dator zezenarekiko tema hori?
Gauza jakina da Mediterraneo itsasoaren inguruan antzinatik datozela zezenei lotutako mitoak eta errituak. Zezenketen aurrekaritzat jo daitezkeen irudiak agertu dira, adibidez, Kretako Knossos jauregiko hormetan margotuta, noiz eta K.a. 1450. urte inguruan! Bertan neska-mutil gazteak ikus daitezke zezen baten inguruan jauzika, ausardia eta trebezia erakustaldi moduan, agian.
Baina, gure artean ere, oso zaharrak dira animalia horrekiko lotura sinbolikoa erakusten duten elementuak ere. Azken urteetan ikerketa arkeologikoak izan duen garapenari esker, adibide gero eta gehiago ezagutzen ditugu. Ikus ditzagun batzuk.
Gure artean ere, oso zaharrak dira animalia horrekiko lotura sinbolikoa erakusten duten elementuak ere. Azken urteetan ikerketa arkeologikoak izan duen garapenari esker, adibide gero eta gehiago ezagutzen ditugu
Jupiter eta Lacubegi: zezen beraren bi aurpegi?
Blanca Urgell filologo eta EHUko irakasleari zor diot lehen adibide honen berri eman izana. Uxue herritik gertu, Andre Maria Zuriaren ermitako hormetan txertatuta agertu ziren bi aldaretxo ditugu, III. edo IV. mendean eginak.
Halako objektuak oso ohikoak ziren erromatar munduan. Herritarrek jainkoren bati mesedea eskatzeko edo eskerrak emateko egindako eskaintzak ziren. Aurreko aldean inskripzio bat izaten zuten, batzuetan irudiz apaindua; goian, berriz, zulotxo bat izaten zuten, ardoa botatzea edota olioa erretzea bezalako errituak egiteko.
Uxueko aldareak oso antzekoak dira. 87 zentimetroko altuera eta 42 zentimetroko lodiera dute eta, albo bakoitzean, zezen irudi bana. Aurrealdeko inskripzioak ere antzekoak dira, latinez idatziak:
COELI TESPHORO ET FESTA ET TELESINUS IOVI SACRUM
eta
COELI TESPHOROS ET FESTA ET TELESINUS LACVBEGI EX VOTO
Hortaz, bi aldareek eskaintzaile berberak dauzkate: Kelio Telesforo, Festa eta Telesino izeneko hiru lagun, esklabuak izandakoak agian. Alde nagusia jainkoen izenetan dago. Lehena, Iovi, Iuppiter izenaren forma datiboa da latinez. Ez dago misteriorik hor; Erromako panteoiko jainko nagusia zen Jupiter, Zeus grekoaren baliokidea, eta hari eskaini zioten hiru lagunek lehen aldarea.
Bigarrena, aldiz, misteriotsuagoa da. Lacubegi izena inskripzio horretan baino ez da agertu, baina argi dago jainko bati dagokiola. Hortaz, adituek uste dute baskoien jainko bat izango zela eta, agian, euskaratik interpreta litekeela: 2025ean Berrian argitaratutako zutabe batean, laku+begi edo laku+behi formak proposatu zituen Urgellek, azken hori aldarean bertan irudikatuta agertzen diren zezenak kontutan hartuta noski.
Laku osagaiak badu bere mamia ―Uxuen bertan badira Laku eta Lakubeli izeneko bi paraje―, baina, hemen, balizko behi horri erreparatuko diogu. Izan ere, idia oso animalia garrantzitsua zen Jupiter jainkoari lotutako sinbolismoan; animalia horren forma hartu zuen jainkoak Europa bahitu nahi izan zuenean eta, festa zibiko handietan ere, animalia horren sakrifizioak eskaintzen zitzaizkion.
Galdera berez dator, bada: Kelio Telesforo, Festa eta Telesino libertoentzat jainko berbera ote ziren Jupiter eta Lacubegi? Hala balitz, erlijio baskoiaren eta erromatarraren arteko hibridazio edo sinkretismo fenomeno baten aurrean geundeke, erromanizazioak toki bakoitzean har zitzakeen forma ugarien lekuko.
Zezen-aldareak Zibeles jainkosaren omenez
Nafarroan bertan, Arellanon dugu beste adibide eder bat: Musen villa izeneko aztarnategi arkeologikoa, museo bihurtuta eta bisitagarri dagoena.
