Hamaika Telebistak uztailaren 1ean itxiko du Gasteizko egoitza

  • Hamaika Telebistak jakinarazi duenez uztailaren 1ean itxiko du Gasteizko egoitza, egoera ekonomikoak behartuta. Argitu dutenez, egoitzaren itxierak ez du Hamaika Telebistaren proiektuaren amaiera esan nahi, eta euskarazko ikus-entzunezko komunikazio-proiektu gisa lanean jarraitzek konpromisoa berretsi du euskarazko telebistak. Aldi berean, idazki batean, euskarazko hedabideek bizi duten erronka zailaren kontestuan jarri du Hamaikak egoitzaren itxiera.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2026ko ekainaren 29an - 06:59
Zure babesik gabe independentzia ezinezkoa zaigu

Hamaika Telebistako zuzendari Ainhoa Jauregik sinatutako agiri batek egoeraren larriaren berri eman du:

(...) Egoitzaren itxiera ez da gertakari isolatu bat. Azken urteotan hainbat euskal hedabidek jarduera murriztu behar izan dute edo desagertu egin dira, eta beste proiektu askok egoera ekonomiko zaila bizi dute. Hamaikaren kasua ez da salbuespena; euskarazko komunikazio-sistemak dituen ahulgune estrukturalen erakusgarri ere bada.

Komunikazioaren sektorea eraldaketa sakonean murgilduta dago. Kontsumo-ohiturak aldatu egin dira, plataforma digital berriak nagusitu dira, publizitatearen merkatuaren zati handi bat nazioarteko eragileen esku geratu da eta adimen artifizialaren iritsierak beste erronka batzuk gehitu dizkio sektoreari. Testuinguru horretan, euskarazko hedabideok etengabe berritu behar dugu, baina baliabide ekonomiko oso mugatuekin.

Horregatik, beharrezkoa da gogoratzea euskal hedabideen balioa ezin dela soilik irizpide ekonomikoen arabera neurtu. Euskal hedabideon errealitatea da finantzaketa gero eta zailagoa dela. Merkatu txiki batean jarduten dugu, publizitatearen zati gero eta handiagoa plataforma globaletara bideratzen da, eta euskarazko eduki profesionalak sortzeko behar diren baliabideak ez dira txikiagoak beste hizkuntza batzuetan baino. Horren ondorioz, ezin da euskarazko komunikazio-proiektu baten ekarpena bere errentagarritasun ekonomikoaren arabera bakarrik baloratu.

(...) Euskarazko komunikabideek, gainera, funtsezko ekarpena egiten diote hizkuntzaren normalizazioari. Euskararen erabilera-eremuak sortzen dituzte, hizkuntzari prestigioa ematen diote eta herritarrei informazioa, entretenimendua, kultura eta eztabaida publikoa euskaraz jasotzeko aukera eskaintzen diete. Hizkuntza bat ez da bizirik mantentzen hezkuntzaren bidez bakarrik; eguneroko erabilerarako espazioak ere behar ditu, eta hedabideok espazio horiek sortzen ditugu egunero.

(...) Egoera honek hausnarketa partekatua eskatzen du. Hedabideok berritzen eta eraldatzen jarraitu behar dugu, baina gizarteak eta erakunde publikoek ere hausnartu behar dute zer leku eman nahi dioten euskarazko komunikazioari etorkizunean. Euskararen etorkizuna eta euskarazko komunikazio-sistema sendo baten existentzia lotuta daude.

Gasteizko egoitzaren itxierak galdera bat uzten du mahai gainean: zenbateko garrantzia ematen diogu euskaraz informatzeko eta gure errealitatea euskaratik kontatzeko dugun gaitasunari? Galdera horri emango diogun erantzunak baldintzatuko du neurri handi batean etorkizuneko euskal hedabideen eta euskararen beraren osasuna.


Euskarazko hedabideak kanalean gehiago
2025eko urriaren 16
Berriketa gutxi
Risottoa

2025eko abuztuaren 20
Jaurlaritzaren publizitate banaketa
Hedabide erdaldunen zakua, gero eta gizenago

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...