Bikoiztu egin da Hendaiako atxikitze zentroko atxiloaldien iraupena azken hamar urteotan

  • Batezbesteko 33,1 eguneko da Hendaiako atxikitze zentroko atxiloaldien iraupena. 2025ean Hendaiako atxikitze zentrotik pasatako 287 pertsonen arten, 71 kanporatu zituzten  –96 izan ziren 2024an–. Aske utzitakoak, berriz, 160, hau da, %66,1. Atxiloaldien "banalizazioa" eta giza eskubideen "hauskortasuna" deitoratu ditu Cimade elkarteak.

Hendaiako atxikitze zentroaren kontrako elkarretaratze bat, Cimade elkarteak antolaturik. Jenofa Berhokoirigoin

2026ko maiatzaren 21ean - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Asteazken honetan aurkeztu du Hendaiako atxikitze zentroko 2025 urtearen balorapena Cimade elkarteak Baionan. 287 etorkin atxiki zituzten preso Lapurdiko atxikitze zentroan; eta 2024rekin alderatuta, gutiago izan badira ere –%8,3 gutiago–, gunea "sistematikoki beteta" dagoela deitoratu du migratzaileen eskubideen alde lanean dabilen elkarteak. Arrazoia sinplea da: atxiloaldi iraupena luzatu egin da. Batezbesteko 33,1 eguneko da gaur egun, eta duela hamar urtekoarekin konparatuta, bikoiztu egin da atxiloaldiaren iraupena.

Frantziako Estatuari dagokionez, duela berrogei urte ireki zituzten lehen atxikitze zentroak eta pertsona migratzaileen eskubideei dagokionez, sekula ikusi gabeko "egoera kezkagarrienean" daudela salatu dute prentsaurrekoan. Atxiloaldien "banalizazioa" eta giza eskubideen "hauskortasuna" deitoratu ditu elkarteak. Azken urteetan atxikitze zentroen funtzioa erabat aldatu dela ohartarazi dute: "Hasieran irteera antolatzeko guztiz justifikatutako azken errekurtso gisa pentsatuta zegoen atxiloketa administratiboa, baina orain askatasun-gabetze prebentiboaren logika baterantz lerratuta dago, segurtasun-atxiloketa baten forma harturik".

"Hendaian %24 gutxiago dira kanporaturiko pertsonak. (...) Zifrak potolotzeko logikari tiraka, atxiloaldien iraupena handitzeko joera dago, egoera irregularrean dauden atzerritarrak giltzapetzen direla erakusteko. Baina finean, berez kanporagarriak ez diren pertsonak giltzapetzen dabiltza eta, beraz, atxikitze zentroan oso denbora luzez atxikiarazten –hori euren osasun mentalaren kalterako–". Horrela laburbildu du Hendaiako atxikitze zentroko errealitatea Cimade elkarteko Clara-Lou Lagièrek, Ici Euskal Herria irratian.

Frantziako Estatuan gehieneko atxiloaldi iraupena 45etik 90 egunera luzatzeko aukera 2018az geroztik legala baldin bada ere, 2024az geroztik da nabaria atxiloaldiak luzatzeko joera. Hain zuzen, 2024ko urtarrilaren 26ko Immigrazio-Legeak atxiloketak luzatzeko baldintzak are gehiago malgutu zituen –eta bide beretik segitu zuen gobernuak, 2025eko abuztuaren 11ko legearekin ere–. Epaiketatik pasa gabe, atxiloaldiaren luzapena bideratu dezakete prefetak berak, inolako zailtasunik gabe, atxiloturikoa "ordena publikoarentzat mehatxu dela" erratea nahikoa zaiolako. Ondokoa zehazten du Cimadek: "Juridikoki ordena publikoaren kontzeptua aspalditik existitzen bada ere, ordena publikoarentzako mehatxuaren kontzeptuaren erabileraren deriba bat ikusten dugu, atzerriko pertsonei aplikatua. Kontzeptua ez du legeak definitzen, eta epaileen interpretazioak [etorkinen] kontrako joera izan dezake". Etorkinen "estigmatizazioa" salatzen du Cimadek, "arriskutsuak edota delinkuenteak liratekeen pertsona gisa" aurkeztuak direlako.

Kanporaketa gutiago

Alta, prozedura bukaturik, Hendaiako atxikitze-zentrotik pasatako 287 pertsonei begiratuta, kanporaturikoak 71 izan ziren iaz –96 ziren 2024an–. Aske utzitakoak, berriz, 160, hau da, %66,1. Kanporaketei dagokionez, "tratu ankerren eta iraingarrien arriskua" duten herrialdeetara bideraturiko kanporaketak salatu ditu Cimadek. Adibidez, bi sudandar, txadar bat, irandar bat eta bi haitiar bidali zituzten beraien sorterri gatazkatsuetara. Bestalde, atxiloturikoen herena aljeriarra da, besteak beste Frantziaren eta Aljeriaren arteko gatazkarengatik geldian delako kontsulatu-baimenen ematea.

2024ko urtarrilaren 26ko legearen eraginez, frantses herritarren ezkontideak baita frantziar haur eta 13 urte bete baino lehen iritsitako gazteen gurasoak ere ez daude gehiago babestuta kanporatzeen parean. Hori horrela, iazko urtean Hendaiako zentroan atxiki zituzten 1979az geroztik Frantziako Estatuan bizi ziren batzuk, edota hamar hilabete zituela 2000 urtean bertara etorritako bat.

 


MIgrazio-nekropolitikak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.