Erromatar inperioaren hasieran sortu zen, K.o. I. mendean, aldi berean nekazaritza ustiategi eta aristokrata lurjabe baten luxuzko etxebizitza funtzioak zituela. Hala ere, 275. urte inguruan villa osorik erre zen. Garai nahasia zen, erromatar inperioa krisi politiko-militar betean murgilduta zegoelako, eta hogeita hamar urtez lekua abandonatuta gelditu zen.
Ekialdetik iritsitako sinesmen misterikoa zen eta iniziatuek bakarrik zuten errituetan parte hartzeko aukera. Horien artean zegoen, hain zuzen ere, 'taurobolium' delakoa, hots, zezenak sakrifikatzea eta haien odoletan bainatzea
IV. mendean, aldiz, konplexua goitik behera berritu zuten, luxu handiko bizileku aristokratiko bilakatzeko. Garai horretakoak dira patioak eta aretoak apaintzen dituzten mosaikoak, tartean aztarnategiari izena ematen dion bederatzi musen mosaikoa. Baina badira beste batzuk, ezezagunagoak, garaiko erlijioaren berri ematen dutenak. Hala, jangela erdi-zirkular handi baten lurzoruan Zibeles jainkosaren eta Atis eunukuaren arteko ezkontza irudikatzen da; Ekialde Hurbiletik iritsitako pertsonaia mitologiko paganoak ziren, sinkretismo gero eta konplexuago baten lekukotza ematen dutenak.
Bizilekuen ondoan, apur bat banatuta, laukizuzen formako eraikin handi bat ere aurkitu zuten arkeologoek. 377,5 metro koadroko azalera du eta hiru aldetan portikoz inguratuta dago. Espazio horren erdian zezen-buruz apaindutako bi aldare agertu ziren, laukizuzen formako espazio txiki bat mugatuz. Inguru horretan suaren arrasto ugari agertu ziren ―ikatza, gorritutako buztina―, animalia hezur ugarirekin batera; gehienak, idienak. Gunea ikertu duen María Ángeles Mezquíriz arkeologoaren ustez, elementu horiek guztiak Zibeles edo Magna Mater («Ama Handia») jainkosaren kultuarekin erlaziona litezke; ekialdetik iritsitako sinesmen misterikoa zen eta iniziatuek bakarrik zuten errituetan parte hartzeko aukera. Horien artean zegoen, hain zuzen ere, taurobolium delakoa, hots, zezenak sakrifikatzea eta haien odoletan bainatzea.
IV. mendearen bukaeran, Teodosio enperadoreak kristautasuna izendatu zuen erlijio ofizial bakar gisa, eremu publikoan gainerako kultuen adierazpen oro debekatuz. Villa pribatu batean kokatuta egonik, erlijio paganoen iraupenean oinarritutako bizimodu aristokratiko klasikoaren azken adibideetakoa izan liteke Arellanokoa.
Taurobolioak nonahi?
Deigarrienak izanagatik ere, Uxuekoa eta Arellanokoa ez dira adibide bakanak Antzinateko baskoien eta haien bizilagunen artean. Uxuetik oso gertu, Sause herrian (Aragoi), adibidez, hiru adibide agertu dira, eskematiko samarrak, IV. eta V. mendeen artean datatuak.
Nerbioi ibaiaren inguruan dugu beste multzo interesgarri bat, bi adibidek osatua. Alde batetik, Elexazar izeneko aztarnategi arkeologikoan (Amurrio, Araba), Juanjo Hidalgo arkeologoak antzeko aldare bat indusi zuen 2011n, etxalde gisa interpretatutako eraikin batean. Gunea III. mendena abandonatu zutela kontutan hartuta, orain arteko adibiderik zaharrenetakoa litzateke.
Beste aldetik, 2018an Traslosheros auzoko hoditeria berritzen ari zirela (Artzentales, Bizkaia), zezen baten irudi eskematikoa zeukan aldare bat agertu zen. Neurri aldetik ere txikiagoa da: 69 cm garai, 32 cm zabal eta 36 cm sakon. Kasu honetan ez dago testuinguru arkeologiko argirik; baina, aurkikuntzaren garrantzia kontutan hartuta, oso litekeena da inguruan aztarnategiren bat egotea, oraindik ikertzeke.
Material horiek guztiak kontutan hartuta, pentsatzekoa da zezena sinbolismo handiko animalia izan zela Antzinateko baskoientzat. Zoritxarrez, ez dugu herri horren sinesmenen berri emango digun testurik eta erregistro arkeologikoa urria da momentuz. Baina, ongi pentsatuta, berri ona ere bada hori: arkeologoek lan handia dute oraindik egiteko, eta gai ezezagun baten inguruko ikerketari ekitea baino plazer handiagorik ez dago.