Haitiko biztanle guztiek dakite kreolera eta ia denek erabiltzen dute egunerokoan. Frantziaren kolonia izanak hizkuntzan ere arrastoa utzi du, ordea: eliteek kreolera baztertu eta frantsesari eutsi nahi diote.
Irailaren 23tik 26ra bitartean izan da Bihar nazioarteko kongresua Euskal Herrian. Biziberritzen ari diren hizkuntza komunitate gutxituen kontakizunak izan dituzte hausnarketagai, eta horretarako, bertan izan dira mundu osoko adituak, hizkuntzaren aktibistak eta artistak. ARGIA Ernst Djeride Jean-Baptiste haitiarrarengana hurbildu da, haren esatekoak entzuteko. Haitin kreolera da hizkuntza erabiliena, nabarmen gainera, baina ez dago frantsesaren pare.
Haiti oso egoera sozial zailean dago, nola bizi da hizkuntzaren gaia?
Nik beti diot herrialdearen egoerak ez diola hizkuntzari eragiten, kreolera baita herritarron komunikaziorako motor nagusia. Komunikatzeko kreolera erabiltzen dugu. Bi hizkuntza ofizial ditugun arren –kreolera eta frantsesa–, biztanleon %100ak dakigun hizkuntza bakarra kreolera da. Bi hizkuntzak soilik biztanleen %5 edo %10ak menperatzen ditu. Beste modu batean esanda, %90ak kreolera baino ez du hitz egiten. Beraz, herrialdearen egoera sozioekonomikoak ez du eragiten hizkuntza erabileran.
Ze esparrutan erabiltzen da frantsesa?
Gehienbat erakunde formaletan, herrialdeko eliteak kontrolatzen baititu: gobernua, ekonomia, banketxeak, eskolak… Haitiko eskolen %70etik gora dira pribatuak. Urte luzeetan, espazio horietan frantsesa zen erabiltzen zen hizkuntza bakarra. 1987. urtean onartu zen kreolera hizkuntza ofizial gisa, frantsesaren ondoan. Orain bi dauzkagu.
Kreolerak ez du prestigiorik?
Guretzako bai. Gure hizkuntza da, guk sortu genuen. Haitiko iraultzaren tresna nagusia izan zen kreolera. Historia pixka bat kontatuko dizut. Haitiarrak Afrikatik gatoz. Frantziaren menpe geundenean, frantsesek Afrikako pertsonak erosten zituzten, esklabo bihurtu eta Haitira lan egitera eramateko. Frantsesek eta aparatu kolonial osoak uste zuten nahikoa hizkuntza afrikar zeudela gatibatuak elkarren artean komunikatzea eragozteko. Horregatik, Afrikako hainbat eskualdetako pertsonak eraman zituzten. Ideia zen, hizkuntza desberdinak hitz egitean, esklaboek ezingo zutela elkarrekin komunikatu eta, beraz, ezinezkoa izango zela iraultza bat antolatzea. Alabaina, Afrikako populazioen arteko hizkuntza-desberdintasunak ez ziren nahikoak izan haien arteko komunikazioa eragozteko. Gainera, kolono frantsesek eta beste talde batzuek ere parte hartu zuten kreolera sortzeko prozesuan.
Bereziki garrantzitsua da kreolerak hainbat eskualdetako afrikarren eta hainbat hizkuntzatako hiztunen arteko elkartasun-loturak sortzeko izan zuen zeregina. Hizkuntza partekatuaren garapenak komunikazioa erraztu zuen, eta elkarreraginerako, elkartasunerako eta erresistentziarako espazio komunak sortzen lagundu zuen. Era berean, kontuan izan behar dugu buduak, Haitin praktikatutako erlijioak, duen garrantzia elkartasun horren eraikuntzan. Bere dimentsio erlijiosoaz haratago, budua partekatutako espazio kultural eta soziala izan zen, jatorri afrikarreko pertsonen artean loturak sortzea ahalbidetu zuena eta nortasun, antolaketa eta erresistentzia forma kolektiboak indartzen lagundu zuena.
Gaur egun kreolera lingua franca da Haitin. Horrek ahalbidetu zuen iraultza eta independentzia. Beraz, bai, oso prestigiotsua da guretzako eta zaindu nahi dugu.
Antza denez, ez denek, ezta?
Kontua da etsaiak ditugula. Kolonizatzaileek, Haititik bota genituenean, hala ere presentzia izaten jarraitu nahi zuten, bai kulturalki eta bai ideologikoki. Hori hizkuntzaren bitartez egin zuten, eta kreoleraren kontrako desprestigio kanpaina handia abiarazi zuten. Gainera, kolonizatzaile ohiek Haiti bertako elitean konplizeak aurkitu dituzte kreolera baztertzeko, alegia, biztanleen %90a baztertzeko.
Lehian daude hizkuntzak?
Bai, hori da. Eliteak frantsesaren oinordetza erabili nahi du, beren buruak babestu, beraien artean elkartu besteei aurre egiteko, euren pribilegioez gozatzen jarraitzeko. Bitartean, gizartearen gehiengo zabalak bere hizkuntza eskubideak aldarrikatzen ditu. Hizkuntza talkak gizartean arrakala sortu du: eliteak frantsesa babestu nahi du, eta herriak behintzat bi hizkuntzatan funtzionatu nahi du.
Botere kontua da, beraz…
Hori da. Ez dugu hizkuntza biziberritzeko beharrik, denok hitz egiten dugu-eta. Hamabi milioitik gora gara. Gure lana hizkuntzari balioa ematean dago: hezkuntzan, gobernuan, ekonomian… espazio formal guztietan. Adibidez, aireportuan, iristen zarenean, kartelek ez dute soilik frantsesez egon behar, edo presidentearen diskurtsoak ezin du soilik frantsesez izan. Izan daiteke elebitan. Hori da gure borroka orain. Nik hezkuntzan dihardut, MIT-Haiti Initiative taldearekin, eta irakasleekin kalitate handiko hezkuntza-materiala kreoleraz sortzen kreoleraz ari gara.
Euskaratik jasotako irakaspen bat?
Bai, noski! Iritsi zarete euskara gizarteko eremu guztietan txertatzera!
Gomendio kultural bat kreoleraz?
Haitin konpa musika daukagu. Gomendatuko dizut Zafem taldearen Ati Sole abestia.