argia.eus
INPRIMATU
Haizearen Orraziko lazo horien pintaketekin zerikusirik ez duela esan du Gipuzkoako CDRak
  • Hiru lazo hori agertu dira margotuta Haizearen Orraziko eskulturetako batean. Donostiako Udalak azaldu duenez, "zorionez" erraz garbitu ahal izango dira.

ARGIA @argia 2019ko irailaren 05
(Argazkia: Hirutxuloko Hitza)

Kataluniako preso politikoen askatasuna eskatzeko ikur bilakatu diren lazo horiak margotu dituzte Eduardo Chillida eskultorearen obra nagusietako batean, Donostiako Haizearen Orrazian. Eneko Goia alkateak gogor gaitzetsi du ezezagunek pintada horiek egin izana eta "ulertezintzat" jo du. Eskultura multzoa Gizateriaren Ondare izatea eskatu diote Unescori berrikitan.

Udalak jakinarazi duenez, Eduardo Chillidaren eta Luis Peña Gantxegi arkitektoaren familiekin harremanetan jarri dira, lazoak nola kendu adosteko, baina "zorionez badirudi erraztasunez kentzeko moduan izango direla", adierazi dute. Udal teknikariak jadanik lanean ari dira.

Gipuzkoako CDRak (Kataluniako Errepublikaren Defentsarako Komitea) Twitter bideza ekintza horretatik at dagoela adierazi du eta azaldu du Kataluniako prozesuaren aldeko elkartasun keinu guztien alde dagoen arren, "hori ez da tokia" bere ustez.

Ez da lehen aldia Haizearen Orrazian pintaketak egiten dituztela. 2011n "Amnistia" hitz agertu zen idatzita eskulturetako batean eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak ikerketa abiatu zuen horren harira.

Lazo horien erabilera asko hedatu da Kataluniako 2017ko urriaren 1eko erreferenduma antolatzeagatik preso dituzten politikarien askatasuna eskatzeko. Hala, Kataluniako eta Europako beste hainbat monumentu esanguratsutan ere jarri dituzte aldarrikapen horri oihartzuna emateko.