Gaza Administratzeko Batzorde Nazionalak hartuko du testigua, Trumpek Gazarako egindako planaren ondorioz sortutako organoa. Hala ere, 2023ko urriaren 7tik mila egun igaro diren honetan, palestinarren aurkako genozidioa bukatzetik urrun dago; alde batetik, Hamasek uko egin dio Israelgo Armada Gazatik atera arte desarmatzeari; eta, bertzetik, Israelek ez dio batzordeari lurraldean sartzen uzten.
Hamasek Gazako Gobernua desegin duela jakinarazi du, eta lekukoa emanen dio palestinarrek osatutako batzorde teknokrata bati. Zehazki, Gazako Gobernuaren Larrialdi Batzordea deiturikoa desegin da, Hamasek 2023ko urriaren 7ko erasoen ostean Gaza gobernatzeko sortutakoa. Ismail al-Thawabta Hamasen gobernuaren komunikazio bulegoko zuzendariak eman du berria, astelehen goizean, Deir al-Balah-n emandako prentsaurreko batean.
Gaza Administratzeko Batzorde Nazionalak hartuko du Gazako zerbitzu publikoak kudeatzeko lekukoa. 2025eko urriaren 10ean ezarri zuten ofizialki su etena Gazan, eta orduan sartu zen indarrean AEBetako presidente Donald Trumpek ondutako hogei puntuko bake akordioa. Planaren bigarren fasea joan den urtarrilean sartu zen indarrean, batzorde "apolitiko eta teknokrata" horren sorrerarekin. Palestinako eta nazioarteko adituek osatzen dute organo hori, eta, planaren hamargarren artikuluaren arabera, Trumpen Bake Batzordeak gainbegiratuko du.
Al-Thawabtak zehaztu du Gazako Barne Ministerioko “langile tekniko eta profesionalek” lanean jarraituko dutela batzorde berria lanean hasi arte, “segurtasun hutsunerik” gerta ez dadin. Muhammad Abdul Khaliq al-Farra Gazako Gobernuaren Larrialdi Batzordearen buruak, berriz, dimisioa eman du.
Plana, geldituta
Gazako Gobernurako bozetan Hamas nagusitu zen 2006an, eta 2007tik zerrendako administrazioa kontrolatzen du. Gobernua desegiteko erabakiak aldaketa politiko bat suposatzen duen arren, praktikan planak ia geldituta jarraitzen du.
Alde batetik, Hamasek uko egin dio armak zuzenean Israeli uzteari bitartekarien bermerik gabe. Hala ere, prest legoke Egiptoko hiriburuan azken hilabeteetan luzatu diren negoziazio horietan aukeratutako aktore palestinar edo ordezkari bati entregatzeko. Israelgo Atzerri ministro Gideon Saarrek, bere aldetik, nazioarteko komunitatea "engainatu" nahi izatea leporatu dio talde islamistari. “Hamasek gobernu teknokratiko bati lekua uzteko duen itxurazko prestutasuna bere armagabetzea saihesteko diseinatuta dago”, adierazi du sare sozialen bidez.
Bertze aldetik, Israelek ez dio Administrazio Batzordeari lurraldean sartzen uzten. Orain, gobernua deseginda, Hamasek bitartekari lanean ari diren herrialdeei eskatu die presio egiteko Israeli, bidea eman diezaion batzordeari. Palestinako Agintaritzako goi kargu ohi Ali Abdel Hamid Shaath da batzordeko buru, eta, sare sozialetan erran duenez, batzordea "erabat prestatuta dago bere funtzionamendurako beharrezkoak diren baldintzak eta neurriak eman bezain pronto erantzukizun nazionalak bere gain hartzeko”.
Genozidioak mila egun
Pasa den astean mila egun bete ziren Israelek palestinarren aurkako genozidioa gogortu zuenetik, Palestinako erresistentziak 2023ko urriaren 7an egindako erasoaren ostean. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 73.098 pertsona hil eta 173.571 zauritu ditu Israelek ordutik.
Gazako zerrendaren "%90 baino gehiago suntsitu" du Israelek, eta "setiatutako lurraldearen %80 kontrolpean" du, Al Jazeera hedabideak jaso duenez. Iazko urrian su etena indarrean sartu zenetik, berriz, Israelek Gazaren aurka egindako erasoetan gutxienez 1.072 pertsona hil dituzte, eta 3.463 zauritu.