Judimendi auzoko hainbat eragilek ohartarazi du Elige tu cama negozioa zabaldu berri dutela auzoan. Rent to rent estiloko enpresa da. Salatu dutenez, horrelako enpresek etxebizitzako gelak alokatzen dituzte, elkartzeko espazioak desagerrarazten dituzte eta kontrola sustatzen dute. Enpresa espekulatzaileen asmoa etxebizitza bakoitzari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzea eta auzotarrak pobretzen jarraitzea dela kritikatu dute. Eragileek “auzotik kanpo” nahi dute negozio mota hori.
Batutak (Judimendiko Elkartasun Sarea), Sumendik, Judimendiko Gazte Asanbladak eta Ernai Judimendik egin dute bat salaketarekin. Prentsa-oharrean azaldu dutenez, etxejabeen segurtasun ezaren eta etxeak okupatzeko arriskuaren “diskurtso oportunistak” erabiltzen dituzte, sare sozialak eta mezu sentsazionalistak baliatuz. Etxejabeei segurtasuna eskaintzen diete, eta haiek “trukean irabaziak lortzen dituzte”.
Eragileek enpresak etxebizitzen kudeaketaren arduradun egitearen ondorioak zerrendatu dituzte: gelakako kontratuak, klausula itogarriak, zorroztasuna ordainketen epeetan, fidantzen kudeaketa inpertsonala eta gehiegizkoa, legez kanpoko etxegabetze saiakerak, eta horien legitimitatea ohiko praktika bihurtzea.
Praktika horien ondorioz, alokairuen prezioak igotzen direla salatu dute eta etxebizitza eskuragarrien kopurua murriztu egiten dela.
Judimendi auzoan etxebizitzaren arazoa ez da berria. Eragileek aspalditik bizi duten egoera deskribatu dute: gazteak gurasoen etxetik atera ezinda dabiltza, alokairuen prezioak ordainezinak dira, alokatzerakoan pertsona arrazializatuek gero eta oztopo gehiago dituzte, etxebizitza erostea ia ezinezkoa da. Gogorarazi dute auzokideen bizitzak “gero eta prekarioagoak” direla eta halako negozioek “hori sustatu baino ez dutela egiten”. Gehitu dute ez dutela haien “miseria handituko duen negozio espekulatzailerik nahi” euren auzoan.