Hantabirusa, Osasun Bakarraren beharra berriro agerian jarri duen birusa

  • Hantabirusak Bunyaviridae familiako birusak dira. Animalietan bizi dira, batez ere, karraskarietan, eta pertsonak infektatu ditzakete; hau da, zoonotikoak dira. Koreako Gerraren ondotik identifikatu ziren, agerraldiak izan baitziren, eta hango Hantan ibaitik datorkie izena.


2026ko maiatzaren 8an - 09:43
Rattus norvegicus Reg Mckenna /CC BY 2.0
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Animalietan, infekzio asintomatikoa eta iraunkorra sortzen dute. Karraskarien gorotzetatik eta gernutik askatutako tantaxka eta aerosoletatik kutsatzen da gizakietara, baita arramazken eta hozken bidez ere. Sintomak kutsatu eta 1-8 astera bitartean azaltzen dira.

Hantabirusak bi taldetan bereizten dira: Mundu Zaharrekoak (Asia eta Europa) eta Mundu Berrikoak (Amerika). Lehengoek giltzurrun-sindromedun sukar hemorragikoa eragiten dute, eta gaixoen % 1-15 hil egiten dira. Bigarrengoek birika-sindromea eragiten dute, eta hilgarriagoak dira, erdiak baino gehaigo hiltzen baitira.

Lehen sintomak beste gaitz askorenekin nahas daitezke. Hortaz, diagnostikoa odolean antigorputzak detektatzean edo PCRan datza. Bestalde, ez dago gaitzaren kontrako txertorik, ez berariazko tratamendurik; hortaz, sendabidea sintomak tratatzean oinarritzen da.

Berez, arraroa da hantabirusak pertsonatik pertsonara transmititzea, baina bada aldaera bat, Mundu Berriko taldeko Andes anduia, pertsonen artean kontaktu bidez kutsa daitekeena.

Berriki, Ushuaiatik (Argentina) abiatu zen gurutzaontzi batean agerraldi bat izan da, eta hiru hildako eta zenbait infektatu izan dira. Azkenean, Kanariar Uharteetan porturatuko da gurutzaontzia, eta bidaiari bakoitzari behar duten arreta emango zaio.

Agerraldiak saihesteko, prebentzioa da bidea: karraskarien gertutasuna eragoztea, garbitasuna, eskuen higienea…Horren gainetik, Osasunaren Mundu Erakundeak gogorarazi du Osasun Bakarra giltzarria dela, alegia, modu bateratuan zaintzea ingurunearen, animalien eta gizakien osasuna.


Irakurri gehiago: Osasuna Gizartea
Osasuna kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.