“Haizagailua izateko debekua onartezina da, gure ziegak labeak dira eta beste espetxeetan baimenduta daude”

  • Arabako Zaballa espetxeko presoak iragan urtean hasi ziren haizagailuak izateko eskaerak egiten, beroaldietan ziegak “labe” bilakatzen direlako. Debekua ezarri du, ordea, espetxe zuzendaritzak, kartzeletan haizagailuak ohikoak diren arren. Ekaina amaierako muturreko beroaldi garaian erantzun zituen euskal preso politikoen talde batek ARGIAren galderak, ordutik hainbat egunez heldu dira tenperaturak 40 graduren bueltara. Elkarrizketa eskuratu eta argitaratu dugun egunean alerta laranja indarrean da Araban, eta 38 gradu neurtu dituzte espetxe ondoko Langraitz herrian. Uda hasi besterik ez da egin.

Irekia

2026ko uztailaren 13an - 07:37
Azken eguneraketa: 2026-07-28 12:19
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Hiru egun eman ditugu alerta gorrian, 40 gradu baino gehiagoko tenperaturekin kaleetan. Beroari dagokionez, zein da egoera Zaballako espetxean?

Kontuan hartu behar dugu, hormigoizko pareten artean itxita gaudela eguneko eta gaueko ordu askotan, eta hormigoiak egunean zehar egiten duen beroa gorde eta labe efektua eragiten duela ziegetan. Horren ondorioz, ziegetako egoera jasangaitza da, ihesbiderik gabeko labe moduko bat bilakatu dira. Horrez gain, ziegek plastikozko sabaia duten estaietara ematen dute beroa areagotuz.

Ikus Berria egunkariko Zientzia atalean 2026ko azaroaren 28an irakurri zitekeena: “Beroa etxeko hormetatik eta sabaitik sartu da, eta, eraikuntzako material batzuek energia xurgatzen dutenez, gero beroa irradiatzen dute barrura”.

Kalean hainbat neurri hartu dituzte instituzioek herritarren osasuna zaintzea helburu: haurreskolak lehenago itxi, jarduerak bertan behera utzi, beroari aurre egiteko gomendioak eman... Espetxe zuzendaritzak neurriren bat hartu du?

Beroaldiaren aurrean Eusko Jaurlaritzak hainbat neurri hartu ditu, hala nola, leku freskoetan egoteko aholkua, jaki arinak hartu edo gauza freskoak hartzea, babes klimatiko lekuak sortzea... Espetxeak ez du neurri horietako bat bera ere aplikatu, espetxe honetan bederen.

"Ezintasun handia sentitzen dugu, erabakia bere esku dutenei bost axola zaielako sufritzen ari garen egoera"

Badirudi neurri horiek guztiak gizarte osoarentzat aplikatu behar zirela, baina, beste behin ere, presoak gizartetik at utzi gaituzte, maltzurkeriaz. Justizia sailburu andereak esan zuen moduan, hau da euskal espetxe eredu berria.

Beroari aurre egiteko ziegetan haizagailuak izateko aukera eskatu duzue hainbat presok, eta maiatza amaieran publikoki salatu zenuten zuzendaritzak debekatu egin dituela. Zergatik?

Espetxe zuzendaritzak “no autorizado” (ez baimendua) soil batekin erantzun zion preso askok egindako eskaerari. Beste espetxe guztietan hain ohikoa den eskaera bati ezezko borobila jasotzeak, publikoki salatzera eraman gaitu ezinbestean. Ezintasun handia sentitzen dugu, erabakia bere esku dutenei bost axola zaielako sufritzen ari garen egoera hau.

Haizagailuak eskatuz preso batek egindako eskaria. Horiz nabarmenduta, espetxearen erantzuna: "Ez baimendua" ARGIA

Maiatzeko idatzian salatu zenuten espetxe gehienetan haizagailuak baimenduta daudela, eta zuei haizagailuak debekatu, baina espetxezainei aire girotua jarri dietela.

Basauriko espetxean haizagailua arazorik gabe eros daiteke, estatu espainiar eta estatu frantseseko espetxe gehienetan eros daitezke. Haizagailuak eros daitezke irratiak eros daitezkeen moduan. Kartzelarientzat aire egokitua jartzea adibide argia da, haizagailu edo haize egokituaren beharra dagoela egiaztatzeko.

Espetxetan osasun arazo fisiko eta mental larriak dituzten pertsona ugari dago, adinekoak ere. Nola ari dira bizitzen beroaldia?

Oso gaizki. Asteak daramazkigu esaten zerbait larria gerta zitekeela eta dagoeneko gertatu da. Espetxetik kalera atera eta ordu gutxira deshidratazio larri batekin ospitalizatua izan da pertsona bat. Ez dugu halako gertaerei itxaron beharrik ikusteko beroaldiak presoen aldartean ere ezinegona, nekea, antsietatea, tentsioa... sortzen dituela. Badirudi zerbait larriagoa gertatu behar dela espetxeak neurriren bat hartzeko.

Haizagailuak eskatzeko bestelako biderik erabili duzue edo erabiltzeko asmorik duzue?

Bai. Iaztik gabiltza gai honekin. Iaz zuzendaritzaren ezezkoa jaso ondoren, Eusko Jaurlaritzara jo genuen, arduradun nagusia den heinean, baina ez genuen erantzunik jaso eta Arartekoari idatzi zitzaion, honek bai erantzun zigun. Horrekin batera, Espainiako Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralean kexa jarri genuen eta epaileak ezezkoa eman zuen espetxearen txostenean oinarrituta.

"Kartzelarientzat haize egokitua jartzea adibide argia da, haizagailu edo haize egokituaren beharra dagoela egiaztatzeko"

Udaberri honetan, zuzendariari eskaera berria egin eta berriz ere ezezkoa jaso ondoren, beste kexa bat bideratu dugu bi epaitegitara, Madrileko Zentralera eta Bilboko Espetxe Zaintza Epaitegira. Espetxe honen eskuduntza duen Eusko Jaurlaritzari ere zuzendu gatzaizkio, haizagailuak erosteko eskaera eginez. Arartekoari, Babes Zibileko sailburuordeari, espetxearen zati baten gestioaren ardura duen Aukerak programari, Salhaketa elkarteari, Osakidetzako osasun prebentiboko arloari, hedabideen bidez iritzi publikoari, eta beste askori zuzendu gatzaizkio.

Nabarmendu nahi duzuen beste ezer?

Egiten ari garen eskaeraren aurrean haizagailua izateko debekua onartezina da, gure ziegak labe bilakatu direnean eta beste espetxeetan baimenduta daudenean inolako arazorik gabe.

Ekaina bukaeran gaudela kontuan hartuta, gure kezka da ez ote den, beste behin ere, erantzuna negurako iritsiko.


Espetxe baldintzak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...