Manifestazio jendetsua eta 17 atxilotu Baionan, osteguneko greba orokorraren aurretik

  • Hirugarren asteburuz manifestazioa egin dute Baionan, eta Poliziaren esku-hartzea bortitza izan da beste behin. Bortizkeria horren aitzinean "karrika-medikuak" antolatu dituzte manifestariak artatzeko. Azaroak 5ean greba orokorrera deitu dute Frantziako Estatuan eta Ipar Euskal Herrian.


2026ko azaroaren 2a - 10:00
Azken eguneraketa: 12:29
Larunbateko manifestazioa geltokitik abiatzen, Baionan. Radio France - Léopold Picot
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

CGT, LAB, Unsa eta Solidaires sindikatuek deituta manifestazioa egin dute Baionan. Hirugarren asteburua izanki, jende kopurua pixka bat apaldu da: 3.000 pertsonatik gora, antolatzaileen arabera. Prefeturak Baionako hainbat karrika zeharkatzea debekatu zien manifestariei aldi honetan ere, Herriko Etxe, Suprefetura eta Komisaria inguruetan, batez ere. Ipar Euskal Herriko Hitza-n argitaratu dutenez, geltokitik abiatu zen manifestazioa, ibilbide ofizialari jarraiki, baina Espainiako karrika hartu eta Herriko Etxe aitzinera iritsi zen jendetza. Jende multzo bat dantzan hasi zen orduan, Poliziak ohikoak bihurtu diren negar-gasak bota zituen arte. San Izpirituko zubi inguruan istiluak sortu ziren horrela, eta hamazazpi pertsona atxilotu zituen Poliziak. 

Ostegunerako greba orokorrera deitu dute Frantziako Estatuko sindikatu nagusiek; CFDT, CGT, FO, UNSA, FSU tarteko. Bizitzaren garestitzea, Gobernuaren aurrekontu proiektua, ikasleriaren eskubideak, edota soldaten igoera dira aldarri nagusiak. Baionan geltoki aitzinean eman dute hitzordua, 14:00etan.

Larunbateko mobilizazioaren bezperan, prentsaurrekoa antolatu zuen CGT sindikatuak Baionan. Bertan, urriaren 24an Poliziak jipoitu, zauritu eta atxilotu zuen gazte baten lekukotasuna eman zuten, baita bere abokatu eta lekukoena ere. Gazteak azaldu duenez, Poliziak lurrera bota, jo eta arrastaka eraman zuen, hainbat zauri eraginez, tartean lepauztaiko lesio larria. Hamar eguneko lan geldialdia eman diote eta psikologo baten ikusteko hamabi saio.

Salatu dutenez, ez dituzte gaztearen eskubideak errespetatu atxiloaldian eta ospitalean: medikua eta abokatua ikusteko hainbat orduz itxaron zuen eta ospitalean esku-burdinak jarri zizkioten, adibidez. Gazteak salaketa jarri du gertatutakoa ikertzeko. CGT sindikatuak bere aldetik, gaineratu du kasu hau arazo sistemiko baten parte dela, eta indar errepresiboek Frantziako Estatu osoan beldurra eragiteko nahikeria dutela. 

Karrika-medikuak, zaurituen artatzeko

Poliziak zauritzen dituen manifestarien artatzeko, boluntario moduan jarduten duten karrika-medikuak antolatu dira Baionan. Larunbatean hamabi izan dira, eta oinarrizko arta eman diete manifestariei: negar-gasen eragina baretzeko suero fisiologikoa banatu, zauri arinak desinfektatu, ura eta azukrea eskaini... Behar izanez gero, larrialdiak deitu edota zauritua ospitalera eramaten dutela erran du medikuetarik batek. Naiz-ek medikuetako baten lekukotasuna jaso du: "Urriaren 24an 8 urteko neskato bat artatu behar izan nuen. Autobusaren zain zegoen eta negarra eragiteko gasak arnastu zituen. Suhiltzaileengana joan nintzen, orduan atxilotu ninduten eta gauza guztiak kendu zizkidaten".

Profil ezberdinetako pertsonak biltzen dira karrika-medikuetan, tartean erizain edo medikuak, baina ez bakarrik. Iniziatiba honen aitzinean, Prefeturak jarduera "debekatua" dela ohartarazi du, eta helburua "poliziakideek erabilitako baliabideen kontra" egitea dela. Medikuek adierazi dutenez, ordea, beraien lana "militantzia forma bat" da, egoeraren aitzinean beharrezkoa.

 


Utzi erantzuna

Iruzkinik ez

Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Kontsultatu Hemeroteka berria
1919tik gaur arteko aldizkari guztiak online
150.000 orrialdetik gora dira, euskaraz eta Euskal Herriari idatziak. Mende bat baino gehiagoz, Euskal Herriko historiaren lekuko eta euskal kazetaritzaren eragile izan da ARGIA. Ondare hori euskal komunitate osoaren zerbitzura jarri dugu lizentzia libreekin.