EH Bilduk eman du auziaren berri eta Eusko Jaurlaritzak onartu egin du gertaera. Bilboko Arangoiti auzoko osasun etxean gertatu dira horietako hamabi kasu, eta beste bostak Lasarte-Orian. EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkio Osasun Sailari Eusko Legebiltzarrean.
EH Bilduk bere webgunean zabaldu du albistea eta Adrian Llorente Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko epidemiologoak onartu du hala izan dela. Hala ere, Llorentek garrantzia kendu dio kasuari, eta azpimarratu du horrelakoak gertatzen direla noizean behin; kaltetuak berriz deituko dituztela, txerto egokiak jartzeko eta listo.
Koalizio soberanistak bere idazkian adierazi duenez, ezaguna da tenperatura faktore giltzarria dela txertoen segurtasunerako. Rebeka Ubera EH Bilduko parlamentariak jakinarazi duenez, osasun-etxeetan txertoak jarri eta gero ohartu ziren akatsaz.
Aurtengo urtarrilean, iraungitako txertoak jarri ziren hainbat zentrotan, eta hori ikertzeko Eusko Jaurlaritzaren Txertoen Ikerketa eta Trazabilitate Batzordeak egindako txostenaren arabera, hotz-katearen apurketak ekar dezake txertoen ahalmena azkarrago galtzea, edota bere balio osoa galtzea. Prozesu hori atzeraezina da eta ez da begi-bistan antzematen.
Uberak kritikatu du duela gutxi gertatu zela iraungitako txertoen afera, Osasun Sailak bere ondorioak atera zituela eta horregatik ez dela erraza ulertzen horrelako auzi bat berriz gertatzea. Horregatik guztiagatik, Eusko Legebiltzarrean Alberto Martínez Osasun sailburuaren agerraldia eskatuko du auziari buruzko azalpenak eman ditzan eta, besteak beste, argitzeko noiz, non eta nola gertatu diren txertatze horiek.