Gutxienez zortzi dira atxiloturiko pertsonak Iruñeko Txantrea auzoan, Berriozarren eta Antsoainen. Uztailaren 19an, sinbologia nazia zeramaten militarrekin istiluak izan ziren Berriozarren; horri lotuta hasi dute operazioa Guardia Zibilak eta Foruzaingoak.
Iruñerrian hainbat lagun atxilotu dituzte Guardia Zibilak eta Foruzaingoak, asteartean goizaldeko 6:00ak aldera hasitako operazio batean, Berriozarren uztailaren 19an Futboleko Munduko Kopako finalaren harira militarren talde batekin izandako istiluekin lotura dutelakoan.
Atxiloketak Iruñeko Txantrea auzoan, Berriozarren eta Antsoainen egin dituzte. Hainbat hedabidek azaldu dute gutxienez bost direla atxilotuak, beste batzuek, berriz, zortzi lagun izan daitezkeela zabaldu dute. Operazioak zabalik jarraitzen du, nolanahi ere.
Naiz-ek atxilotuen gertuko iturriak aipatuta azaldu duenez, gutxienez bi adingabe daude atxilotuta; horietako baten etxeko atea bota dute foru poliziek, eta atxilotuaren aita eskuburdinekin lotuta eduki dute, hedabide horren arabera.
Uztailaren 19an, Berriozarren aurpegia estalita zeramaten hainbat lagunek aurre egin zieten taberna batean Munduko Kopako finala ikusten ari zen militarren talde bati. Militar horietako batek Núcleo Nacional talde faxistaren sinbologia nazia zeraman aldean. Liskarrean hainbat pertsona izan ziren zaurituta eta Guardia Zibilak jakinarazi zuen ikerketa abiatuko zuela.
Berriozargo Udalak erasoa "arbuiatu" zuen, PSNk eta Zurekin Baik adostutako mozio baten bidez, eta EH Bilduren babesarekin. Mozioan, besteak beste, "bizikidetzaren" eta "giza eskubideen errespetuaren" alde egin zuen udalak.