NBEren ikerketa baten arabera, lehertu gabeko artilleria, substantzia kaltegarriak eta palestinarren gorpuak daude hondakin artean. 50.000 bonba baino gehiago bota ditu Israelek urritik, eta 40 milioi tona hondakin sortu dituzte.
Palestinar errefuxiatuentzako UNRWA agentziak egindako ikerketa batean ondorioztatu dute Gazako Zerrendan sortutako hondakinak jasotzeko hamabost urte beharko direla. Hondakinak biltzeko besterik ez, berreraikitzeko beharko litzatekeen denbora kontuan hartu gabe. UNRWAk astelehenean jakinarazi du, NBEren Ingurumen Programaren ikerketa bat aipatuta, 40 milioi tona hondakin mugitu beharko liratekeela.
Israelgo bonbardaketetan sortutako hondakinek heriotza mehatxua dakarte Gazako biztanleentzat, UNRWAren arabera, barruan “lehertu gabeko artilleria eta substantzia toxiko eta kaltegarriak” daudelako. Amianto ugari dago Gazako eraikinen hondarretan, Ingurumen agentziak ohartarazi duenez. Bestalde, milaka palestinarren gorpuak daude eraitsitako etxeen azpian, identifikatu eta hildakoen zerrenda ofizialetan sartu gabe daudenak oraindik.
Alderaketa egiteko, 2014an Gazan egindako oldarraldian, Israelgo bonbek sortutako 2.4 milioi tona hondakin jaso behar izan ziren ondorenera. Azken bederatzi hilabeteetan 40 milioi tona hondakineko estimazioa egin dute. Nazio Batuen Ingurumen Programaren kalkuluen arabera, 2008tik Gazan egondako bonbardaketa guztiak batuta baino hamahiru aldiz hondakin gehiago sortu da urrian abiatutako genozidioan. 50.000 bonba jaurti ditu Israelek, eta 2.000 eta 3.000 artean lehertu gabe daude, Gazan zehar barreiatuta.
Hondakinak jasotzeko lanek 500 milioi dolarreko kostua izango luketela ebatzi dute. Gaza berreraikitzeko kostua ere izugarria da. Estimazio batzuen arabera 40 eta 50 mila milioi dolar artean beharko lirateke, gutxienez. Gazako etxeak berreraikitzeak 2040. urtera arte iraun lezakeela ondorioztatu zuen NBEak maiatzean, azken bi hilabeteetako suntsiketa kontuan hartu gabe.
Genozidioaren datuak
38.713 pertsona hil ditu armada sionistak 285 egun daramatzan genozidioan. Egunero 136 palestinar hil dituzte Gazan, hondakinen artean harrapatuta dauden 10.000tik gora pertsona zenbatu gabe. 15.000 haur baino gehiago hil dituzte, eta 89.166 pertsona zauritu, azken datuen arabera. Gazako biztanleen %6a baino gehiago hil edo zauritu dute sionistek, gutxienez.
Zisjordanian 576 pertsona hil ditu gutxienez Israelek, 140 haur horien artean, eta 5.300dik gora zauritu. Gazako genozidioa baliatuta asko igo dute Zisjordanian eragiten duten presioa ere. Azken datuek diote 9.700 pertsona bahitu dituela Israelgo armadak ekialdeko lurralde okupatuetan, eta ehunka etxe eraitsi dituzte, palestinarrenak izate hutsagatik. Gainera, kolonia berriak ezartzea eta kolonoentzako 5.000 etxe berri baino gehiago eraikitzea onartu du Israelgo Gobernuak azken asteetan.
NBEren, Munduko Osasun Erakundearen eta Palestinako agintarien datuen arabera, Gazako azpiegitura eta oinarrizko zerbitzuak zeharo suntsituta gelditu dira, biztanleek bizitzeko behar dituzten gutxienekoak ezin bermatuta. Gazako etxeen erdia baino gehiago eraitsi dituzte sionisten bonbek, eta eskolen %88a. Merkataritza guneen %80a bonbardatu dute, eta erlijioarekin lotutako 267 kokapen suntsitu dituzte. Ospitaleen gehiengoa ere jo puntuan izan du Israelgo armadak, eta kale eta errepideen %65a suntsitua dago, erabili ezinda. Ur hornidurak ere gogor kolpatu dituzte, edateko eta garbiketarako ura eskuraezin utziz askotan. Berariaz egindako genozidioa dela salatu dute milaka eragilek mundu mailan, “Gazan bizitzea ezinezko bilakatu nahi dutenen obra”.