AEBen eta Iranen arteko bake akordio hauskorren testuinguruan, eta indarrean dagoen su-eten bat izanagatik ere, Israel Libanoko jendartearen kontrako erasoak areagotzen ari da. Igandean hamalau lagun hil ditu gutxienez. Hezbollahk, erantzun gisa, Israelen posizio militarren aurkako erasoak egin ditu.
Hamalau lagun hil ditu gutxienez Israelek Libano hegoaldeko Nabatieh eskualdean. Igandean egin ditu aire erasoak Israelgo armadak, ebakuazio aginduak eman ondoren.Formalki su-etena indarrean badago ere, Israel eta Hezbollah-k elkarri eraso egiten segitzen dute.
Eraso horien ondoren, Hezbollahk Israelgo azpiegitura militarraren eta posizio militarren aurkako erasoak egin ditu. Hezbollahk soldadu israeldarrak jo ditu Libanoko lurretan dagoen Hego Gobernazioko Biyyadako etxe batean, tripulaziorik gabeko hegazkin batekin. Naim Qassem Hezbollahko idazkari nagusiak Libanoko Gobernuari eskatu dio "erresistentzia kriminalizatzeko hartu dituen erabakiak atzera botatzeko".
3.000 hildako baino gehiago martxotik
Obaida Hitto Al Jazeera-k Libanoko Tiro hirian duen berriemaileak jakitera eman duenez, "Israelen erasoak oso bortitzak dira, eta pertsona, etxe eta komunitate ugariz beteta dauden tokiak suntsitzen ari dira". Azaldu du, gainera, leku horietako asko ez daudela fronteko lerrotik gertu, eta Israelen erasoen “hedapen esanguratsua” ikusten ari garela.
NNA Libanoko Osasun Ministerioaren kalkuluen arabera, martxoaren hasieran Israelen eta Hezbollahen arteko gatazka hasi zenetik, Israelek Libanon egindako aire-erasoek 3.151 pertsona hil eta 9.571 zauritu dituzte.