“Haragi-tamainako argazkia” edo “pertsona gortasun bat”: dozenaka akats Gasteizko Udaleko oposizioen euskarazko azterketetan

  • Argibide eta Kontrolerako agente lanposturako deialdian, euskarazko azterketan, 100 galderatatik 36tan akats bat edo gehiago zeuden. Beste zenbait deialdiren azterketetan ere akatsak zeudela adierazi diote ARGIAri lan eskaintza publikoan parte hartu duten zenbait herritarrek, eta ohikoa dela, oro har, akatsak topatzea lan deialdi publikoen euskarazko azterketetan. ARGIAren galderei erantzunda, udalak, akatsak onartu ditu. Gaztelania hutsean helarazitako mezuan, adierazi du akatsak ez zirela gertatu behar, baina nabarmendu du LEParen bolumen handiak horiek gertatzea ekarri dezakeela.


2026ko ekainaren 11n - 07:00
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Gasteizko Udaleko azken LEP lan eskaintza publikoak zeresana ematen jarraitzen du. Apirilean, azterketa egin baino hilabete lehenago, Funtzio Publikoko Sailaren mezua jaso zuten azterketak euskaraz egiteko izena eman zuten hautagai guztiek: udalak aukera ematen zien hautua aldatu eta etsamina gazteleraz egiteko, ikasmateriala gazteleraz zegoelako. Hori dela eta, salatu zuten Gasteizko Udalak “gonbidatu” egin zituela euskaldunak azterketa gaztelaniaz egitera, eta beren eskubideak urratu zituela. 

Hainbat euskaldunek, dena dela, azterketa euskaraz egiteko hautuari eutsi zioten. Hala egin dute, baina akats ugari aurkitu dituzte. ARGIAk eskuratutako informazioaren arabera, azterketa ugaritan daude ageriko akatsak, baina akats gehien eta larrienak Argibide eta Kontrolerako agente lanposturako azterketak izan zituen. ARGIAk Argibide eta Kontrolerako agente lanposturako test bidezko azterketa eskuratu du. 100 galdera-erantzunetatik 36tan daude akatsak, batzuetan bat baino gehiago, oso agerikoak, eta batzuk larriak, testuaren ulerkera bera zailtzeraino.

Azterketa egin zuten herritar batzuek ARGIAri adierazi diotenez, azterketa egiten ari ziren unean, antolakuntzako arduradunek azterketaren gaztelerazko bertsioa banatu zieten euskaraz egiten ari ziren kideei, azterlariek testua ondo ulertzen zutela ziurtatzeko.

Hemen aipaturiko akatsen adibide batzuk (koloreztatzeak ARGIArenak dira):

Gaztelaniazko azterketan: "Una fotografía tamaño carné"

 

Gaztelaniazko azterketan: "Reponer redes de porterias y canastas de baloncesto"

 

Gaztelaniazko azterketan: "Una persona sorda"

 

 

 

 

 

 

 

Gasteizko Udalaren erantzuna

ARGIA udalarekin harremanetan jarri da gertatutakoan inguruko bere azalpena jasotzeko. Euskaraz helarazitako galderak gaztelaniaz erantzun ditu administrazio publikoak.

“Itzulpena” ez zela “zuzena” izan onartu ostean, ondoko azalpena eman du Funtzio Publikoko Sailak: “Akatsak izan ziren eta ez zuten gertatu behar, gaztelaniazko enuntziatuetan ere akatsak antzeman ziren bezala. Testuingurua kokatzeko, kontuan izan behar da hainbat LEPetako deialdi-prozesu honetan 50 azterketa desberdin prestatu zirela, 12.000 enuntziatu baino gehiagorekin, zeinetatik zati bat euskarara itzuli zen. Bolumen horren aurrean, akatsak egitea gerta daiteke, kasu honetan bezala, baina zailtasun horiek azaltzeak ez du esan nahi akatsak justifikatzen direnik”.

Sailak azaldu du akatsen aurrean gaztelaniazko azterketa eskaini zitzaiola “kaltetutako pertsonari” (azterketa egin duten herritarrek ARGIAri azaldu diote azterlari guztiei eskaini zitzaiela aukera, kaltetuak guztiak baitziren), “kontrastatu zezan eta horrela proba egin zezala bermatzeko”.

Udalak adierazi du bere “asmoa” horrelako egoerak “gutxienera murriztea” dela, “ezaugarri honetako prozesuetan zero akatsa zaila den arren”. Saila lanean ari dela dio, “azterketek kalitate linguistiko handiagoa berma dezaten erredakzioan eta itzulpenean”. Horretarako, azaldu du, “hizkuntza berrikusteko aldez aurreko mekanismoak indartuko ditugu, eta koordinazio modu berriak aztertuko ditugu honen moduko etorkizuneko deialdi handietarako”.


2026ko uztailaren 6
Barra warroak
Urteten jakena

2026ko uztailaren 1
Enplegu Publikoaren Legea | Josu Aztiria, EH Bilduko legebiltzarkidea
“Orain, gutxienez, gure lege proposamena bizirik dago”

2026ko ekainaren 25
Enplegu Publikoaren Legea Eusko Legebiltzarrean
LAB: "Ez da hau momentuak eskatzen duen lege aldaketa"

2026ko ekainaren 25
Enplegu Publikoaren Legea Eusko Legebiltzarrean
EHE: "Legea ez da euskalgintzak aldarrikatutakora hurbildu ere egiten"

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...