Donald Trump AEBetako presidenteak jakinarazi du berria. Israelek ontzat eman du su-etena, baina ez du armada Libano hegoaldetik erretiratuko. Hezbollahk adierazi du su-eten garaian Israelgo armadak Libanon ezin duela “askatasunez ibili”. Libanoko presidenteak esan du “gerraren hasieratik borrokatu direla su-etena lortzeko”.
Trumpek sare sozialen bidez jakinarazi du Libanok eta Israelek hamar eguneko su-etena hasi dutela, eta ondokoa idatzi du: “Bi liderrek hamar eguneko su-etena abiatzea adostu dute formalki, bi herrialdeen artean bakea lortzeko asmoz”. Trumpek adierazi du Libanoko presidente Joseph Aounekin eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahurekin elkarrizketak izan eta gero adostu dutela su-etena. Ostegun iluntzeko 23:00etan jarri da indarrean su-etena.
Su-etenaren jarraipena JD Vance lehendakariordeak, Marco Rubio estatu idazkariak eta Estatu Nagusiko buru Dan ‘Razin’ Caine-k egingo dutela iragarri du presidenteak. Trumpek gerra amaitutzat eman du: “Ohorea izan da munduan bederatzi gerra konpontzea, hau hamargarrena izango da, beraz, aurrera!”.
Israelgo presidenteak baieztatu du su-etena onartu duela eta adierazi du Libanorekin “bake akordio historikoa” lortzeko aukera dutela, Israelek Libanon “indar-oreka erabat aldatu” izanari esker. Eskakizun ezinbestekotzat jo du Hezbollah milizia xiita desegitea, eta iragarri du Libano hegoaldean, hamar bat kilometroko perimetroan, armadak hor jarraituko duela su-eten egunetan ere.
Hezbollah milizia xiitak azpimarratu du su-etenak Israelgo armadari ez liokeela baimendu behar Libanoko hegoaldean “askatasunez ibiltzea”. Datozen egunetan zer gertatzen den, horren arabera jokatuko duela adierazi du miliziak.
Libanoko lehen ministro Nawaf Salamek ontzat hartu du su-etena eta ezinbesteko eskaritzat jo du. “Gerraren lehen egunetik horren alde borroka egin dutela”, adierazi du.